«Kanpotik ematen ez badu ere, elkarlana handia da rallyetan»
Josu Lazkanoiturburu, eskuinean. // Argazkilaria: Manex Usarralde. Josu Lazkanoiturburu zeraindarrari betidanik gustatu izan zaio autoen mundua. Duela hiru urtera arte futbolari eskaini zion denbora gehien bere bizitzan. Lazkanoiturburuk Lazkao KE, Antiguoko, Real Union eta Getxoko Arenas taldeetan jokatu zuen. 2023an futbola uztea erabaki zuen. Orduan, autoekiko zaletasunak indarra hartu zion, eta rallyetarako auto bat prestatzen hasi zen. Bere lehenengo karrera 2024an izan zen. Aldi hartan kopilotu lanetan aritu zen. Zeraindarrari automobilismo mundua gustatu zitzaion, eta pilotu izan nahi zuela erabaki zuen. Aurreko otsailaren 28an bere bigarren denboraldiari ekin zion, Gabiria-Legazpi rallyesprintean.
Gabiria-Legazpi rallyesprintarekin hasi duzu aurtengo denboraldia. Zer moduz joan zen?
Oso ondo joan zen denboraldiko lehen rallya. Eguraldi euritsua eta bidea lokaztuta zegoenez baldintzak ez ziren egokienak izan, baina, hala eta guztiz ere, denbora onak egin genituen. Gainera, rallyko lau txandetan atera ginen eta oso gustura amaitu genuen, inolako ustekaberik gabe. Eneko Gomezek lehenengo aldia zuen kopilotu lanetan eta oso ongi konpondu ginen. Denboraldiari hasiera ona eman genion eta gogotsu gaude datozen rallyetarako. Hurrengoa martxoaren 14ko Goierri Rallysprinta izango da.
Denboraldia ondo hasi duzu. Baina, aurrekoa ere halaxe bukatu zenuen, junior mailako gidari txapeldun atera zinelako.
Junior Trofeoa irabazi ahal izateko 25 urte baino gutxiago izan behar dituzu. Nik 24 urte nituen. Pilotu asko ere ez geunden kategoria horretan, eta zorte apur batekin txapeldun atera nintzen. Bukaera ona izan zen, eta hobetzen jarraitzeko motibatu ninduen.
Nola gogoratzen duzu gidari bezala irten zinen lehenengo rallya?
Gidari moduan atera nintzen lehenengo aldia Gabiria-Legazpi rallyesprinta izan zen, 2025ean. Urtero denboraldiko lehenengoa izaten da. Nire etxe inguruko bideetatik izaten da, eta horrek bereziagoa egin zuen. Urduri nengoela gogoratzen dut, baina nahiko ongi joan zen. Oroitzapen politak ekartzen dizkit.
Lehengo urtean pilotu bezala aritu bazinen ere, ez zen lehen aldia rally karrera batean irteten zinena, ezta?
Ez, Goilurrak Rallyan debutatu nuen Xiker Aiertza pilotuarekin, 2024an. Kopilotu bezala irten nintzen lehenengo aldi hartan. Orduan sartu nintzen mundu honetan, eta karrera batean ateratzea zer zen ezagutu nuen. Gidariaren eta pilotukidearen lanen arteko desberdintasunaz ere jabetu nintzen. Aurretik, egia esan, ez neukan kontaktu handirik autoen mundu honekin, futbolean jokatzen nuelako. Baina betidanik gustatu zait eta erakarri nau automobilismoaren munduak.
Zer desberdintasun dago kopilotuaren eta pilotuaren artean?
Gidariaren eta pilotu-lagunaren arteko munduak zeharo desberdinak dira. Ni kopilotu moduan behin bakarrik atera nintzen, baina aldi horretakoa nahikoa izan zen zenbaterainoko desberdinak ziren konturatzeko. Pilotukide zarenean liburuxka bati begira zoaz, bidearen inguruan dituzun apunteak gidariari esanez. Bideari begiratu ere ia ez diozu egiten. Lasterketaz beste modu batera disfrutatzen duzu. Gidariaren eta pilotukidearen artean konfiantza itsua egotea funtsezkoa da, nik beti esaten dudalako kideak ezin duela frenatu. Bere lana ibilbideaz oharrak ematera mugatzen baita.
Kopilotuaren lana azpimarratu duzu. Nor da zure pilotukidea?
