«Umorezko bertsoa eta lagun giroa gustatzen zaizkit»
Asier Otamendi urretxuar bertsolaria. // Argazkilaria: Mikel Albisu. Asier Otamendik 1993an parte hartu zuen lehenengo aldiz Arabako txapelketan (lehen San Prudentzio sariketa) eta bederatzi aldiz jantzi du txapela. Elikagaien Zientzia eta Teknologia ikasi zuen eta Arkautiko nekazaritza eskolan lan egiten du.
Zer diozu zure familiaz?
Aita gaztetan hil zen. Amak 85 urte egingo ditu aurten. Baserrian bizi da. Anaia ere bai. Ni, Gasteizen. Ama Urretxukoa da. Amona Zumarragakoa zen eta aitona Urretxukoa. Aita, berriz, Aiatik etorri zen. Orbegozo fabrikara lan egitera etorri zen eta gero hemen ezkondu zen. Aitaren aldeko familia kostaldekoa dut.
Nola gogoratzen duzu baserriko bizimodua?
Baserriko bizimodua ederra da. Animaliak, baratzea, familia osoa bueltaka… Hirira joan eta urteak pasa eta gero, geroz eta gehiago gogoratzen naiz baserriarekin. Geroz eta gusturago etortzen naiz baserrira. Hiri batean bizitzeak bere abantailak ditu, baina naturaren edertasuna eta baserria… Sentimendu gehiago dut horrekin.
Egunen batean Urretxun ikusiko al zaitugu berriro?
Ez dago jakiterik, baina baliteke. Behin erretiroa hartutakoan, nork daki.
Nolatan bertso zaletu zinen?
Osaba bertsolaria genuen: Luis Otamendi zarauztarra. Lehengusu bat ere bertsotan ibili zen: Andoni Otamendi. Bertso sena hortik datorkidala uste dut, aitaren aldeko familiatik. Gainera, gure etxean Loiola, Segura eta Arrate irratiak entzuten ziren, eta irrati horietan bertsolaritza oso presente egoten zen beti.
Nola landu zenuen bertsotarako gaitasuna?
14 bat urterekin bertsolaritza ahaztu nuen, baina Gasteizera joan nintzenean erdal mundu bat topatu nuen eta zer galtzen nuen konturatzen hasi nintzen. Eta euskarara inguratzeko bidea bertso eskolak eman zidan. Unibertsitatean harreman gehienak erdaraz ziren, eta bertso eskolaren iragarki bat ikusi nuenean hurbildu egin nintzen. Hortxe hasi zen nire hazia ernatzen. Harreman batzuk egin nituen eta poliki-poliki nire ibilbidea hasi nuen bertso munduan.
Nortzuk zebiltzan garai hartan bertso eskolan?
Lehenengo bertso eskola inauguratu zenean, Andoni Egaña han zegoen oraindik. Kantuan aritu zela gogoratzen dut. Nire lehen irakaslea Xabier Rico izan zen. Harekin hasi nintzen idazten, kopla batzuk kantatzen… Rikardo Gonzalez de Durana ere, historikoetako bat, tartean zebilen. Ondoren, Asier Iriondo hurbildu zen Legazpitik. Bera ere Gasteizen ibili zen. Garai batean dezente ibili ginen elkarrekin bertsotan. Oihane Perea ere bazebilen, Zigor Enbeita, Serapio Lopez… jende horrekin egin nituen lehen harremanak. Horietako batzuekin dezenteko harremana dut oraindik ere.
Saio asko izaten al zenituzten?
Garai hartan bertsolaritza nahiko bazterrekoa zen oraindik Gasteizen. Erdal gizarte bat zegoen Araban. Baina ez ginen asko bertsotan genbiltzanak, eta deitzen ziguten toki guztietara joaten ginen. Euskal kutsuko mugimenduetatik deitzen ziguten. Jon Maia eta Igor Elortza ere Gasteizen tokatu zirela gogoratzen dut. Ekosistema txiki bat sortu zen.
