Beste mundu bat feminismotik
Monica Leiva • Kazetaria

Gogoratzen duzue 2018ko M8ko emakumeen grebaren jarraipen masiboa? Emakumeok, planto! Gogoan dut martxetako jai giroa, aniztasuna, belaunaldi ezberdinetako emakume, ume eta gizonen parte hartzea. Gogoan dut feminismoaren indar eraldatzailea mugimendu sozial bakezale gisa sentitu nuela. Eta gogoan dut pozik nengoela parte izateagatik. Azken finean, Ilustrazioan hasi zenetik, Mugimendu Feministak ez du odol tanta bakar bat ere isuri. Eta, hala ere, pasa den igandean ez nintzen M8ko kontzentraziora joan. Despistatu egin nintzen. Ez nituen gogoratzeko mezuak jaso, inork ez zidan deitu. Konturatu nintzenerako berandu zen. Lotsa. Zer gertatzen ari zaigu? Diskurtso erreakzionarioen gorakadaren aurrean, feminismoaren mobilizazio-gaitasunean inboluzioa egon dela dirudi. Ez ote da jadanik beharrezkoa?
Ekialde Hurbilean korrespontsala izan nintzenez geroztik lagun onak mantentzen ditut oraindik. Jeiran nire itzultzailea izaten zen Iranen. Emakumea, bizitza, askatasuna matxinadaren ostean, asiloa eskatu zuen Alemanian. Torturak jasan zituen, ihes egitea lortu zuen. Antzeko istorioak dituzten beste emakume batzuek gure eskualdean bilatu dute babesa. Askok ondo ezagutzen dute izugarrikeria: beren gorputzetan bizi dute, errepresio basatian, osasun fisiko eta mentalean, eta orain haiek ere hiltzen dituzten bonbardaketetan.
V-Dem proiektuaren azken txostenaren arabera, munduko lau pertsonatik hiru autokrazian bizi dira (% 72), 1978tik izandako kopururik handiena. Autokraziak berri txarrak dira guztientzat, baina bereziki emakumeentzat. Kalkuluen arabera, 200 milioi dira Txinan, Indian, Pakistanen eta Vietnamen erailketen edo abortu selektiboen bidez desagerrarazitako neskak. Talibanek 20 milioi emakume afganiarrak esklabo bihurtu dituzte. Erlijio guztietako fundamentalistek jainkoaren izenean makurtzen dituzte emakumeak. Bortxaketak gerrako harrapakina izaten jarraitzen du. 200.000 emakumek eta neskatok jasaten dute sexu-esplotazioa munduan. Krimen horiek ez dira berriak, duela hamarkada batzuetatik egiten dira, munduko liderren ezagutzarekin eta konplizitatearekin.
Nire esperientzia da emakumeen eta nesken eskubideak oso ahulak direla. Horiek bermatzeko eta aurrera egiteko, erakunde demokratikoak eta zuzenbide-estatu sendoa behar dira, etengabeko borondate politikoarekin batera. Horregatik kaosa, gerra eta babesgabetasuna sustatzen dituzten jaunak gelditu behar ditugu. Eta feminismoa errealitate politikoa aldatzeko kaudimena erakutsi duen tresna da. Beste mundu bat feminismotik. Bai, horixe. ■
