'Goiberri'-ko irakurleok ere, greba!
Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Martxoaren 17rako euskal gehiengo sindikalak greba orokorra deitu du, lanbide arteko gutxieneko soldata duinaren alde. Bertako behar sozioekonomikoei erantzungo dien, inor bazterrean utziko ez duen ordainsariaren alde. Eta guk, kooperatibistok, zergatik egin behar dugu greba? Edo gu, 1.500 eurotik gora kobratzen dugunok, zergatik batu grebara? Edo zuek, irakurle erretiratuek, zergatik egin beharko zenukete bat mobilizazioekin?
Galdera horiei erantzuteko, ezinbestean geure burbuiletatik kanpo begiratu, sentitu, arnasa hartu, eta gizarte mailako erronkei erreparatu behar diegu. Sistemari buruz ari garelako, ez norberaren egoerari buruz. Krisi ekosozial betean, nabarmena da etsipenak sortutako haserre kolektiboa nor ari den kapitalizatzen: eskuin muturra, bere forma guztietan. Historikoki erabilitako gezur berberekin, ustez sistema iraultzera datozela esan, baina sistema are bidegabeagora kondenatu nahi gaituzte. Zuek, gu, eta, bereziki, sisteman zaurgarri mantentzen ditugun horiek. Ertzetakoak. Desesperazioak jota ihesean etorri zaizkigunak. Miseriara eta esklabotzara kondenatu nahi dituztenak.
Martxoaren 17ko greba orokorra da eskuin muturrari, miseriari, biolentziari, zapalkuntzari, arrazakeriari, kapitalismo basatiari egin diezaiokegun planto handiena. Ezetz, ez gaudela prest zapalduak are gehiago zapaldu nahi dituen sistema onartzeko. Duintasuna merezi dugu, gure esparru propioa aldarrikatuz eta kapitalaren botere nahiari iskin eginez. Eta hau guztia, ezkerretik, elkartasunetik, kolektibotasunetik, langile antolaketatik, ahalduntzetik, feminismotik, antikapitalismotik, euskalgintzatik, herrigintzatik, kooperatibismotik… deitu nahi duzuen moduan. Baina gizarte justua eta bidezkoa desio dugunok makinak geldiarazteko betebeharra dugu.
