Rallyak familia osoaren gidari
Alustiza-Urbieta familiako Leire, Alaitz eta Iñigo rallyetan erabiltzen duten Ford Escort MK-II autoarekin Gabiriako etxean. // Argazkilaria: Aimar Maiz. Eskola zaharreko pilotua da Iñigo Alustiza Urkiola (Legazpi, 1974), euskal egutegian gaur egun daudenetatik beteranoenetakoa. Zaletasuna du, eta ez du ezkutatzen. «Hau utziz gero, ez nuke jakingo zer egin», aitortu du. Baina bizi-estilo bat eraiki du afizioaren inguruan, eta bizimodua horren baitan antolatu du. Baita familia ere. Leire Urbieta emaztea bikotekide denetik da Alustizaren bidaide eta kopilotu. Abenduan, Alaitz Alustiza Urbieta 12 urteko alabak egin zuen debuta, Kantabrian, Dani Sordo pilotuaren zirkuituko proba batean gonbidatuta. Abiada biziko familia da, eta ez dute geratzeko asmorik. Bihar Gabiria-Legazpi Rallyesprintean irtengo da Iñigo Alustiza, kasu honetan Erik Fuente kopilotu oñatiarrarekin.
Aztiriko harrobi zaharrean, 8 urterako hartu zuen bolantea Alustizak. Gurasoak rally zaleak zituen, eta Urbasako Igoera ikustera joan izana gogoan du, baita amak Auto Hebdo aldizkariak nola erosten zizkien ere. Legazpin, Patricio Etxeberriaren hondakindegi zaharrean trebatu ziren geroago Xabier, Iñigo eta Jon anaiak. «Desguazean kotxea 5.000 pezetan erosi, eta hantxe, txikitu, txikitu eta txikitu». 1980ko hamarkadan herrietan antolatzen ziren auto-krosak izan zituzten unibertsitate. Ziklo-krosaren modura, zelai bat hartu, zintekin zirkuitua itxi, eta lasterketa piratak egiten ziren, baita Goierrin ere.
Pentsaezina gaur egun, baita agian onartezina ere. «Karreren mundua jarraitzen genuen, bideo asko ikusten genituen Munduko Txapelketako gidari onek zer egiten zuten, eta zer ez, ikusteko». Eta zerbait ikasi zuten. Alustiza hiru anaiak Euskal Herriko rally txapeldun izanak dira –Xabier eta Jon elkarrekin ibili ziren hasieran–. Iñigok 2009an atera zuen txapela, Euskal Herrian WRC World Rallye Car mundialisten aro bete-betean; 2016an txapeldunorde geratu zen. Aita izan zuten mekanikari laguntzaile. Teknika bolantean bakarrik ez delako garrantzitsua, baita teknologian ere: «Autoaren prestakuntzak ere asko egiten du ikasteko eta gidatzeko erraztasuna lortzeko; ondo prestatzen den autoak ez dauka kalekoarekin zerikusirik, ezta kaleko onenarekin ere».
«Iñigo, irabazi, baina poliki e!» esaten zion amak. Gurasoen kezka ez baitzuen itotzen semeen afizio eta iaiotasun finenak ere.
Bikotea lasterketetan
Iñigo Alustiza 2001ean hasi zen rally ofizialetan lehiatzen, eta hasieratik Leire Urbieta bikotekidea izan zuen kopilotu. «Autoak gustuko banituen, baina afizio berezirik ez. Iñigo ezagutu nuenean 17 urte neuzkan, eta gidabaimena ateratzekotan nenbilen. Gure lehen karrera 2001ean izan zen, eta biok batera hasi ginen. Zerikusirik ez daukate oraingo segurtasun neurriek ordukoekin», gogoratu du Urbietak.
