'Albaitari' saria Legorretara
Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Euskal Herriko zinemaren sari nazionalak sortuko balira, Albaitari sariak deituko lituzkeela esan digu Telleriarteko adiskide batek, erdi umorez, erdi marmarti. Asko ezagutu omen ditu, albaitari ikasketak egin ondoren, soziolinguista, mendi-korrikalari, orotariko irakasle edo bestelako ofizioetan dabiltzanak: biologoak, tornulariak, postariak… Pertsonaia asko bizi omen daitezke albaitariarengan, albaitariarena barne, eta hor ere zenbat: behien, muskerren, dortoken, erleen… medikuak.
Zeharkako arrazoietan ibili gabe ere aktoregintzarekin duen lotura zuzena erakutsi digu, Zuberoako maskaradetako jokalarietako batzuk, esaterako, marexalez janzten direla, Zamaltzainen perratzaile edo albaitari rolean. Garai batean, berberak egingo zituela bi lanak iradoki digu. Hori horrela, sinonimoa erabiltzea ez ote den egokiagoa esan dio, orduan, entzuleetako batek: Marexalaren sariak, baina ez du gustuko, izenaren kutsu militarragatik. Hala ere, sariketarako ikur izateko egokia iruditzen zaio. Imajina omen ditzake Sara Cozar edo Joseba Apaolaza marexaltxo bat eskuetan, aitortza zuzendariei eta etxekoei eskaintzen.
Oscar, Bafta, Cesar eta Goya izenen azalpenak eman dizkigu, baina ez die Albaitarik izan lezakeen justifikazio eta zentzurik ikusten. Lau horietan, Goierrin ziurrenik, lehena eta azkena izango dira ezagunenak. Bat munduan delako entzutetsua, eta bestea Goierriko zine-industriako langileen sabaia delako. Goya bakan batzuk, gainera, iritsi dira, joan den larunbatean azkenekoa. Nolanahi ere, telleriartearrak onartu du beste bat Legorretara iristea nahiko lukeela, baina nazioarteko zinemaren sailean ematen dutena. Soroizek ia ez omen lioke «hi haiz Goya famatua?» galdetuko. Agian: «Zergatik egiten zait hain ezaguna hire burutzarra?».
