Bailarako bi zerbitzu, kokapen bakarrean
Hiru hamarkada pasako ibilbidea du batak, bi urte egin ditu azaroan besteak, eta urtarrilaren 19az geroztik bi bulegoen arreta zerbitzua modu bateratuan ari da lanean. Goiekik, Goierriko Garapen Agentziak, kudeatuko ditu bi zerbitzuok aurrerantzean –Energia bulegoa eta Kontsumitzaileen Bulegoa–, eta Sara Irastortza izango da bietan ariko den teknikaria. Bi zerbitzuok egutegi eta kokapen berean eskainiko dituzte, goierritarrei «arreta eraginkorragoa eta antolatuagoa» emateko helburuarekin.
Herritarrei «zerbitzuak gerturatu eta errazteko» hartu du Goiekik bi bulegoak bateratzeko erabakia. «Orain arte ere kokapen berean eskaini dute zerbitzua, baina ordutegia ezberdina zen, eta horrek kontsumitzailearengan nahasmena sor zezakeen». Energia bulegoaren egutegia moldatu beharra ekarri du horrek, eta Kontsumitzaileen Bulegoak erabiltzen zuena mantendu da –ikus ondoko taula–. Beasainen eta Ordizian astean bitan emango du arreta Irastortzak, Lazkaon astean behin, eta Goiekin astelehenetik ostegunera arratsaldez –udan izan ezik–. Bi zerbitzuetan arreta zuzena eta doakoa da.
Modu naturalean uztartuta
Irastortzak adierazi duenez, kontsumitzaileen bulegoak eman duen zerbitzua «oso barneratuta» dute herritarrek, eta asko dira erabiltzaileak. Energia bulegora ere gero eta jende gehiagok jotzen du: «Bi bulegoek zenbait gaitan bat egiten dutela ohartu ginen, eta bulego batetik bestera bideratzen genituen. Horregatik, bi zerbitzuak egutegi eta leku berean eskaintzeak zentzu handia hartu du».
Kontsumo bulegoan energia hornidurarekin lotutako kontsulta ugari jasotzen dituzte, eta halakoetan, energia bulegoak eskaintzen dituen zerbitzuen berri ematen die teknikariak. «Beste kasu batzuetan, aldiz, Energia bulegotik erreklamazio bat jartzeko bidea zabaltzen da. Ikusten da bi zerbitzuak modu natural batean uztartzen direla».
Hilabete pasa darama bi zerbitzuak eskaintzen, eta «eguneroko erronka» dela dio. «Pertsona bakoitzaren kasua eta dituen zalantzak, kezkak eta erreklamazioak oso ezberdinak dira. Herritarrei entzun egin behar zaie, eta modu egokian jardun». Honakoa ere nabarmendu nahi izan du: «Egunero gauza berriak ikasten ditut, eta gainera, modu arduratsuagoan kontsumitzen ere ikasten ari naiz».
Baterako edo besterako, hitzordua hartzea derrigorrezkoa da, kontsultari dagokion denbora eskaintzeko eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko. «Hitzordua eskatzerakoan zergatia labur azaltzea lagungarria da, zenbait jarraibide eman ahal izateko eta eskaini beharreko denbora estimatzeko».
Kontsulta eta kexa ohikoenak
Energia bulegoaren kasuan, argindar eta gas fakturen ingurukoak izan dira kontsulta gehienak (%62), bonu sozialari lotutakoak %36 dira, eta %2 energia berriztagarriei eta energia komunitateei buruzkoak. Kontsulten gehiengoa aurrez aurrekoa izan da (%83), eta zerbitzua gehien erabili duen adin tartea 35-64 urte bitartekoena izan da. Kontsumitzaileen bulegoan, erreklamazio gehien telekomunikazioen sektoreak eragin ditu, eta ibilgailuen sektoreak hurrena –batez ere bigarren eskukoenak–. Irastortzak kontratu edo erosketa baldintzei erreparatzeko aholkatu du: «Ziur ez bazaude, ez ezazu urduritasunagatik onartu».
BULEGOEN ORDUTEGIAK
Telefonoa. 843 739 988
E-posta. kontsumoa@goierri.eus
E-posta. energia.goieki@goierri.eus
Hitzordua. Hartzea derrigorrezkoa da.
- Ordizia. Astelehena eta asteazkena. Udaletxeko arreta bulegoa (10:00-14:00)
- Beasain. Asteartea eta ostirala. Martina Maiz, 3 (10:00-14:00)
- Lazkao. Osteguna. Udaletxea (10:00-14:00)
- Goieki. Astelehenetik ostegunera. Arranomendia, 5. (15:00-17:00). Udako ordutegian izan ezik –Ekainak 22/Irailak 11–.
GOIERRIKO ENERGIA BULEGOA. ZERTARAKO?
1. Fakturak. Argindar eta gas fakturak ulertzen, aztertzen eta optimizatzen laguntzeko.
2. Laguntza. Tramiteen kudeaketan laguntzeko: kontratu aldaketa eta potentzia aldaketa.
3. Informazioa. Bonu sozialaren eta diru-laguntzen inguruko informazioa jasotzeko.
4. Aholkularitza. Energia aurrezteko aholkuak emateko.
GOIERRIKO KONTSUMITZAILEEN BULEGOA. ZERTARAKO?
1. Eskubideak. Hiritarrek, ondasunak erosterakoan eta zerbitzuak erabiltzerakoan, kontsumitzaile eta erabiltzaile modura dituzten eskubideak nola babestu behar dituzten azaltzeko.
2. Kexak eta erreklamazioak. Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek dituzten kexak eta erreklamazioak jasotzeko, eta dagokien entitate eta erakundeetara bideratzeko.
