Hitzak eskas
Ines Castiella Imaz • Kultur eragilea
«Existitu ginen lehenago, / eta ezagutu genuen mina, / bakarrik hitzak falta zitzaizkigun». (Adam Zagajewski)
Norberarena edo kolektiboa, mingarria, nostalgikoa, anekdotikoa, historikoa, dena delako oroimen-oroitzapenak lantzeko asteleheneko saioan honokoa izan zen egokitu zitzaidan poesia aipua.
Eraman zutela du izenburu iazko udaberrian Olaberrian malko artean ikusteko aukera izan genuen ikus entzunezko ederrak, Olaberriko eta Azpeitiko bi Z belaunaldi-kidek artez ondutakoa; artean min eta sufrimendu eta heriotza eleen esanahia ulertzeko adin nahikorik eduki ez arren, existitu eta mina pairatu izan zuten bi herrikideri hitzak falta izan zitzaizkien. Eraman zutela, da zioten bakarra garai hartan haietako batengatik galdetzen bazenuen. Bestearentzat, oraindik ere, ez hitzik, ezta bera oroitzeko eta negartzeko balio lezakeen ezer. Soilik mina. Eta existitu zela lehenago.
Ganora daukadanetik, etxeko sarreran, beti egon da nire aitonaren bisaiaren argazki handi bat marko eder batean jarrita, ongietorria ematen ariko bailitzaizun etxean bueltan izateagatik. Txikitatik zait gertukoa eta etxekoa nire aitona. Duela urtebete, baina, aitona nor izan zen, nola pentsatzen zuen eta egin eta ez egindakoez, egiatan jakin, bazekien azken pertsonak betiko alde egin eta bat-batean ohartu nintzen ordura arte hain etxekoa izandako eta soa ezerezera zuzenduta zeukan gizon hartaz inork ez zuela inoiz ezer kontatu, eta noizbait gure garaiko gaztetasun berde eta erosoegiagatik, konbentzimendu gehiegirik gabe galdeginda ere, erantzun gisa betondo ilunak eta mutur luzeak besterik ez zirela jasotakoak. Existitu izan zen, mina ezagutu zuten, baina hitzik ez zeukaten kontatzeko.
Orduan piztu zitzaidan beraren begirada galduarekin etxeratzerakoan ongietorri sendagarria ematen zidan gizon hura ezagutzeko beharra, benetan nor izan zen jakitearena, eta zergatik daukan soa ezerezera zuzendua, han egonda, ez balego lez. Zorionez, jaio izan zen etxearen azken zutoinak aurkitu ahal izan nituen; ordea, sortu izan zeneko etxe hura zegoen tokia, nortasun askorik gabeko bi bizitokitzarrek zuten hartua. Beranduegi nenbilen.
Atsekabetuta, bidean aurrera, mendian gora eta hurrengo herrian barrena jo nuen, bere arrastoren batekin topo egin nezakeelakoan. Saiatu nintzen, tentuz saiatu ere, emaitzarik lortu ez, ordea.
Atsekabetuta segitzen dut. Bere argazkiak bertan dirau. Etxera datorren guztiak ikus dezan existitu zela. Antzeman dezaket mina ezagutu zuela, eta beste batzuk ere ezagutu zutela bere mina. Ordea, hitzak lapurtu zizkieten guztiei; eta nik orain hitzak behar eta hitzak ditut eskas. ■
