Elikadura hezkuntzaren erdigunean
Naturan Hezten webgune didaktikoaren ‘Hezkuntza elikatzen’ atal berriaren irudi bat. Zikloka eta ikasgaika antolatuta dago.
Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan baliatzeko moduko askotariko proposamen didaktikoak jaso dituzte Biziola kooperatibak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak Naturan Hezten webgune didaktikoaren Hezkuntza elikatzen atal berrian. Zikloka eta ikasgaika antolatu daude, eta proposamen didaktikoak lantzeko materialaz gain, bestelako jarraibideak nahiz proposamenek curriculumarekin duten lerrokatzea zehazten den lotura orri batzuk ere eskuragarri jarri dituzte webgunean: naturanhezten.eus/hezkuntza-elikatzen.
Kutxa Fundazioaren gizarte-kultura ekimenetarako diru-laguntza baten bidez sortu dituzte eduki gehigarriak bi elkarteek. 2025ean zehar ondu dute, eta datozen asteetan egingo dute egitasmoaren aurkezpena eta zabalkundea. Goierriko ikastetxe eta guraso elkarteak gonbidatuko dituzte aurkezpen ekitaldira, tresnaren berri eman eta haren erabilera azaltzeko. Horren osagarri irakasleriak baliatzen dituen kanaletan zabaltzeko bideo bat ere sortu dute. «Tresna hau irakasleek modu autonomoan erabiltzeko hezkuntza-baliabide bat da, eta ez da aurreikusten ikastetxeen esku-hartzerik. Biziolak eta Landarlanek badaramatzagu ikasturte batzuk elkarlanean ikastetxeetan elikaduraren integraltasuna lantzeko Zure platerean hasten da mundua unitate didaktikoa eskaintzen. Proposamen berria, kanpo baliabiderik gabe, eta irakasleen ahalmen eta gaitasunaren arabera, gaia erritmo desberdinetan lantzeko aukera eskaintzera bideratuta dago. Zalantzak argitzeko eta behar duenari aholkularitza eskaintzeko ateak ere zabalik ditugu».
Harreman sare zabal baten emaitza
Biziolako Intza Barandiaran eta Landarlaneko Garazi Auzmendi dira tresna honen garapenean aritu diren pertsonetako bi. Haien esanetan, gaur egungo testuinguru ekosozialak «erronka argia» jarri dio hezkuntzari: Bizitza duina eta iraunkorra bermatuko duten herritar kritikoak heztea. «Hori dela eta, elikadura ikastetxean modu integralean lantzea ezinbesteko bihurtu da. Elikadura ez da osasun kontu hutsa, dimentsio sozial, ekologiko, ekonomiko, kultural eta etikoak uztartzen dituen errealitate konplexua da», nabarmendu du Barandiaranek.
Elikagaiak naturatik datozela eta horrek gizakiak naturarekiko duen mendekotasuna agerian uzten duela dio, eta aldi berean, elikadura posible egiten duten lanek –ekoizpena, eraldaketa, prestaketa eta zaintza– pertsonen arteko «interdependentzia» erakusten dutela. «Ikuspegi integralak elikadura harreman sare zabal baten emaitza gisa ulertzen du, eta ez banakako ekintza isolatu gisa. Horregatik, elikadura bizitzaren erdigunean jartzea da gure abiapuntua, hortik abiatuta ulertzen baitira bai osasuna, bai justizia soziala, bai ingurumenarekiko ardura».
Elikaduraren ikuspegi soziala
Barandiaranek zaintza-lanei ere aipamena egin die, uste baitu «ikusezin» bihurtu direla. «Etxeko sukaldaritza, umeen elikadura eta adinekoen zaintza ezinbestekoak dira bizitza sostengatzeko, baina ez dute aitortza sozial eta ekonomiko bera jaso». Haren iritziz, ikastetxeetan elikadura modu integralean lantzeak «zaintzaren balioa azaleratzeko eta eguneroko ohiturek genero desberdintasunarekin eta gizarte antolaketarekin duten lotura aztertzeko aukera» ematen du.
Proposamen honek beste bi ardatz ere baditu, Biziolako kidearen arabera: agroekologia eta ekofeminismoa. «Lehenak elikadura sistemak ikuspegi sozialetik berrantolatzearen alde egiten du, eta bigarrenak bizitzaren sostengua eta zaintza balioa erdigunean jartzen ditu. Bi ikuspegi horiek uztartuta, elikadura hezkuntza eraldatzailearen tresna bilakatzen da, ikasleen eguneroko esperientziarekin zuzenean lotzen delako».
Kontsumo kritikorako tresna
Bestelako hausnarketa bat ekarri du mahai-gainera Auzmendik, egungo elikadura eredu nagusiarena: «Ingurumenaren mugak gainditzen ditu maiz. Baliabideen gehiegizko ustiapena, kutsadura, biodibertsitate galera edo klima aldaketaren areagotzea lotuta daude ekoizpen eta kontsumo jakin batzuekin». Horregatik iruditzen zaio «ezinbestekoa» dela hezkuntzan elikadura iraunkortasunaren ikuspegitik lantzea, «ikasleek elikagaiak ekoizteko, garraiatzeko eta kontsumitzeko moduek ondorio ekologiko zuzenak» dituztela ulertzeko. «Tokiko eta sasoiko elikadura praktika agroekologikoek lurraldearekiko lotura eta ingurumenarekiko erantzukizuna indartzen dute».
Landarlaneko kidearen iritziz, eguneroko kontsumo ekintza bat da elikadura, eta ondorioz, ekonomia eredu baten parte. «Erosketa bakoitza ez da neutroa, ekoizpen modu bat, banaketa sistema bat eta lan baldintza batzuk indartzen ditu». Integraltasuna landuta, ikasleek merkatu-funtzionamendua ulertzeko tresnak eskuratzen dituzte. «Ikasleak ohartu behar dira jakiak erosterakoan ingurumenean, ekonomian eta pertsonen bizitzetan eragiten dugula. Horregatik kontsumo kritikorako tresnak eman nahi dizkiegu» .
Elikadura proiektua
IKUSPEGI INTEGRALA
- Osasuna baino harago: Dimentsio sozial, ekologiko eta ekonomikoa.
- Naturarekiko mendekotasuna eta pertsonen arteko interdependentzia.
- Zaintza lanen aitortza eta genero ikuspegia.
- Iraunkortasuna eta agroekologiaren sustapena.
- Kontsumo kritikoa eta erosketa arduratsua.
- Kultura eta identitatea elikaduraren bidez.
HELBURUA
• Eragina ulertzea. Ikasleek beren eguneroko erabakiek komunitatean eta planetan duten eragina ulertzea, eta bizitza erdigunean jarriko duen pentsamendu kritikoa garatzea.
