Lazkaotarrak Kilometroen bidean
Kilometroak jaiaren lekukoa, Lazkaoko plazan, ikastolako ikasleen aurrean. Urriaren 10ean egin zioten harrera eta ongietorria. // Argazkilaria: Aimar Maiz Zenbakiz bezala esanahiz, ekitaldi esanguratsua izango du urriaren 4koa Kilometroak jaiak Lazkaon. 50. aldiz ospatuko da Gipuzkoako ikastolen aldeko festa, eta 1977an hasi zen leku berera itzuliko da. Beasainen eta Lazkaoren artean antolatua, Alkartasuna Lizeo berriaren eraikuntza lanen gastuak arintzeko izan zen lehenbizikoa. 2003an ere Lazkaon egin zen, Euskaraz bizi nahi dut leloarekin. 2026koak historiari eta bilakaera horri egingo dio aipamen leloan ere: Ibilian-ibilian, buelta!
Kilometroen jai-eredua aldatzeak ekimena urte osora zabaldu zuenez, Lazkaon ere hasiak dira antolakuntza, girotze eta ospakizun kontuak. Egoera denborarekin aldatu arren, beharrek eta helburuak betiko antzerakoak izaten jarraitzen dute ikastolentzat: «Helburu nagusia Kilometroak bizirik dagoela eta ikastolen munduan oraindik horren beharra badagoela publikoki transmititzea da», azaldu du Kilometroen koordinatzaile eta Lazkaoko Ikastolako irakasle Xeber Maizak.
«Akaso, aldatu dira lehenagoko beharrak, baina gure mugak eta oztopoak izaten jarraitzen dugu; azkeneko urteetako hezkuntza sare desberdinen arteko borrokak izan, edo matrikulazioaren gainbehera orokorra datorrela, horrek eragiten du ikastolen baldintzetan eta baliabideetan. Gaur egun hezkuntzak baditu bere erronkak, eta horiei aurre egiten laguntzeko ezinbestekoa da Kilometroak».

Lazkaoko dimentsioan ere eragin nahi du ikastolak, Kilometroen gizarte-olatua baliatuta. «Ikastetxe bakarra gara herrian, horrek gauza on asko ditu, baina tartean erosotasun bat ere ekartzen du. Komunitate bat nahiko aktiboa daukagula kontsideratu arren, beti berak dabiltzala ere sumatzen da, eta Kilometroak jaia baliatu nahi dugu ikastolara jende gehiago gerturatzeko, lehenaz gain; jende desberdina, komunitatea zabaltzeko eta aberasteko. Ea lortzen dugun ikastolako partaide guztiak momenturen batean, gutxienez, Kilometroetako zerbaitetan parte izatea. Badakigu erronka zaila dela, eta ehuneko ehunean bete ezta ere, festaren parte sentitzea guretzat ardatza da». Lazkaoko Ikastola 700 familiak eta 1.000 ikasle baino gehiagok osatzen dute.
Antolakuntzan 18 batzorde
Partaidetza hori ere abiarazita daukate, antolaketako zenbait atal martxan direlako. Guztira 18 lantalde edo batzorde dira. Guztiek ez dute aktibitate eta intentsitate berdina edukiko urtean zehar. Kilometroen egunari begira aktibatuko dituzte Trafikoa, Osasuna, Babes Taldea eta beste zenbait. Baina dagoeneko lanean ari dira Ikuskizunak, Gastronomia, Giza Baliabideak edota Ekonomia.
Komunikazioa eta Arropa salmenta ahaztu gabe. «Ia autonomoki funtzionatzen dute horiek. Aurki aurkeztuko dute, esate batera, udaberri-udarako jantzien bilduma. Hirigoien 14an jarri dute Enparantza denda iraunkorra, eta salmahaiak kalera atera edo beste herri batzuetara mugituko dituzte.
Herritarrek, ikastolako gurasoek eta boluntarioek deiari nola erantzun dioten ikusita, helburu handien artean kokatutako berraktibazio sozialarena betetzen ari dela esan liteke. «Batzordeetan aritzeko izena eman duen jende guztiari erantzuten eduki dugu zailtasun handiena. Ekainean zabaldu genuen aukera, espero ez genuen jende piloa apuntatu zen. Une batean kolapsatu ere egin ginen. Batzordeen egitura birformulatu dugu, urte guztiko ekintzen plangintza bat ere aurreikusteko moduan gaude orain, eta parte hartu nahi duten guztiak kokatzen ari gara», aitortu du Maizak.
Guztien koordinatzaile Xeber Maiza ari da. 18 urtera arteko hezkuntza ziklo osoa ikastolan gauzatu zuen ikasle modura, unibertsitate garaian ere kontaktua mantendu zuen, Eskola Kiroleko begirale edo udalekuetako langile ibili zenean, eta irakasle eta guraso da orain. «Erronka pertsonal bezala, hasiera-hasieratik asko motibatu ninduen koordinazio lanak. Momentuz, ondo daramat». Iazko ekainean bota zuten suziria, antolaketa-topaketa ireki batean 200 lagun elkartuta –espero baino askoz gehiago, orduan ere–. Harrezkero, giroa eta tenperatura pausoka igotzen ari dira Lazkaon, urriaren 4ko irakite-puntua oraindik urruti dagoen arren.