Txapelketa asko irabazi zenituen. Bertsotan hasi eta gutxira hasiko zinen txapelketetan parte hartzen…
Bai. Bertso eskolan hasi eta pare bat urtera hasi nintzen txapelketetan parte hartzen. Bertsotan ondo egin gabe ere, txapelketarako animatu gintuzten. Zalantzaz, beldurrez, baina animatu ginen. Poliki-poliki gora egin zuen ibilbidea hasi genuen, txapeleraino heldu arte. Nire lehen txapelketa 1993koa izango zen. Lehen txapelketa 1997an irabazi zuen. Lehen txapelketan ez ginen asko: hamar ginen eta finalera sei pasa ginen. Bosgarrena-edo egin nuen. Bigarren urtean koska bat gora egin nuen eta bigarren gelditu nintzen. Hirugarren txapelketan ere bigarren egin nuen eta Poulidor fama hartzen hasi nintzen. Baina hurrengoa irabazi egin nuen. San Prudentzio Sariketa bost aldiz irabazi nuen eta Arabakoa lau aldiz. Azkenekoa, 2008an. Ordutik pasa dira urte batzuk…
Bai, baina urte asko egin zenituen puntaren-puntan eta ez diozu Arabako bertsolari txapelketan parte hartzeari utzi.
Final gehienetan egon naiz. Final bakar batean ez naiz egon. Bigarren, hirugarren, bosgarren egin dut. Denetik pixka bat. Ia beti parte hartu dut. Hiru ekitalditan ez nuen parte hartu: atseden hartu nahi nuelako, pandemia garaian, eta eszedentzia bat hartu nuelako eta munduan zehar ibili nintzelako.
Gazteagotan oso lehiakorra zinela dirudi.
35 urte bete arte, gutxi gorabehera, nahiko lehiakor ibili nintzen. Asko entrenatzen genuen, saio batzuk ere bagenituen eta txapela borrokatzeko gogoa ere bai. Azkeneko urteetan lasaiago ibili naiz. Bertsolaritza bizitzeko gogoa dugu eta txapelketako bidea egiten disfrutatzen dugun kuadrillatxo bat dugu. Txapelketa hor mantentzeko, bertsolaritza bizitzeko eta afaltzeko geratzeko akuilutxoa da. Gasteizen euskarak aurrera egin du, eta mila leku daude euskaraz bizitzeko. Horietako bat bertsolaritza da.
Arabako Bertsolari Txapelketako beteranoen artean zaude.
Hala da. Rikardo [Gonzalez de Durana] izango da zaharrena. 67 bete behar ditu. Felipe Zelaieta ere badago. 63 urte beteko ditu aurten. Eta gero ni nago, 55 urterekin. Koxka bat atzerago 40 urtekoak daude eta, multzo sendoena, normala den bezala, 20-30 urteko gazteena da.
Txapelketa prestatzea gogorra al da?
Txapelketak bi alde ditu: gozatzekoa eta gogorra. Nik lehenengoaren alde egin dut: lagunekin gelditu, afaldu, bertsotan jardun… Baina beste aldea gogorra da: plazara atera beharra, txapelketak dakarren tentsioa, bezperako egun horiek… Hori ekidin nahi dut, baina nerbioak beti presente daude, nahiz eta txapelketetan 20 urte eraman. Gogortasun hori txapelketak ematen digun gozamenagatik onartzen dugu. Dena den, denok ez ditugu helburu berak: batzuek irabazi egin nahi dute eta beste batzuek disfrutatu. Nik ez dut lehiatzeko gose handirik.
Zenbat aldiz parte hartu duzu Euskal Herriko txapelketa nagusian?
Lau-bat aldiz parte hartu dut. Lehenengoan sailkapenaren erdialdean gelditu nintzen. Gero, pixkanaka, atzeratzen joan naiz. Arabako txapelketako lau onenak txapelketa nagusirako sailkatuko dira, baina ez naiz horretan pentsatzen ari.
Zein duzu gustuko bertsolaria?
