Jaurtika, gaurdaino heldu dira

Emaitza bikainak ari dira lortzen Txindoki Atletismo Taldeko jaurtiketa saileko atletak, bereziki pisu jaurtiketan. Bederatzi atletak osatzen dute jaurtiketa taldea egun, Odei Lopez entrenatzailearen gidaritzapean.
Txindoki Atletismo Taldearen jaurtiketa saila garai onean da. Horren adierazleetako bat da 2025eko Ordizia Kirol Sarietan jasotako Urteko Kirol Taldearen Saria. Bederatzi laguneko taldea osatzen du sailak egun, Odei Lopez entrenatzailearen gidaritzapean. Pisua jaurtitzen dute zazpik, eta diskoa beste bik. Gehienak hasi berriak dira eta oraindik ez dute lehiatzen, baina badira urte batzuk daramatzaten atletak. Azken horiek emaitza bikainak lortzen ari dira azken denboraldietan pisua jaurtitzen. Baina gaur egungo kontua izatetik harago, ia sorreratik izan dituzte taldeko pisu jaurtitzaileek emaitza aipagarriak.
1976ko irailean dauka jatorria Txindoki Atletismo Taldeak. Ordu hartan, Villafranca UC klubaren barnean eratu zen gerora eskualdeko atletismo taldea bilakatuko zena; 1996an sortu zen eskualde mailako Txindoki Atletismo Taldea. 1980ko hamarkadan jada baziren eskualdeko hainbat herritako pisu jaurtitzaileak klubean, Angel Perez ‘Pululu’ Txindokiko kideak azaldu duenez: «Maider Etxaniz, Mariasun Asurabarrena, Otaegi, Txala… haiek hasi ziren eta emaitza onak lortu zituzten». Urte batzuk beranduago Iker Sukia (Ataun, 1976) iritsi zen, eta hark «hauspotu» zuen taldeko jaurtiketa saila, pisuan. Jose Antonio Peñak entrenatzen zuen. Ondoren Real Sociedad taldera pasatu zen, baina bera da gaur egunera arte «arrakasta handiena izan duen Txindokiko atleta», Perezen esanetan.
Hainbat errekor ondu zituen Sukiak, eta oraindik indarrean dira batzuk: 18 urtez azpiko Espainiako errekorra 20,13 metroekin (Bath, Britainia Handia, 1995); 20 urtez azpiko Espainiako seigarren markarik onena 18,47rekin (Tolosa, 1995); 23 urtez azpiko Espainiako hirugarren onena 19,05ekin (Tolosa, 1999). Azken hori Espainiako historiako hamargarren markarik onena da absolutuan. Euskadiko errekor ia guztiak ditu pisu jaurtiketan, aire librean zein pista estalian; absolutuetan Carlos Tobalinak dauka bietan, eta Aratz Cendonek (Ordizia, 2006) 16 urtez azpiko pista estalikoa. Gainontzeko mailetan, ez ditu inork hobetu Sukiaren markak.
Absoluturako txartela
Ezta Zuhatz Sukia Imaz (Ataun, 2006) Txindokiko atletak ere. 20 urtez azpikoetan, bere aitaren atzetik, bigarren markarik onena dauka. «Haren aita da maila horretan bera baino hobea den bakarra», nabarmendu du Perezek.
Baina bere bidea egiten ari da Zuhatz Sukia, eta maila bikaina erakusten jarraitzen du. Belaunaldi berriarekin, teknika berriak ere sartu direla azaldu du gazteak: «Teknikoki ezberdina denez, aitak ez dit aholku gehiegi ematen; bere garaian teknika lineala erabiltzen zen, eta nik modu birakarian botatzen dut». 2026ari indarrarekin ekin dio. Espainiako 23 urtez azpiko pista estaliko txapelketan brontzezko domina eskuratu zuen otsailaren hasieran, eta 7.260 kiloko bola 16,70 metro jaurtita, estatuko txapelketa absoluturako gutxienekoa (16,60) lortu zuen. Espainiako absolutuan (otsaileko azken asteburuan) 15,77 metrora bota zuen bola Valentzian, 10. postua eskuratuta; Odei Lopez entrenatzaileak esan bezala, «neguko denboraldiko oparia» izan da ataundarrarentzat absoluturako txartela lortzea.
Denboraldiko helburuak uste baino lehen ezarri baititu. «Abenduan gauzak ez ziren atera nik nahi nuen bezala, baina azkeneko lehiaketetan oso gustura sentitu naiz botatzen, eta nik uste marketan ikusten dela». Espainiako pista estalikoarekin, urte hasieran jarritako helburua lortu du. Udako aire librekoari begira, «17 metro botatzea helburu polita» litzateke ataundarrarentzat.