Laudioko (Araba) Malkuartu Rallyan izan zen bikotearen debuta –Iñigoren bigarrena, aurretik Gabirian irten zen Igor Izagirrerekin–. Erreka zuloan bukatu zuten, kolpe handi samarra hartuta. Agur autoari, baina ez ilusioari. Handik hurrena, Urrakiko Igoerarako iritsi ziren. «Beste auto bat hartu, eta 9 egunetan muntatu genuen dena: barrak jarri, barruko masillak eta break kendu, desmuntatu… Eta atera ginen hurrengo karreran, noski!», dio Alustizak. Gaur arte.
Euskal Herriko lasterketak begiak itxita ere ezagutzen dituzte dagoeneko. Gabiria-Legazpikoa, zer esanik ez. Beti betikoarekin aseta edo, Kantabriara joan izan dira asko Alustiza-Urbieta sendikoak. Mitikoak dira han, izen ona eta itzal bat badute rally munduan. «Kantabrian Iñigo leku guztietan ezagutzen dute», aitortu du Urbietak. Beren BMWak ere badu erru puska bat, zaleen begiak erakartzen dituelako oraindik. «Espainia guztian ezagutarazi gaitu auto honek», gehitu du Alustizak. Erresuma Batuan 1988an lehiaketarako propio egindakoa da. 36 unitate bakarrik egin zituzten, zenbakituta daude –20.a da Alustizarena–, eta «ikusgarria» da, baita entzungarria ere. «Gure gidatzeko modua ere jendeari gustatu zaio».
Pilotu fina da Alustiza. «Ikuskizuna ematera baino gehiago, azkar joan gara gu», dio Urbietak. WRC ahaltsuak menderatu zituzten BMW zaharrak eta gidatzeko modu berriketarik gabeak. Orain, adinean gora joan ahala, hanka azeleragailutik «bera bakarrik altxatzen» dela aitortu du. Irten artekoa da, ordea; lehiarako grina eta azkartasuna beti elikatzen dizkie zainetako gasolinak. 2022ko Gabiriako rallyesprintean bigarren egin zuen, Peugeot 208 R2 bizkorrarekin.
Alaba ere taldekide
Hain zuzen, familiako kide gazteenak, 12 urteko Alaitz alabak, abenduan egin zuen debuta proba ofizial batean. Aitarekin eta Kantabrian, non bestela. Baimen eta aseguru bereziak lortuta –16 urte da orain gutxieneko adina–, buzoa eta kaskoa jantzita, kopilotu ibili zen zirkuituan. «Gustura ibili nintzen. Beldurtu? Ez, konfiantza ematen dit aitak. Asteburu guztia ibili nintzen, bi egunetan». Amari ere ez zion lekua utzi. Endika Beloki bizkaitarrarekin, gaur egungo auto onenetakoa den Skoda R5ean ere hogei-bat itzuli egin zituen.
«Alabak nirekin ibili nahi zuen, eta nik berarekin», aitortu du Iñigo Alustizak. «Larunbateko saio libreetan lehor zegoen, eta igandeko karreran bustia. Karrerarako ez nuen asmorik alabarekin joateko, baina Alaitzek berak nahi zuela. Borrokan ibili ginen kotxearekin. Animoak ematen zizkidan alabak», oroitu du aitak.
Beti bizi izan du rally mundua Alaitz Alustizak. «Lehenengo karrera ikustera hilabete eta erdirekin eraman genuen. Jaio zenetik ikusi gaitu», kontatu du Leire amak. Bizimodu bat ondu duten seinale, karreratik harago iristen den giroa nabarmendu dute: «Karrerak ez dira autoan korritzea bakarrik. Lagun onak egin ditugu, gastronomia eta tokiak ezagutu ditu, asteburua familian pasatu… Gozatu egiten dugu, eta gozatzen dugun bitartean…», dio Alustizak.
Aurtengo planak badituzte. Lehena, bihar Gabiria-Legazpin, Ford Escort MK-IIarekin; 1978koa da, Irlandatik ekarria. «Auto hau ez da karrerak irabazteko». Familia-bizitza irabazten txapeldun da, ordea. ■
