Ataungo Santa Ageda eskea, aipamen zaharrenekoa
Euskal Herrian, Santa Ageda erronda-eskeari buruzko aipamen idatzi zaharrena Ataungoa da: 1702koa. Joan Arinek aurkitu eta argitaratu zuen datu hori, eta orain Itziar Navarro eta Leire Retegi ikertzaileak Santa Agedako kantu errondak izenburupean egiten ari diren ikerketa batean baieztatu dute lehenbiziko aipua dela. Dokumentazio bilketa eta sintesi bat egin dute bi ikertzaileek, eta ekainean bukatuko dute urtebeteko lana, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Datorren urtean, bildutako informaziotik abiatuta, herrietan landa-lana egiteko asmoa dute.
Gaur-gaurkoz, Ataunen bi harribitxi aurkitu dituzte: aurreneko berri dokumentala, eta Ataunen bakarrik bildu duten doinu bat.
Mende askotako tradizioa dute Santa Ageda koplek Ataunen. Orokorrean, ohitura Erdi Aroan hasitakoa dela diote testuetako hitzen zantzuek. Maximo Aierbe zenak 128 kopla atera zituen 2003an ateratako Ataungo kanta zaharrak liburuan, Joan Arinen, Isidro Baztarrikaren, Gillermo Etxeberriaren eta Pedro Agirreren bilketei esker. Kopla sorta aztertuta, arkaismoak edo antzinakotasun markak nabarmentzen dira: dukata, ezpata, zalduna, erregea… Dagoeneko kopla horiek ez dituzte erabiltzen, baina bai horien doinua.
Ergoenean, adibidez, 1966an galdu zen santa eskean ibiltzeko usadioa, Aierbek idatzi zuenez. Aiarrak ospe handiko koplariak ziren herrian, eta bat-batean kopla berriak ere sortzen zituzten. Etxe baten atarira joandakoan, familiako kide guztiak koplatzen zituzten, usadioak aginduari jarraituta: nagusiarengandik hasi eta txikienarekin amaitu, banan-banan.
Kantu-eskean ibiltzea debekatu
Joan Arinek bildutako aipu historikoak zuzeneko erreferentzia egiten dio Santa Ageda eskeari. Ekintza hori debekatzeko agindu bat da 1702ko lehen albiste hori, izatez. «Udalerriak Santa Agedan eta ezkontza garaian edozein pertsonari eskean ibiltzera eta kantatzera irtetea debekatu zien 1702. urtean, aldiko 1.000 marabediko isunarekin eta hamabost eguneko kartzelarekin, eta horrez gain agindu honekiko obedientzia faltagatik ekingo zaie», dio aipamenak.
Ez du argitzen kantu-eskean ibiltzeko debekuaren arrazoiak zein ziren. 1702an, Gaztelako erresuma Suzesio Gerra betean zegoen. Gastu eta behar gorrien garaia izaki, horregatik ote zegoen etxerik etxe eskean ibiltzea debekatuta?
Ataungo aipu horren ondoren, Oñatin, Bermeon eta beste leku batzuetan ere aurkitu dituzte Santa Ageda eskeari buruz hurrengo aipamenak Navarrok eta Retegik, baina XVIII. mendean aurreratuak jada. Horiek liskarrekin eta mutil gazteen edo eskelarien artean sortutako ika-mikekin lotutako auzibideetan ageri dira, batzuek besteen erronda-eremua errespetatzen ez zutelako makilakadaka bukatuta.

