Legazpi bizirik, gazteen bultzadaz
Erreugiñak taldearen kontzertua, urtarrilaren 30ean, Legazpiko gaztetxean. Legazpiko Gazte Asanbladak bi egitasmo berri jarri ditu abian azken hilabeteotan. Alde batetik, Ixkiña izeneko proiektua, artea eta musika uztartzen dituena; bestetik, kirola eta natura ardatz dituzten mendi martxak, hilabetean behin egingo dituztenak. Bi ideiei bueltaka iazko ikasturtean hasi ziren, eta urte berriarekin batera eman diete hasiera lehen jarduerei. Antolatzaileak «gustura» daude izan duten harrerarekin.
Jon Aldabaldetreku da Ixkiña proiektuko antolatzaileetako bat, eta haren esanetan, «herritik herriarentzako» sortutako proiektua da. Helburua musikari txikiei eta ertainei «adierazteko espazio bat» eskaintzea da, gaur egungo makroproiektuen hazkundearen aurrean alternatiba bat proposatuz. Asanbladako kideen ustez, ekimen horrek gaztetxearen eta euskal kulturaren identitatea balioan jartzen ditu, eta musikaz gozatzeko bestelako moduak ere badaudela erakusten du.
Kontzertuetatik hedatu
Lehen kontzertua urtarrilaren 30ean egin zuten, Erreugiñak taldearen eskutik. Oraingoz, kontzertu akustikoak antolatzeko asmoa dute, baina aurrerago kultur adierazpenei ere tokia egin nahi diete: poesia, bertsolaritza, bakarrizketak eta antzeko ekitaldiak. «Hasieran, iruditu zitzaigun musika izan zitekeela jendea erakartzeko modurik egokiena, baina pixkanaka eskaintza zabaltzea da asmoa», azaldu du Aldabaldetrekuk.
Gazteek sustatutako egitasmoa izan arren, Ixkiña ez dago adin tarte jakin batera mugatuta. Ostiraletako pintxo-pote orduekin bat etortzeak ekimenera gerturatzea errazten dio jendeari. Izan ere, kalean dabilen edonork izango du ekintzaz gozatzeko aukera. Topagune irekia eta dinamikoa bihurtu nahi dute, belaunaldi eta interes desberdinetako jendea elkartzeko espazioa.
Mendi irteerak
Kultur eskaintzaz gain, Gazte Asanblada mendi irteerak ere antolatzen hasi da, hilean behin, larunbatetan. Antolatzaileen arabera, mendizaletasunak beti izan du lekua gaztetxean, baina azken urteetako beherakadaz ohartuta, hainbat kidek jarduera hori berrindartzeko apustua egin dute. Helburu nagusia mendi-bideak ezagutaraztea eta jendeak «mendiaz gozatzea» da. Horrekin batera, herriko gazteen arteko harremanak sendotzea ere nahi dute.
Lehen irteera otsailaren 7an egin zuten, Arranoaitz mendira. Esperientzia «ederra» izan zela diote antolatzaileek, eta giro «paregabea» izan zuten. Ixkiña proiektuan bezala, mendi martxetan ere edonork har dezake parte. Oraingoz zailtasun txikiko ibilbideak antolatzen ari dira, mendian sufritu gabe gozatzeko pentsatuak. Hala ere, aurrerago ibilbide zailagoak proposatzeko asmoa dute, baita udan asteburu osoko irteeraren bat egitekoa ere.
Etorkizunari begira
Bi proiektuak pixkanaka sendotzen joatea dute helburu nagusitzat. orain Hasierako jarduerek izan duten harrera positiboa ikusita, antolatzaileek baikor begiratzen diote etorkizunari, eta egitasmoek ibilbide oparoa izan dezaketela uste dute. Horrela, musikaz zein mendiaz gozatu nahi duen oro gonbidatu dute parte hartzera eta, batez ere, giro atseginean une eder bat bizitzera. ■