Egaña zalea izan naiz beti. Erreferentea izan da beti: bere bertsokera, intelektualitatea sartu zuen bertsolaritzan… Gaur egun, hori zabaldu egin da: Lujanbio, Colina, Arzallus, Mendiluze… beti izan dira nire erreferenteak.
Nolako bertsolaria zara?
Nahiko arrunta. Duela 35 urte hasi nintzen bertsotan. Eskola beti hor gelditzen da. Gure estiloa fintzen eta aldatzen goaz, baina umorezko bertsoa eta afari edo lagun giroa gustatzen zaizkit. Txapelketa serioagoa da. Hor gauzak sakondu egin behar dira, ideia asko landu.

Asko aldatu al da bertsolaritzaren egoera Araban zu heldu zinenetik gaurdaino?
Bai, asko aldatu da. Lehen oso gutxi ginen. Saioak oso puntualak ziren. Lehen, bertso eskola boluntarioen esku zegoen eta gaur egun egitura bat du. Eskoletan, bertsolaritza 2.000-3.000 haurrengana heltzen da. Izugarrizko sarea dago. Bertsokera ere aldatu da. Gure erreferenteak Amuriza eta Egaña ziren, eta oraingoak Lujanbio-eta dira. Gaiak ere aldatu egin dira. Bizitzak eboluzionatzen jarraitzen du, eta guk ere bai.
Euskarak ere hobera egin al du Araban?
Bai, jakina. Ehuneko txiki batek hitz egiten zuen, eta asko hedatu da. Gaur egun, Gasteizen 50.000 euskaldun baino gehiago daude.
Gasteizek eta Arabak asko eman dizute. Bizitzaren bi heren pasa dituzu han dagoeneko.
Giro ona aurkitu nuen. Euskalgintzan sartu nintzen, AEKn, eta harreman asko egin nituen. Bizitza sozial emankorra izan nuen. Ondoren, Arkautiko nekazaritza eskolan lana topatu nuen. Lana oso gustukoa dut. Izan ere, ni baserrikoa naiz. Gainera, Gasteiz Urretxutik oso gertu dago. Konexioa mantentzeko aukera eskaintzen dit, eta konexio hori oso atsegina zait. Bi mundu horiek mantendu nahi ditut.
Arkautiko nekazaritza eskolan lan egiten duzu. Zein da zure zeregina?
Irakaslea naiz. Merkataritza irakasten ari naiz, eta beste proiektu batzuk ere badaramatzat: Erasmus proiektua, kalitatearen ardura… Denetik egiten dut: administrazio lana eta irakaskuntza. Nire gustuko arloa da, nekazaritzak eta elikadurak kezkatzen bainaute. Elikagaien Zientzia eta Teknologia ikasi nuen, eta gustuko bidean nabil: nire sustraiekin lotura du, elikadura ona, osasungarria, hezkuntza, bertako nekazaritza, bertako produktuak… Eskola ez da oso handia. 120 bat ikasle ditugu. Nekazaritza, lorezaintza eta paisaiagintza ematen ditugu. Ez da sektore erraza, konpetentzia handia dugu. Sektore honetara jotzen dutenek, naturarekin harremana bilatzen dute.
Duela gutxi Belgikan izan zara, lan kontuak direla eta.
Erasmus proiektuak ere egiten ditugu. Belgikan despopulazioari aurre egiteko proiektu bat egiten ari gara, Turkiako, Hungariako eta Belgikako jendearekin. Despopulazioari aurre egiteko gida batzuk sortu nahi ditugu, batez ere gazteen beharrak kontuan izanda, gazteak nekazaritza munduan gelditzea lortzeko edo bertara inguratzeko. Politikan dabiltzanei eta nekazaritzako agenteei gida moduko bat eskaini nahi diegu: gazteek dituzten beharrei erantzuteko zer egin dezakegun. Gai hau puri-purian dago. Landa eremua bizirik mantendu nahi baldin badugu, eta paisaia, elikadura osasungarria eta bertako kultura zaindu nahi baldin baditugu, zerbait egin beharrean gaude. Guztiok.
