EB-Mercosur, zeinentzat?
Judit Garcia Llorens • Baserritarra

Lagun batek EB-Mercosur itunak gurea bezalako baserrientzat izango lukeen eraginarengatik galdetu zidan. Gure jardueran, salmentak zein erosketa gehienak bertatik bertara egiten ditugunez, merkaturatze nazioarteko itun batek eragin txikiagoa izango zuela pentsatu zuen. Horretaz gain, eskuin muturreko alderdiak eta eredu industrialean ari diren nekazariak, itunaren kontra ikusita, zalantza sortzen zitzaion.
Mercosur-EB itunean Europako Batasunak lehen sektorearen gainetik industria eta zerbitzuen sektoreak lehenetsi ditu, eta hortik Europako nekazaritza sektorearen haserrea. Beste mehatxu bat gehiago, kanpotik etorriko diren elikagai merkeagoengatik. Haserre horrekin ez da nekazaritza eredu industriala eta suntsigarria zalantzan jartzen, baizik eta beldurra dago hemengo nekazaritza eredu industrialak lehiakortasuna galduko duelako sistema liberalizatuan.
Hego Amerikan baserritar mugimenduek «itun toxikoa» deitu diote itunari. Badakite zertaz ari diren. Elikagaien merkatuen liberalizazioak eta nazioarteko itunek elikagaiak esportatzeko ekoizpen industriala ezarri zuten: monolaborantzak eta abeltzaintza ultra intentsiboa (produktu kimiko izugarri eta energia fosilaren erabileran oinarrituta); baliabide naturalen gaineko pribatizazioa eta ustiaketa mugagabea; indigenen komunitateen suntsiketa; baserritarren pobrezia; beraien lurretan elikagaiak ekoiztetik, langile prekarizatu gisa esportaziorako, hemengo abeltzaintzarako, soja eta arto transgenikoa ekoiztera igaroz…
Etekin ekonomiko handia dakarkie nazioarteko merkatuak kontrolatzen dituzten korporazio handienei, eta ondorio ekologiko, sozial eta kultural latzak tokiko herrientzako. Horrelako itunek badute hizkuntza gutxituen gaineko inpaktua eta, nola ez, genero inpaktua: emakume baserritarren lan baldintzak okertzea eta pobrezia areagotzea, besteak beste.
Oparotasunaren trena ezin omen dugu galdu, munduko merkataritza askeko eremurik handiena sortzen omen du itunak, 700 milioi kontsumitzaile baino gehiagorekin. Europako Parlamentuaren bozkaren gainetik, denbora galdu gabe martxan jarri nahi du Europako Batzordeak. Ituna era ilunean osatu dute eta era ez demokratikoan martxan jarri nahi dute.
Bai hemen, bai Hego Amerikan, gurea bezalako baserrietatik elikadura burujabetzan sakontzeko politikak eskatzen ditugu. Herrien arteko errespetuzko elkarlana eta tokian tokiko nekazaritza zein merkaturatze politikak elikagai osasuntsuak ekoizteko, bertako herritarrentzat. Hori dena suntsitzera datoz nazioarteko merkataritza itun neoliberalak. ■
