Zaldien aldia
Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea

Dagoeneko irristaka doakigu urte berrionka hasitako 2026 hau. Beharbada lagunei Juan Kruz Igerabideren poema bidali zenien: «Penak elefanteak dira, eta bizkarrera igotzen zaizkizu. Pozak zaldiak dira, eta oinei eragiten diete. Amodioa inurriak dira, eta gorputz osora zabaltzen zaizkizu.» Eta, poemarekin batera, beharbada bake eta zorion opaka hasi zenuen urtea: «Urte berrian, elefante gutxi, eta zaldi eta inurri asko izan ditzazula».
Baina albisteak lazgarriak dira oraindik Ukrainan, ikaragarriak Gazan eta kezkagarriak Ameriketako Estatu Batuetan, eta iazko egonezin berbera eragiten dizu munduak aurten ere. Eta igaro ziren eguberriak, igaro ziren urtarrileko aldapako egun ilunak, igaro inauteriak, eta, konturatzerako, igarotzeko zorian daukagu otsaila bera, eta azkartasun horrek iazko sosegatu ezin berbera dakarkizu aurten ere. Eta orainaldiaren eta gertakarien zurrunbilo elefantetsuan ahaztua daukazu zaldien eta inurrien desira.
Udaberria kukuka eta eguna ttanttaka luzatzen ari zaigun honetan, Avelino Hernandez poetari irakurritakoa etorri zaizu gogora: «Ahate bat hiru urtez bizi da. Txakur bat hiru ahate adina. Zaldi bat hiru zakur adina. Eta ni, hiru zakur adina.» Antzekoa iruditzen zaizu Manuel Vicent idazle kuttunari irakurritakoa: nonbait, zaldi osasuntsu baten bizialdia hogeita hamar bat urtekoa da, eta adineko pertsona baten baitan hiru zaldi bizi dira, hogeita hamarna urtekoa bakoitza: lehenbizikoarekin ziztuan eta galapan zoaz, bigarrenarekin polikixeago zabiltza, trostan, eta hirugarrenarekin pausora zatoz, motelago inondik ere.
Amelie Nothomb idazle frantsesari irakurria diozu behin, uda batez, hondartza batean zelatu gabeko zaldian ibili zela eta, halako batean, itsasoan sartzea bururatu zitzaiola; esperientzia izugarria gertatu omen zitzaion, izan ere, zaldiak hondarra ukitzeari utzirik, bat-batean trostazko igerian jarraitu baitzuen, uretan hankei eragiten, eta Amelie zalduna, esan ezineko plazerarekin, zaldi gainean hegan sentitu zen.
Antzeko gonbita egin zigun Bitoriano Gandiaga poetak, Arantzazutik, luma zaldi bihurturik: «Egun onak bildu. Egunen artean onak aukeratuz joan alez ale. Begiak zoli erabili egun bakoitzari ongi begiratzeko. Egun bakoitzari bere balioa ematen ikasi. Egun bakoitzari bere alde ona bilatu. Egun bakoitza dohain berri bezala hartu ahalbide berriz zabaltzen den, zabalduz doan mirarizko jauregi edo paraje zoragarria bezala». ■