Negukoa amaituta, udakoari begira
Aimar Alustizarekin (Legorreta, 2005) osatzen du Txindoki Atletismo Taldearen pisu jaurtiketa taldearen nagusien ekipoa. Txindoki taldearekin lehiatzen da Alustiza, baina Sorian (Espainia) ikasten ari denez, han entrenatzen du. «Ahal dudan asteburuetan etortzen naiz eta Odeirekin entrenatzen dut». Ez zuen hasi nahi bezala denboraldia, baina 23 urtez azpiko Espainiakoan lortutakoak (16,20, laugarren postua) txapelketa absoluturako aukera eman zion. Absolutuan, zortzigarren egin du, 16,24 metro jaurtita. Barruan daukan markatik «urruti», baina «gustura» agertu da egindako lanarekin. «Ezintasun puntu bat» dauka gorputzaldi onarekin zegoelako eta hobeto egoteko aukera duela dakielako. «Absolutu batean lehen zortzietan sailkatzea seinale ona da, baina neguan egin dugun lana ez da marketan ondo islatzen». Dena dela, «pozik» dago «postu oso txukun bat» egin duelako.
Aratz Cendonek eta hirurek osatzen zuten duela gutxira arte pisu jaurtitzaileen gorengo ekipoa. Baina ordiziarra beste klub batek fitxatu du, eta Ordizian entrenatzen badu ere, Avinent Manresa taldearekin lehiatzen da. 11 urterekin hasi zen pisu jaurtiketan, eta igeriketarekin uztartu zuen duela bospasei urtera arte: «Igeriketa utzi nuen pisu jaurtiketan emaitza onak lortzea posible nuela ikusita, eta orain urtero nabil borrokan estatu mailan ahalik eta postu eta marka onenak lortzeko». Abenduan ukalondoko lesio bat izan zuela eta, «errendimenduak behera» egin dio. Baina Espainiako 23 urtez azpikora joatea lortu du: «Espainiako txapelketa batera joateak poztu ninduen eta horrekin geratzen naiz, nahiz eta 11. postua ez izan denboraldi hasieran bilatzen genuena». Aurrerantzean, «lesioari buelta ematea eta teknikari zuzenketa batzuk egitea» du helburu, «marka hobetzeko».
Pista estaliko denboraldia amaituta, atseden hartu ondoren udako aire libreko lehiaketei begira jarri dira.
Arene Sukia, diskoan
Ez dagogaur egun estatu mailan lehiatzen ari den emakumezko jaurtitzailerik Txindokin. Baina aurreko hamarkadetan izan dira. Ane Torres ordiziarrak Euskadiko hainbat errekor ditu ezarrita pisu jaurtiketan: 16 eta 18 urtez azpiko Euskadiko errekorrak bereak dira oraindik ere, 2014, 2015 eta 2016an ezarritakoak. Pisuarekin ez, baina mailuan, Txindokin aritutako Dorleta Armendariz ordiziarrak Euskadiko errekorrak ditu, maila guztietan.
Odei Lopezek azaldu du berak ez daukala gaur egun mailu entrenatzaile izateko baliabiderik, baina diskoan ari diren bi atleta entrenatzen ditu. Arene Sukia (Ataun, 2008) da horietako bat –Iker Sukiaren alaba eta Zuhatz Sukiaren arreba–. Urte eta erdi darama diskoa jaurtitzen, eta otsailaren amaieran 20 urtez azpiko jaurtiketa luzeen Espainiako txapelketan 11. postua lortu du. Denboraldia ondo hasi zuen, «baina lesio txiki baten ondorioz, ez da joan nahi bezala». Aire librean, Espainiako txapelketarako gutxieneko marka egitea da bere helburua. «Eta zerbait gehiago ateratzen bada ere, ondo».
Pisua, diskoa, mailua. Batetik zein bestetik, harrobi ona izan du eta gaur egun ere badu Txindoki Atletismo Taldearen jaurtiketa sailak.■

2026ko neguko lorpenak pisuan
Pista estaliko Euskadiko txapelketa absolutua
- 1. Aimar Alustiza Lasa (Txindoki). 15,83
- 2. Zuhatz Sukia Imaz (Txindoki). 15,66
- 3. Aratz Cendon Araujo (Avinent Manresa). 13,88
23 urtez azpiko pista estaliko Espainiako txapelketa
- 3. Zuhatz Sukia Imaz (Txindoki). 16,70
- 4. Aimar Alustiza Lasa (Txindoki). 16,20
- 11. Aratz Cendon Araujo (Avinent Manresa). 13,00
Pista estaliko Espainiako txapelketa absolutua
- 8. Aimar Alustiza Lasa (Txindoki). 16,24
- 10. Zuhatz Sukia Imaz (Txindoki). 15,77
Markak (7,260 kg)
- Zuhatz Sukia. 2026koa zein marka pertsonala: 16,70 (2026-2-7).
- Aimar Alustiza. 2026koa: 16,24 (2026-2-1); marka pertsonala: 17,07 (2025-5-24).
- Aratz Cendon. 2026koa zein marka pertsonala: 13,88 (2026-1-25).
Odei Lopez: «Horrelako zerbait lortzea ikaragarria da, egunen batean gehiago baloratuko da»
