«Aita beti izan da erreferentzia, eta motibazioa ere bai»
Bada Ordizian ibilketari lotutako familia bat: Caballerotarrena. Jose Manuel Caballero Txato izan zen hasten lehena; Txindoki atletismo taldean entrenatzaile aritu zen. Ondoren, haren semeak aritu ziren, lehiatzen: Jon Ander eta Eneko. Eta egun azken belaunaldiak jarraitzen du legatuarekin: Hodei Caballerok, Jon Anderren semeak. Iaz denboraldi bikaina egin zuen Hodeik, eta Europako Txapelketara joateko urrats batera geratu zen. Aurtengoari ere gogor ekin dio; otsailean Espainiako Txapelketa absolutuan maratoian 4. postua lortzeaz gain, Euskadiko errekorra ezarri du 3:16:33 denborarekin.
Denboraldiko lehen helburua bete duzu?
Aurten distantziak aldatu zaizkit, 20 kilometrokoa maratoi erdira pasatu da, eta 25 kilometrokoa maratoira. Helburuetako bat zen denboraldiaren lehen zatia maratoian egitea. Munduko Txapelketara joateko hamar plaza zeuden; bost plaza maratoi erdian eta beste bost maratoian. Aurkariak ikusita, maratoia aukeratu genuen. Oso kontentu nago postuarekin, baina pena da munduko txapelketarako gutxienekoarena. 3 ordu eta 14 minutu ziren, 30. kilometrora arte karreran erritmo horretan nindoan, baina kalanbreak hasi eta ihes egin zigun. Agian maratoi erdian saiatuko gara gutxienekoa egiten, entrenatzailearekin erabaki beharko dugu. Maratoi erdian maila oso altuko jende asko dago, eta zailago ikusten dugu. Mundukorako ekipoa martxoaren 10ean aterako da, eta txapelketa Brasilen izango da apirilaren 12an.
Apustu bat izan da? Orain arte 20 kilometrokoa egin duzu, eta maratoi erdian ez litzateke distantzia aldaketa horren handia izango.
Bai. Lehenengo maratoia errespetu handiarekin egin dut. Tirada luzetan gehienez 30-33 kilometro egin ditugu, bizpahiru aldiz. Bagenekien asko entrenatuta geundela, baina beti izaten duzu galdera hori buruan, ea aguantatuko duzun 42 kilometro horietan. Baina oso gustura nago.
Zure entrenatzailea, Maria Perez ibilketa atleta olinpikoarena ere bada.
Duela bost urte joan nintzen Granadara entrenatzera, eta nire entrenatzailea Jacinto Garzon da. Haiekin entrenatzea pribilegioa eta hobekuntza handia da. Ordizian bakarrik entrenatzea edo, aldiz, han talde batekin entrenatzea… Horrek asko laguntzen du.
Granadan errendimendu altuko zentro batean zaude.
Pisu batean bizi naiz pisu kideekin, nirekin lehiatzen direnak eta lagunak direnak. Eta han daukagu pista, entrenatzailea, fisioa ere bai… Baina zentroa Sierra Nevadan dago, eta hara denboraldi osoan bizpahiru aldiz igotzen gara kontzentrazioak egitera. 2.300 metroko altueran dago eta ez gara han bizi. Uztartzen joaten gara.
Ibilketa ez da ohikoa Ordizian, ezta inguruan ere. Erreferentziak familia kideak izan dituzu?
Granadan, adibidez, erakusten dute ibilketa, edo ohikoagoa da. Baina Ordizian ez da ematen, ikastolan ez genuen lantzen; atletismoa bai, baina ibilketa ez nuen ikusi. Nik krosak egiten nituen, fondoa Txindokirekin, eta gero futbola. Aitak eraman ninduen pistara, eta han entrenatzen hasi nintzen. Ibilketan erakutsi zidan. Txindokik ere lehiaketa batzuetarako behar zuen ibiltari bat puntuatzeko, eta horregatik hasi nintzen, bai aitarengatik eta bai aitonarengatik.
Aita beti izan da erreferentzia, eta motibazioa ere bai, bere markak gainditzerako orduan. Horrek ere asko lagundu dit. Beti eduki dugu lehia hori, baina orain jada onartzen du gainditu dudala.
Presio txiki bat bada, ala harrotasuna eragiten dizu?
Nire kasuan, harrotasuna. Ni ibilketan familiagatik hasi nintzen, baina presiorik gabe. Ikusten nuen hasieran asko hobetu beharra neukala, baina pixkanaka-pixkanaka eta lanaren ondorioz lortu dugu maila honetara iristea, eta oraindik falta zaigu. Harrotasuna sentitzen dut. Nire familiak ibilketa egin izan ez balu segur aski oraintxe ni ez nintzateke izango ibiltari.
Aitak aholkuak ematen dizkizu, izan teknikaz edo izan bestelako gauzetan?
Aitak beti erakutsi dit, teknika aldetik. Martxan teknika oso garrantzitsua da, ez bakarrik epaileek ez deskalifikatzeko, baizik eta azkarrago joateko. Eta gutxiago nekatzeko. Aitak hasieran erakutsi zidan, baina orain jada entrenatzaileekin moldatzen gara.
Deskalifikazioa aipatu duzu. Txip bat ezartzea aztertzen ari dira. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Oraindik ez da onartu, horretan dabiltza. Munduko federazioa ari da aztertzen ea etorkizun batean ezar daitekeen. Guk probatu dugu: zinta batean jarri txiparekin martxatzen, eta neurtzen du hegaldiaren denbora.
Markak agian ez dira hain onak izango, baina fidagarriagoa izango da. Epaileek oraintxe begi bistan dutenaren arabera neurtzen dute, ez dago teknologiarik horretarako. Iritzi ezberdinak daude. Ikusten duzuna da karreran ikusten duzuna. Nik uste hori neurtuko lukeen txip bat izatea askoz hobea izango litzatekeela denontzat.
Ordiziako Kirol Sarietan sari nagusia jaso zenuen. Aitortza herrikideen aurrean egin zizuten.
Ordizia bezalako herri batean, hainbeste kirol eta hainbeste kirolari dauden herri batean, egia da kirol eta kirolari askok merezi izan dutela nik jasotako saria. Sakrifizio hori, egunero entrenatzera joatea, nagiak alboratzea eta motibazio falta hori ez edukitzea saritzen du. Oso kontentu jarri nintzen ikusi nuenean saria daukala urte osoan egindako lanak. Iazko denboraldia izan zen nire denboraldirik onena, baina ez nekien saria jasoko nuenik, eta falta zen arantzatxo hori ateratzea.
Zer izan zen arantzatxoa?
Gutxienekoa egin genuela 23 urtez azpiko Europako Txapelketara joateko, baina ibilketan orain dagoen mailarekin, ateetan geratu nintzen. Udan deskantsatu genuen eta berriro fuerte bueltatu gara erronka berriak ezartzeko.
Zeintzuk dira erronka horiek?
Amets bat izango litzateke Munduko Txapelketara joatea edo Espainiarekin internazionala izatea. Apirilaren aurretik izaten dira ligak, 5.000 pista, eta maiatzean maratoi erdia mundu osoko atletekin, Coruñan. Helburu bezala ahalik eta marka hoberena egitea jarri dugu, edo marka pertsonal bat hor egitea. ■