Kilometroak Txikiarekin, otsailaren 7an hasi ziren 2026rako aurreikusitako ekitaldiak Lazkaon. // Argazkilaria: Mikel Albisu
Lau izaeratako ekitaldiak
Kilometroen lekukoa iaz Elgoibarren jaso eta Lazkaon harrera beroa egin ondoren, otsailean ospatutako Kilometroak Txikia izan da ikastolak berak antolatutako hitzordu jendetsuena, orain artekoan. Aurkezpen nagusian ere plazako pilotalekua bete zuten herritarrek. «Herrian nabaritzen da dagoeneko Kilometroak bertan dagoela, eta herritarrek ere hala bizi dutela iruditzen zait», dio Maizak.
Hilabetero antolatuko dituzte ekitaldiak, Kilometroei lotuta. Martxoa eta apirila suertatuko dira agendaz oparoenak. Ondoren, «halabeharrezko geldialditxo bat» etorriko da, azterketa aldi eta uda garaiko etenarekin. Irailean Kilometroen eguna antolatzera lerratuko dira buru-belarri.
Lau motatako antolaketak bereizi dituzte. Ikastolak zuzenean egingo dituenak, batetik. Antolaketa partekatua dutenak daude, bestetik: San Silvestre krosa, inauteri herrikoia, hitzaldiak eta kultura arloko jarduerak. Urterokoak dira batzuk, berriak beste batzuk, Oin Arinekin uztailean plazaratuko dutena, adibidez. Hirugarren multzoan, herriko eragileek eta taldeek antolatutako ohiko saio asko Kilometroen alde izango dira aurten: Astotxo, Lilatoia, rallyesprinta, mendi martxa, musika eskolaren astea, kulturartekotasun jaia…
Azkenik, Ikastolen Elkartearen Euskal Herriko edo Gipuzkoako egituretako ekitaldiak ere gauzatuko dituzte, horietako bat Lazkaon bertan. Maiatzaren 9an, Ikastolen Elkarteak Euskal Herri mailako ekitaldi instituzional bat ospatuko du herrian, Kilometroen 50. aldia dela eta. Kafe-solasaldi batean sorreraz mintzatuko dira 1977ko ideiatzaileak eta ikastolako kideak, eta omenaldi ukitua izango du. Lazkaoko ikasleek ekimen orokorretan parte hartuko dute kanpoan, bestetik.
Langa ekonomikoa
Sorburuko jaitik gaurdaino, Kilometroek bilakaera handia eduki dutela begi-bistakoa da. Izenean betikotu den kontzeptuak dioen bezala, jendeak kilometroak egitea, eta kilometro bakoitzaren truke babesleek agintzen zuten dirua lortzea zen festaren funtsa. Zenbat eta kilometro gehiago, orduan eta hobeto; diru gehiago lortzen zuelako ibiltari anonimoak. Diru hori, esan beharrik ez, solidarioa eta altruista zen guztiz, urtez urteko ikastola antolatzailearen eta elkartearen beharretarako ematen zena.
Festa erraldoi modura eraldatu zen geroago, kontsumoan eta erosketetan oinarritua: jan-edana, arropa, materiala… Jendetzak behar ziren orduan, eta jendetzak elkartzen ziren. Baina bukatu ziren eredu eta garai horiek. «Formatu horretan bukatu da, baina helburuak ekonomikoa izaten jarraitzen du. Guk aurten, 100.000 euro biltzea markatu dugu, ea hori gainditzeko gai garen urte guztiko ekintzekin», azaldu du Maizak.
Dirua lortzeko moduaren aldaketek eragin dute, hain justu, «azkeneko eguna» ere beste modu batekoa izatea. «Lehen, azkeneko egunean, Kilometroak ospatzen zen egunean inbertitzen zen dena, diru-iturria hor jasotzeko esperantzan. Gaur egun urte guztian banatzen dira ekintzak, eta saiatzen gara azkeneko egun horren menpe hainbeste ez geratzen. Zeren toka liteke, 2003an Lazkaon tokatu zen bezala, sekulako eguraldi txarra, jenderik ez etortzea eta zuloa egitea. Hori aurreikusiz, jai eredua bera aldatu egin da».
Urriaren 4ko Kilometroak, nolakoa?
