Arantza Mantzisidor, Ormaiztegiko ahots ahaztua
Ormaiztegin 1948an jaio zen Arantza Mantzisidor Mendizabal, sei senideko familian laugarrena. 1960ko hamarkadako euskal kantugintzaren irakinaldian, Jose Luis eta Dionisio anaiekin Trio Anaik hirukotea osatu zuen. Makina bat kantaldi egin zituzten garai hartako jaialdietan, Ormaiztegin bezala Goierriko herri askotan eta Gipuzkoa mailan. Segura eta Loiola irratietan ere grabatu zizkieten Ormaiztegiko hirukoteari abestiak.
Gaztetako musika eta kantu zaletasunari goi mailako ikasketekin eman zien jarraipena. Baionako kontserbatorioan kantua ikasten hasi zen, eta Bordeleko kontserbatorioan amaitu zuen Kantuko eta Arte Dramatiko karrera, Rene Coulon irakasle ospetsuaren gidaritzapean. Soprano erregistroko kantari izan zen. Sari batzuk irabazi zituen Bordelen, kontserbatorioko kantu lehiaketako lehen saria aho batez, edo hiriko Antzoki Nagusiko Lagunen Elkartearen lehen sari berezia; baita Agen hirian ere.
Abeslari ibilbidea nazioartean garatu zuen Mantzisidorrek. Bartzelonako nazioarteko lehiaketan parte hartu zuen, Jose Carrerasen edo Placido Domingoren neurriko tenorrekin batera. Bakarlari modura, arrakasta lortu zuen opera klasikoko obra aipagarrienekin, Belliniren Norma, Pucciniren Turandot eta Madama Butterfly, Charpentierren Louise, edo Boitoren Mefistofeles operetan, esate baterako.
Operako soprano modura, Parisen, Errusian eta Mexikon ibili zen. Etxeari eta familiari eskaini zion gero bere bizitza eta lana, agertoki handiak utzita.
Alabak liburura eraman du
Arantza Mantzisidor sopranoaren bizitza, musika-ibilerak eta dohain isilduak duela urte eta erdi berreskuratu zituen publikoki Maialen Amilibia Mantzisidor alabak. Nadie es profeta en su tierra liburua (Circulo Rojo) argitaratu zuen 2024an, amari buruz. Emozioen, oroitzapenen eta amaren urratsen atzetik bildutako dokumentazioaren emaitza da, Amilibiaren lehenbizikoa idazle bezala, omenalditik eta errekonozimendutik ere asko daukana.
Amarekiko eskertza eta eskaintza da. Helduaroan den alabak karrera artistiko profesionala familiaren mesedetan utzi zuen gaztetako amari egindako sakrifizioa aitortzen eta eskertzen dio. Biografia soil bat baino barnerakoiagoa da, sentimenduen eta bizitzaren argazki intimo bat. Sorlekuko ezezagutzaren samina ere iradokitzen du.
Ahanzturatik libratzeko modua ere bai baita Mantzisidorren bizitza paperean idaztea, «gogoan izatea merezi duten hainbeste emakume anonimoren» adibide gisa. Urriko elkarrizketa batean, zera zioen Amilibiak: «Batzuetan, talentuak gizatasuna estal dezake. Amaren ahotsaren atzean bizitza intentsoa, eskuzabala eta erabat autentikoa dago. Bere historia ez da soprano batena bakarrik, pasioa bizitzeko eta maitatzeko modu bihurtu zuen emakume batena baizik».

