'Euskal kultura: gaur eta bihar' jardunaldia
Egunerokotasunaren gurpil zoroan katramilatuta gabiltzanean opari eder moduan jasotzen dira patxadaz gogoeta eta hausnarketa egiteko espazioak. Espazio horietako adibide, HUHEZIk Aretxabaletako campusean antolatutako jardunaldia.
Bi egunez elkarrizketa, mahai inguru eta hitzaldi formatuetan, euskal kulturgintzaren nondik norakoez eta, batez ere, aurrera begirako itzelezko erronkei begira jartzeko parada izan genuen.
Baditugu euskal kulturgintzaren inguruko kezka edo egonezinak, eta korapilo horiek askatzeko bide eman dezaketen aukerak mahai gaineratzeko ahalegina egin zuten hizlari ezberdinek, bakoitzak bere lekutik, xumetasunetik, edo baita anbiziotik ere.
Dantzari dagokionean, Oier Araolaza izan genuen Bertsozale Elkarteko Mikel Artolarekin eta Trikiti Elkarteko Haritz Garmendiarekin batera solasean. Besteen artean, honakoa hausnartu zuten: diziplina bakoitzak bere aldetik baino ez ote luke euskal kulturgintzak osotasuneko begirada bat eskertuko?
Adibideetara joanez, trikitia eta panderoa dantzarekin lotuta doazen bezala, trikitiarekin kantatzen diren koplak bertsolaritzarekin ere lotuko genituzke. Era berean, bertsolaritza dantzarekin ere bai. Eta harago joanez, eskola kirolean ahalik eta kirol gehien probatzeko ahalegina egiten den moduan, eskola kulturak ere ez ote luke horrelako planteamendurik merezi? Beste behin, noizko eskola kultura?
Euskal kulturgintza burbuila txikia bagara ere, herri kultura, bere diziplina guztietan, zaindu eta babesteko beharra daukagu. Eta hori herrigintzatik sustatu behar badugu ere, aurrea bidean ezinbestekoa izango da agintariek egingo dituzten politika ausartak.
Ibai Iztuetak azpimarratu zuen esaldi batekin amaituko dut gaurkoa.
«Gabiltzan bideak eramango gaitu».