Bost urte joan dira Kilometroen jai eredua aldatu zutenetik. 2020an ziren aldaketa txertatzekoa eta ekitaldiak urtean zehar zabalduko zituen aurrenekoa egitekoak. Koronabirusaren pandemiak eragotzi zuen, eta, murrizketek baldintzatuta, astebeteko egitarau bat garatu zuten Amasa-Villabonan eta Zizurkilen. 2021a are makurrago joan zen osasun krisialdian, eta bien bitarteko testigantza-ekitaldia antolatu zuten Beasainen, Lazkaon eta Ordizian elkarlanean. Lehengo ereduko azkenekoetariko Kilometroak Zumarragan eta Urretxun egin zen, 2018an.
Xeber Maiza, Lazkaokoko Kilometroen koordinatzailea. // Argazkilaria: Aimar Maiz
Ordurako aldaketa beharra nabaria zen, jasangarritasun ezak eta egunak hartu zuen parranda kutsu gehiegizkoak behartuta. Hausnarketatik jai eredua bera aldatzea atera zen, festa hutsetik –nahiz eta jan-edanak eta musikak pisua mantendu– ikastolaren komunitatea indartuko zuen jai batera igarotzeko. Kontzeptu horrekin egingo da 2026koa Lazkaon.
«Gaur egun, Kilometroak jai batek kopurutan 20.000 lagun inguru mugitzen ditu. Lehen bezala egun osoa pasatzen duen jendea gutxiago da, eta gehieneko uneetan 10.000-12.000 lagun zenbatu izan dira aurreko urteetan. Batzuk goiz pasa joaten dira, besteak bazkaltzera edo arratsaldean. Adin tarteek ere asko eragiten dute», azaldu du Maizak.
Hala, ludikotasuna bai, baina «jaiaren balio hezitzailea» indartuko dute urriaren 4an. «Nahiz eta festara joan, festak atzetik daukan kulturak eta gure balioen transmisioak dauka indarra, eta hori bilatzen da. Jai eredu berriak jende kopurua jaitsi duen arren, gure ustez jaiaren kalitatea igo du eta gure helburuekin hobeto bat egiten du».
Zirkuiturik ez da izango
Kilometroen iruditeria historikoaren bereizgarri den ibilbiderik ez dute antolatuko Lazkaon. Lehen, 7-8 kilometroko zirkuitua markatu, eta hura osatzea zen eskakizuna, gunez gune joanda. «Jendearen eskaera edo izaera horretan ere aldatu da, eta gaur egun, batetik irisgarritasunagatik, bestetik erosotasuna bilatzeko joeragatik, festa gunea ia osorik kalean izatean da».
Lazkaon, urriaren 4ko jai eremutarako herrigune guztia hartzea aurreikusten dute. Bi edo hiru gune finkatuko dituzte ikuskizunentzako. Kaletik kanpora, ez da ia aterako. ■
Kilometroak 2026. Urteko ekitaldiak
• Martxoa. Lazkaoko Trikitilari Txapelketa (7), Goierri Rallyesprinta Lazkaon (13-14), Goierriko 38. Eskolarteko Ibilaldi Neurtua Lazkaon (15), Korrikaren pasaera (28), Gerriko ikerlan beka.
• Martxoak 23. Ikastolako LHko ikasle guztiak Dallora (Araba), Korrikara.
• Martxoak 27. Non eta Mugan ikastolen 5 jaien topaketa Vianan (Nafarroa), DBH4ko ikasleak partaide.
• Apirila. Lazkao Txikiri omenaldia. (18), erraldoi eta buruhandi bilkura (19), 50. Kilometroen erakusketa, jaietako pregoilari hautagai, tonbola eta jantokia (festetan).
• Apirilak 24. Kilometroen abestiaren eta bideokliparen aurkezpena.
• Maiatza 9. Kilometroek 50 ekitaldi, solasaldia, ikastolen ekitaldi instituzionala eta omenaldia Lazkaon.
• Maiatza. Lazko Txiki Musika Eskolaren astea (11-15), Kulturartekotasun jaia (22), tonbola Beasaingo jaietan, Mendimetroak, mural artistikoaren margoketa.
• Ekaina. Ikastolaren Eguna (5 edo 12), herri bazkari-kantaldia.
• Uztaila. Oin Arinen ekitaldi berezia (2), tonbola Ordiziako jaietan.
• Iraila. Aldizkaria argitaratu.
• Urriak 4. Kilometroak 2026 eguna.
• Urria. Eskertza ekitaldia.
Dagoeneko egindakoak
• 2025. Kilometroak Antolatuz topaketa irekia (ekainak 12). Lekukoa hartzea Elgoibarren (urriak 5). Lekukoari ongietorria (urriak 10). Aurkezpen nagusia, logoa eta leloa (azaroak 28). Emanaldiak LHkoekin Maizpiden (abenduak 15-19). San Silvestre krosa (abenduak 31).
• 2026. Liburu Ibiltaria (urte osoan). Astotxo Eguna (urtarrilak 11). Kilometroak Txikia (otsailak 7). Inauteriak (otsailak 13). Mahai-ingurua Euskal Herriko makrojaiez Gerrikon (otsailak 23). Lilatoian ikastolako taldea (martxoak 1).
