«Ezkontza bi aldiz atzeratu behar izan genuen pandemiagatik»

Ander Berasategik (Idiazabal, 1988) goi mailako Mekanizazio zikloa ikasi zuen Goierri Eskolan, eta berehala CAF enpresan lan egiten hasi zen. Oso kirolzalea da. «Txirrindularitza gustatzen zait gehien. Bai errepidekoa, eta bai mendikoa. Dolomitetan eta Alpeetan izan naiz eta garai batean Quebrantahuesos egiten nuen. Mendiko lasterketetan ere parte hartu izan dut: Zegama-Aizkorri, Berakoa, Goierri Traileko probak…». Gaur egun, herriko kirol elkartean lan egiten du. San Blas jaietako txirrindulari probaren, gazte mailako txirrindularitza probaren eta mendi duatloiaren antolaketan laguntzen du.
Txirrindulari bat.
Euskaldunen alde egiten dut beti. Egun, onentsuenak Ion Izagirre eta Alex Aranburu goierritarrak dira.
Pelikula edo telesail bat.
Akziozkoak.
Liburu bat.
Ez naiz irakurzalea. Kirolarien biografiak irakurri izan ditut. David Millar txirrindulariarena, adibidez.
Musika talde edo abeslari bat.
Euskaldunak: garai bateko txosnetako musika. Egungo euskal musika gazteengana heltzeko ondo egongo da, baina gustatu egin behar…
Abesti bat.
Bittor Aiaperen Arraroa noski.
Oporretarako leku bat.
Eguraldi ona eginez gero, edozein: Dolomitak, Suitza… Jende pilaketa handirik ez dagoen edozein toki.
Zer gosaltzen duzu?
Denbora edukiz gero, ogi txigortua ahuakate, urdaiazpiko edo olioarekin, eta kafea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna?
Semea jaio zen eguna. Izeik 3 urte ditu.
Jaso duzun oparirik bereziena?
Ezkontza eguna. Bi aldiz atzeratu genuen pandemiagatik, eta hirugarrenean egiteko moduan izan ginen. Ezin izan bagenu, paperak egin eta kito.
Amets bat.
Osasuna lagun izatea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Jatea.
Goierriko txoko bat.
Atxurbi. Alde batean Aizkorri eta bestean Aralar. Pribilegiatuak gara.
Idiazabalen biziko ez bazina…
Emaztea Beasaingoa dut eta Beasain esango dut, baina zaila egiten zait nire burua hemendik kanpo ikustea. Idiazabal bezalako herriak oso egokiak dira haurrak hezteko. ■
