Inkongruentziak
Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Gutariko bakoitza, dagokion lekuan, garaian eta moduan sortu izanaren momentu beretik hasita, gure bizitza paradoxaz beterik dagoenik ezin uka.
Lazkao Txikiri, behin, futbola zer zen galdetuta, hogeita bi milioidun baloiaren atzetik eta hogei mila (estadioak ere txikiagoak orduan) pobre haiei txaloka, erantzun omen zuen. Ez dakit zenbaiterainoko futbolzalea, baina inkongruentziaren jakitun, behintzat, bazen. Koherentzia ezak futbolarenak bakarrik balira, gaitzerdi.
Gehiago edo gutxiago, guztiok dauzkagun kontraesan horiek akats edo gabeziak baino, giza portaeraren ezaugarriak kontsideratu ohi dituzte adituek. Hala ere guztiak zaku berean ez dituzte sartzen. Horietako zenbait kaltegarriak direla diote, beste batzuk onuragarriak ere izan omen daitezke eta gainerakoak, berriz, ez bata eta ez bestea.
Arrazoiaren eta pasioaren arteko talkak pentsatzen dugunaren, pentsatzen dugunaz diogunaren eta benetan egiten dugunaren arteko arrakalak, eragiten dizkigu. Inkoherentzia horien ebidentzien jabe ez izatea da honetan guztietan larriena. Tentsio modukoren bat sortzen badigute, jakitun garen seinale da eta bada zerbait.
Inkongruentzia guztiek negatibitate maila bera ez dutela jakinik, erabat uniformatu gabe ere, arrazoiaren eta pasioaren arteko oreka bilatuz, hiru esparruak berdintzen saiatzeak pertsona bezala benetakoagoak egingo gintuzke. Oso garbi ez dagoena, zer litzatekeen gutako bakoitzean ukitu beharrekoa, pentsatzen duguna, pentsatutakoaz esaten duguna ala egiten dugun hori.
Kontuak kontu, aurten ez goaz Sevillara.

