«Eguneroko lanari balioa ematen irakatsi dit Realak»
Intza Arrondo Azkona gaztea da adinez, baina ibilbide sendoa eraikitzen ari da futbolean. Realaren harrobian hirugarren urtea du, eta orain bi aste jaso du aurrenekoz Espainiako emakumezkoen futbol selekzioaren deia. Urduri baina ilusio handiz, urratsez urrats ari da bere ametsa lantzen: egunen batean lehen taldearekin jokatzera iristea.
Goierri Gorrin ekin zenion zure ibilbideari.
Futbol eskolan hasi nintzen, 9 urte nituela, eta handik urtebetera alebin mailan lehiatu nintzen aurrenekoz, Ordiziako taldean. Baina gogoratzen dut 5 urte nituenetik ikastolako patioan baloiarekin jolasean ibiltzen nintzela. Aita entrenatzailea da, eta txiki-txikitatik joan izan naiz bere partidak ikustera; hortik ere badatorkit futbolerako grina.
Ume askoren ametsa izaten da futbolari izatea…
Nik ere horixe erantzuten nuen galdetzen zidaten bakoitzean. Zorionez, gaur egun gero eta emakume erreferente gehiago ditugu, eta belaunaldi horretakoa naiz ni ere. Futbolistikoki, Irene Paredes eta Aitana Bonmati gustatzen zaizkit; betidanik izan ditut eredu. Eta Realean bertan, lehenengo taldeko jokalariez gain, Sandra Ramajo aipatuko nuke; Espainiako Kopa irabazi zutenean berak altxatu zuen kopa, eta Realera iritsi nintzenean ere bera izan nuen entrenatzaile. Konfiantza handia izan du niregan, eta oso markatuta daukat.
Hirugarren urtea duzu Realean. Zer ikasi duzu?
Egunero entrenatzen dugu, astearteetan izan ezik, eta Ordiziatik Donostiarako bidaiek denbora kentzen duten arren, oso gustura joaten naiz. Partidetatik harago, Realak asko azpimarratzen du aste osoko lanaren garrantzia, eta esango nuke horrek hazten lagundu didala, bai futbolari gisa, bai pertsona gisa.
Gaztea zara, eta lorpen ugari poltsikoratu dituzu dagoeneko. Euskal selekzioarekin Espainiako txapeldun izan zinen.
Iazkoa historikoa izan zen. Modu ezin hobean bukatu nuen Euskadiko selekzioko ibilbidea. Hamasei urtez azpiko kategorian izan ginen Espainiako txapeldun. Esperientzia hura oso barruan daramat. Dagoeneko bukatu zaigu euskal selekziorako aukera, eta ibilbide guztia biribiltzeko modua izan zen.
Euskadikotik Espainiako selekziora. Orain aste gutxi hautatu zintuzten aurrenekoz.
Esperientzia berria izan da, motza bezain esanguratsua. Beti ikusi izan dut Espainiako selekzioan jokatzeko aukera oso urruti, eta sorpresa handia izan da.
Zein da arrakastarako gakoa?
Etxean ez didate sekula presiorik edo espektatibarik jarri. Neska normala naiz, eta besteen gauza berak egiten ditut; tartean entrenatu, baina normalitate osoarekin. Hankak lurrean izatea ezinbestekoa da, eta oraingoz, gustura nago eguneroko lanarekin. Horrela jarraitu nahi dut aurrerantzean ere; momentuan momentukoa etorriko da, etorri behar bada. ■
