«Goierrin badut nire babeslekua, eta hala izaten jarraitzea nahiko nuke»
Aiora Aizpurua. // Argazkilaria: Aimar Maiz. Duela lau urte etorri zen Aiora Aizpurua gernikarra Olaberriara. Senarra olaberritarra du. Goierri lehendik «oso-oso gutxi» ezagutzen zuela, baina behin Olaberria ezagutu ondoren, ez lukeela «ezergatik» aldatuko aitortu du. «Lasaitasuna, denek elkar ezagutzea eta giro lasaia» atsegin ditu herritik gehien. «Zerbitzu guztiak eskura eta inguruan daude, baina aldi berean naturan gaude, lasaitasunean, herri txikiko giroan, gehien gustatzen zaidana hori baita». Irakaslea da lanbidez, Ataungo herri eskolan, eta irailera arte urtebeteko alaba txikia zaintzeko baimenarekin dago.
Zer zaletasun dituzu?
Nire zaletasunak ongizatearekin lotuta daude: elikadura zaintzea, kirola egitea eta energia ona ematen didaten pertsonekin egotea. Eta, batez ere, egiten dudan horretan benetan gozatzea.
Pelikula edo telesail bat.
The Pursuit of Happyness, amore ez emateari eta zoriontasuna eraikitzeari buruzkoa.
Musika talde edo abeslari bat.
Gatibu betirako!
Abesti bat.
Adarlotuak, Ken Zazpi.
Liburu bat.
Ongizate integralari buruzko liburuak, gorputza eta burua eskutik doazela gogorarazten didatenak.
Oporretarako leku bat.
Ezagutu gabeko edozein txoko, natura eta lasaitasuna dituena; mapan agertzen ez diren horietakoa.
Zer gosaltzen duzu?
Gehienetan ez dut gosaltzen; nire gorputzari entzuten diot eta goizean goiz ez dut beti beharrik sentitzen.
Kolore bat.
Arrosa, indarra eta samurtasuna batera existitu daitezkeelako.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Nire alabak jaio ziren egunak; lehentasunak, beldurrak eta maitasuna beste dimentsio batean kokatzen diren unea.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Eskuz idatzitako gutun bat.
Amets bat.
Bat bakarrik?
Bizitzako plazer txiki bat.
Kirola egin ondorengo bakea: gorputza nekatuta, burua argi eta bihotza lasai.
Goierriko txoko bat.
Goierrin badut nire babeslekua, eta hala izaten jarraitzea gustatuko litzaidake.
Olaberrian biziko ez bazina…
Euskal Herritik irten gabe, itsaso ondoko herri txiki batean.■