Erakundeen eta gizartearen aldetik nahikoa babes sentitzen al duzue?
Mundua gero eta globalizatuagoa da, eta informazioa edo desinformazioa geroz eta handiagoak dira. Handiek geroz eta kuota gehiago hartu nahi dute, eta horrela negozioa egin. Gu, zorionez, herri txikia gara, baserriz inguratua, eta kontzientzia hori mantentzen da. Baina horri eutsi beharra daukagu, bestela jan egingo gaituzte. Elikadura osasungarria mantentzeko, bertan modu osasuntsuan eta ekologikoan sortua jatea baino hoberik ez dago. Horri eutsi behar diogu, baina ez da erraza. Kanpotik datozen indarrak ikaragarriak dira. Kontsumitzailea heztea da egin beharreko lanetako bat. Gure herrietako jendeak lotura du naturarekin eta baserriarekin, eta eusten dio. Baina hiri handietan ez da hori gertatzen. Dena anonimoa da, eta jende asko supermerkatura joaten da merkeena erostera. Hori heziketa falta dela iruditzen zait. Desinformazio handia dago eta medioek indar handia dute. Masiboki egiten den hori ere ona dela esaten dute.

Eszedentzia hartu eta munduan zehar ibili zinela esan duzu.
Hala da. Kontinente guztietan izan nintzen: Asian, Ozeanian, Amerikan… Motxilarekin joan nintzen, 2011n. Bakarrik joan nintzen, baina lagun asko egin nituen bidean. Oso esperientzia polita izan zen. Toki guztietan daude leku ederrak. Jendea ere bai, bakoitza bere berezitasunekin. Denengandik zerbait hartuko nuke. Bizi egin behar da halako esperientzia bat, merezi du: noizean behin gelditu, norberarentzat denbora hartu, gustuko gauzak egin…
Goierritarrok Araba behar bezain ondo ezagutzen al dugu?
Gaur egun, oso erraz iristen gara Arabara. Gainera, txikitan etxean irratia bakarrik genuen, baina orain telebista, sare sozialak ditugu. Araba hortxe dago. Jendea nagusiki Gasteizera joango da, baina Arabako Errioxa, lautada eta mendialdea ere hor ditugu. Ez da txoko isolatu bat. Lehen Araba Gaztelarekin lotzen zen, baina gaur egun Euskal Herriarekin oso lotura estua du. ■

Asier Iriondo eta Gorka Ojangurenekin
Asier Otamendiren argazki kuttuna Zumarragako Balentiña jatetxean 1990eko hamarkadan egin zen bertso-afari batekoa da. Bi lagun minekin ageri da: Asier Iriondo legazpiarra eta Gorka Ojanguren urretxuarra. Ojangurenek Otamendi pertsona «alaia eta naturala» dela dio. «Iriondorekin beti xextran eta adar jotzen. Barre ugari egin izan dugu beti. Nire bertso ibilbideko garai zoriontsuenak ordukoak dira». Pasadizo ugari gogoratu ditu. «Legazpiko San Inazio auzoko jaietan, Iñaki Perurenak erronka bota zigun: berak bertsotan egiten bazuen guk harria jaso behar genuela. Berak ederki osatu zituen bertsoak, eta guk berriz… Beste batean, Perurenarekin eta bere seme Inaxiorekin, Otamendik mikrofonoa hartu zuen, eta han hasi zen Inaxio animatzen… ‘Beste bat jasoko du eta beste bat jasoko du…’, Inaxiok lehertuta bukatu zuen. Geltokiko jaietan, asto karrerako esatari lanak egiten ari zela, asto bat beste baten gainera igo zen. Jende guztia aztoratu zen, baina berak… ‘Utzi, utzi astoari lasai… hori naturala da eta!’». Iriondori dagokionez, Otamendiren pisu kidea izan zen Gasteizen. «Gure logeletako leihoek alde berberera ematen zuten eta, leihotik leihora trebatu ginen».
