Kultur programazioaz
Argia astekariak argitaratzen duen Larrun gehigarrian irakurritakoak partekatzea otu zait aste honetan egin dezakedan ekarpenik baliotsuena:
«Kultur programazio ona da gizartearen beharrei erantzuten diona, norabide eta ikuspegi bat duena, helburu batzuk, eta betiere herritarrekin eta komunitatearekin sortzen dena».
«Publikoak diren kultur kudeatzaile geroz eta gehiago ari dira arlo pribatukoen mentalitatearekin lanean, audientziei-eta begira. Erakunde publiko baten helburuak ezin du izan pribatu baten berdina. Ardura soziala duelako, eta ardura sozialaren ikuspegian sartzen da hizkuntzaren kontua».
«Herriko etxe batek ez du herriko kultur elkarteen lana ordezkatu behar. Gu hor gara laguntzeko (…) Elkarlana da gakoa. Elkarlanari esker, dinamika bat sortzen da herrian».
«Joan zaitezke beste herri batera, eta bakoitzak bere jarduteko modua duela ikusiko duzu. Arazorik potoloena da ez dugula kultur plan zehatzik eta bateraturik».
«Nik entzun nahi dut zure herrian, programatzaile gisa, zer den egiten duzuna eta zer den lortu nahi duzuna. Sortzaile gisa jakin behar dut zer bilatzen ari zaren, nola ikusten duzun zure herria, eta publikoa nola erakarri nahi duzun».
«Geroz eta gehiago, kultur ekitaldiak programatzen dituzte kulturakoak ez diren sailek. Turismo sailetatik, adibidez. Edo ‘festak’ esaten zaion horretatik»
«Mezu bat zabaldu behar zaio jendeari: ‘Aizue, Miñan ikustera guay, edo Zetak ikustera ere guay, baina horrekin bakarrik zulora goaz’. (…) Berriz hauspotu behar da kontzientzia hori».
«Kultur politika nazional eta integral bat behar dugu, eta horrek eskatzen du programazio politika nazional bat ere bai, esango duena zer programatu behar den herri bakoitzeko programazioaren ehuneko handi batean».
«Hamar lagun etorri direla antzokira? Hurrengoan izango dira hamabi. Eta hurrengoan hamalau. Ohitura eta konfiantza eduki behar dugu gure kulturan eta gure herrira begira lan egin».