Rallyetan nabilen denboran lau laguntzaile desberdin izan ditut. Aurreko urtean nire kopilotu nagusia Liher Miranda izan zen. Liherrek eta biok txikitatik ezagutzen dugu elkar, eta berari ere karreren mundua asko gustatzen zaio. Liherrek aldiren batean ezin izan zuen atera, eta kasu horietan Asier Agirrezabala eta Ibai Mujika ere aritu zaizkit kopilotu lanak egiten. Aurten beste kopilotu bat izango dut, Eneko Gomez. Bere lehenengo aldia izango da, baina elkar ongi ezagutzen dugu.
Urduritasuna nola kudeatzen duzu karrera aurretik?
Nahiko ondo kudeatzen dut urduritasuna. Kotxeak berrikuspen administratibo eta teknikoak pasa behar dituen unea izaten da urduriena. Autoa karreran irteteko moduan dagoen aztertzen dute eta arau guztiak ez baditu betetzen ezin duzu lasterketan parte hartu. Kotxea prestatzen egindako lan guztia bertan behera gelditu daiteke orduan. Behin lasterketako irteera ematen dutenean, nerbio guztiak joaten zaizkit.
Berrikuspen momentuan aurretik egindako lana bertan behera gelditu daitekeela esan duzu. Zein dira lan horiek?
Rallyetako kotxe batek lan handia ematen du. Gauza guztiek azken xehetasunera arte zainduta egon behar dute. Azken finean, ibiltzen garen abiaduretarako gauzak zorrotz zainduta eginda joan behar dute. Batzuetan ez da dena ongi egoten, baina ziurtatu behar duzu dena ahalik eta egokien dagoela. Gehienbat segurtasun kontuak zaindu behar dira, azken finean karreretako autoan sartzeak bere arriskuak dauzkalako. Federazioak segurtasunerako legedi oso zorrotza du, autoa ahalik eta seguruena izateko.
Ibilbidearen oharrak ere aurretik hartu behar izaten dira.
Oharrak hartzeko momentua oso garrantzitsua da. Rallyko partaideok lasterketako bidea ezagutu dezagun data eta ordu bat ezartzen du antolakuntzak. Rallyko bidean barrena gidaria eta pilotukidea bihurguneak zein graduaziotakoak diren, ibilbidean zuloak non dauden, eta beste edozein ustekabekoren inguruko oharrak hartzen joaten dira. Karreran ohar horien esku gaude, lan hori gaizki egiteak arriskuan jar gaitzakeelako.
Zein izan da rally batean bizi izan duzun momenturik arriskutsuena?
Aurreko denboraldian susto batzuk izan genituen. Kolpe txikiak eta autoaren matxura ez horren larriak izan ziren gehienak. Baina, Aramaioko Rallyan istripu handi bat izan genuen Liherrek eta biok. Jauzi batean automobila asko joan zitzaigun eta kolpe handia hartu genuen. Gu ongi atera ginen, baina autoa suntsituta gelditu zen. Hala ere, jende asko egoten da laguntzeko prest ibilbide bazterretan. Kanpotik ematen ez badu ere, elkarlan handia dago rallyetan. Egunean bertan kotxea etxera ekartzeko aukera izan genuen, eta segituan konponketa lanak egiten hasi ginen. Zorionez susto bat besterik ez zen izan.
Eta gehien gustatu zaizun lasterketa zein izan da?
Goilurrak rallya gustatu zitzaidan gehiena. Lazkaoko Ikullu Razing eta Azkoitiko Errebueltie eskuderiek antolatzen dute.
Familiakoek zer esaten dizute rally baten aurretik?
Animoak ematen dizkidate eta nire aurrean urduri ez agertzen saiatzen dira. Baina beraiek ni baino urduriago egoten dira. [«Bera baino bi edo hiru aldiz gehiago» gehitu du aitak, aldamenetik]
Jarraitzeko asmotan zaude?
Bai, jarraitzeko asmoa dut, mundu hau oso gustukoa baitut. Hala ere, ez da erraza mundu honetan aurrera egitea. Laulagun enpresako lanarekin uztartzen dut nire zaletasun hau, rallyetarako auto bat prestatzea oso garestia delako. Automobilismoak estamentu publikoen babesa eta diru-laguntzak behar ditu, bestela jai dauka rallyen gure mundu honek. ■
