«Horrelako zerbait lortzea ikaragarria da, egunen batean gehiago baloratuko da»

Alba Torresekin hasi zen, eta harrezkero ez du entrenatzaile lana utzi Odei Lopezek (Legorreta, 1988). Atleta bezala Txindoki eta Real Sociedad taldeetan aritu eta marka bikainak lortu ondoren, Txindokiko jaurtitzaileen taldeko buru da.
Noiz hasi zinen Txindokiko pisu jaurtiketako atleten entrenatzaile?
2009an atleta bat entrenatzen hasi nintzen, laguntzen hasi nintzen. Ni orduan oraindik atleta bezala nenbilen, baina jada ikusten nuen azken urteak geratzen zitzaizkidala, eta 2009an Alba Torresekin hasi nintzen astean behin zerbait egiten.
Aurrena Txindoki taldean hasi zinen atleta gisa, eta gero Realaren taldean. Zer desberdintasun nabaritu zenituen bi taldeen artean?
Oraindik berez Realeko fitxa izaten jarraitzen dut, aurten arte. Baina azken urteetan jada ez nabil entrenatzen. Nik horrela irudikatzen dut: Reala da Euskal Herri mailan dagoen atletismo talderik onena, atletismoan sartzen garen gehienok badaukagula ilusioa egunen batean Realarekin lehiatzekoa, eta ikusten dut bidearen parte bat bezala. Txindoki irudikatzen dut harrobiko talde bezala, eta Reala errendimendura begirako talde bezala. Realean kirola ia debalde ateratzen zaizu. Igual entrenatzailea ordaindu beharko duzu, baina fitxa Realak ordaintzen du, agian laguntza ekonomikoren bat ere ematen du, sari batzuk daude txapelketa batzuetan parte hartzeagatik eta abar.
20 urtez azpikoen artean, 10. markarik onena daukazu egun Espainia mailan 2007an egindako 18,28 metroko markarekin. Nola gogoratzen dituzu garai haiek?
Urte politak izan ziren. Oso fuerte nengoen garaia zen, errendimendu ona ari nintzen lortzen, beti gehiago nahiez bezala, baina egia da orduan faltan sumatu nuela talde baten beharra. Denbora asko bakarrik entrenatzen egon nintzen, entrenatzaileak asko lagundu zidan, baina pena izan zen talde bat osatzeko aukerarik ez genuela izan. Bazeuden beste atleta batzuk, baina errealitatean ni bakarrik ibiltzen nintzen. Bestela, orokorrean urte politak izan ziren.
Zer behar da pisua jaurtitzeko?
Lehenik eta behin, pertsona batek gogoa behar du. Uste dut dohain fisikoak kirol gehienetan behar direla, eta pisu jaurtiketan agian behar da handia izatea, altuera fuertea, koordinatua, azkarra izatea… Baina bereziki gogoa azpimarratuko nuke. Zeren gogoa daukan pertsona bat bere errendimendu maximotik gertu egon daiteke; ez daukanarekin ezin da ezer egin.
Sasoi onean dago Txindokiko pisu jaurtiketa taldea?
Goierri bezalako bailara txiki batean horrelako zerbait lortzea ikaragarria da. Egunen batean gehiago baloratuko da gaur egun baloratzen dena baino. Nik esaten dut oraingo atleta hauek direla entrenatu dudan bigarren belaunaldia. Ni entrenatzaile hasi nintzenean, Alba Torres, Gari Garmendia, Joseba Berasain, Leire Garmendia, Amets Otaegi… talde handi bat egon zen adin bertsukoak zirenak, eta haiek ere oso emaitza onak lortu zituzten.
Pisu jaurtiketan bakarrik ez, harri jasotze entrenatzaile ere aritzen zara Gari Garmendiarekin.
Entrenatzaile edo prestatzaile fisiko, laguntzaile, deitu modu batera edo bestera, baina bai, jarraitzen dugu elkarrekin harremanetan. Normalean txapelketetako lan teknikoa Ostolazaren harri jasotzaile eskolan egiten du, baina entrenamendu fisikoa edo hortik aurrerako entrenamendua nirekin egiten du. Garik daukan alde ona da aurretik eginda daukan indar lan horrek asko laguntzen diola kirolerako, harria jasotzeko. Ariketa asko ikasita dauzka nola egin, teknikoki oso ona da. Desberdina da prestaketa bi kiroletan, oso, baina badauzka antzekotasunak ere.
Bertsolaria zara, eta Legorretako Udaleko Kultura eta Kirol zinegotzi. Nola uztartzen duzu hori dena?
Nik ere galdetzen diot nire buruari. Eta aipatutakoaz aparte, beste ardura batzuk badauzkat. Nola uztartzen den? Beste gauza dezente albo batera utziz edo lehentasunak ondo markatuz, eta onartuz hautatutako bizimodua dela. Ez dakit zenbat iraungo duen, pixka bat nekatzen hasita nago, baina tarte honetan behintzat gustura nabil, antolatzen naizela esango nuke eta orain artekoarekin konforme.
Entrenatzaile lanetan jarraitzeko asmoa duzu etorkizunean?
Denboraldi hau bukatuko dugu. Nik beti esaten dut urtero sinatzen dugula kontratua, urtetik urtera, eta uztailean bukatuko dugu. Hortik aurrera ikusiko da zer erabakitzen dugun. Atletek ere nahi izan behar dute guk jarraitzea, eta hori ere kontuan hartu behar da. ■
Jaurtika, gaurdaino heldu dira
