Francoren buruari ostikoka
Lide Egizala • Arte zalea
Artea oso anitza da, eta pintura, eskultura edo arkitekturaz gain, badaude beste mota bateko diziplinak ere bere baitan. Horien artean kokatzen da Performancea, besteak beste. Arte diziplina hau 1970eko hamarkadan egin zen ezaguna, eta probokatzeko asmoz sortutako espektakulu edo ekintza bat izaten da, aldarrikapen bat egitea duena ardatz. Esan daiteke, Performancean, artelana bera ez dela objektu bat, artistak egiten edo antzezten duen hori baizik. Arte mota honetan inprobisazioak pisu handia du, eta ekintza poetikoarekin lotura estua izateaz gain, nabarmena da antzerkiaren eragina.
Diziplina horren barruan kokatzen da Eugenio Merino artistak egindako La copa del generalísimo obra. Lan horretan Francisco Franco diktadorea izan zenaren buru hiperrealista bat da objektu protagonista, eta horrekin egiten den ekintza da obraren funtsa: futbol partida bat jokatzea buru-baloi horrekin. Ez da lehenengo aldia Merinok horrelako baloi bat sortzen duena, Trumpen buru hiperrealista bat ere badauka, baita Otto von Bismarckena ere, besteak beste. Artistak berak eta partidako jokalariek diotenez, egiten dutena «faxismoaren aurkako» aldarrikapen edo ekintza bat da. Hau esanda, interneten bideoak eta irudiak ikustera gonbidatzen zaituztet, surrealistak bezain dibertigarriak baitira.
Egia esan, futbol partida konbentzionaletara amorrua askatzera joaten direnei gonbita luzatuko nieke diziplina hau probatzeko: bakoitzak jar diezaiola baloiari nahi duenaren aurpegia, Francorena izan, edo ondokoarena, akaso. Nolanahi ere, performancearen izenean, gauzak oihuka edo ostikoka konpondu beharrean, badira alternatiba egokiagoak ere: arteaz gozatzea, esaterako… edo zuzenean terapiara joatea.

