Sasoi onari eutsita, amaitzear da Martxoan Bertsoa
Lehenengo kanporaketako partaideen argazkia, Huts tabernan.
Azken saioaren faltan dira urretxuarrak eta zumarragarrak Martxoan Bertsoaren 24. edizioari agur esateko. Ostiral iluntzeak herritarren hitzordu bihurtu dira aurten ere, eta arrakastaren emaitza da martxoaren 28an jokatuko den finala. Hiru talde ariko dira.
Taldeen arteko zirikak, agur sofistikatuak eta bertsolarien potoak. Ezer gutxi da ohikoa Martxoan Bertsoan: plazetan kantatu ohi ez dutenek ere kantatzen dute, entzuleen artean dauden askok ez dute bertsolaritza jarraitzen, eta taberna dute plaza. Ez dago isiltasunik bertsolariek ariketak pentsatzeko hartzen duten tartean ere: marmarrak, barreak eta txutxu-mutxuak nagusitzen dira. Gisa horretakoak izaten dira Zumarraga-Urretxuko bertso eskolak antolatutako Martxoan Bertsoa zikloko saioak. 24. aldia du aurtengoak, eta hiru kanporaketak jokatu dira dagoeneko; finalaren zain dira.
Aurten, 27 bertsolarik eman dute izena, hiruko bederatzi taldetan banatuta. Urretxuko eta Zumarragako herritarrez gain, Antzuolako, Legazpiko eta Goierri beheko partaideek osatutako taldeak ere lehiatu dira. Ohi bezala, ostiral iluntzeetan jokatu dira kanporaketak: otsailaren 27an izan zen lehenengoa, Zumarragako Huts tabernan; bigarrena martxoaren 6an jokatu zen, Urretxuko Soraluze tabernan; eta hirugarrena Urretxuko Eire tabernan. Martxoaren 28an jokatuko da finala, 19:30ean, Urretxuko gaztetxean, eta kanporaketa bakoitzeko talde irabazleak ariko dira lehian: Xelebrek —Uhaitz Oiartzabal, Amets Zubizarreta eta Sustrai Goenaga—, Zirtoaroa —Mikel Iturriotz, Arkaitz Aizpuru eta Beñat Torres— eta Bertso Olariak –Ane Beloki, Jone Narbaiza eta Lierni Ugarte–.
Ia mende laurden bertsotan
Martxoan Bertsoa duela ia mende laurden bat sortu zuten, garai hartan bertso eskolaren bueltan sortzen ari zen mugimenduaren erantzun gisa. Herriaren egoerarekin bat egingo zuen bertso ekimena sortzea erabaki zuten, bertsozaletasunari eta euskalgintzari bultzada emateko asmoz. Bertso eskolako girotik sortutako egitasmoa izan zen hasieratik, eta herritarrekin gozamen tartea partekatzeko borondatez egina.
Urteek aurrera egin ahala, ekimenak indar handia hartu du. Antolatzaile taldeko Jon Mendizabalek nabarmendu du hasieran proiektua abiarazi zuten askok —Gorka Azkaratek, Antton Fernandezek, Uxue Fernandezek edota Gorka Santestebanek— oraindik ere inguruan jarraitzen dutela, «eta hori da Martxoan Bertsoaren indargune nagusietako bat».
«Belaunaldien arteko jarraipena» ere agerikoa suertatu dela azaldu du. Denboraren joanaren erakusgarri, lehen edizioetan parte hartu zuten batzuen seme-alabak igotzen dira gaur egun oholtzara. Antolatzaileen ustez, horrek argi erakusten du egitasmoak herrian «sustrai sendoak» dituela.
Bertsolari berrien agertoki
Denborak aurrera egin arren, Martxoan Bertsoaren oinarriek bere horretan diraute: bertsozaletasuna eta euskalgintza sustatuko dituen ekimena izatea, eta bertsolari ez diren barra ertzeko kantariak ere oholtzara ekartzea.
Horrek ez du esan nahi azken 24 urteetan ekimenak aldaketarik izan ez duenik. Mendizabalen arabera, garrantzitsuenetako bat duela 15 bat urte gertatu zen. Herriko bertso eskolatik igarotako belaunaldi berria hasi zen oholtzaratzen: Mikel Iturriotz, Manex Mantxola, Maialen Akizu, Amaia Iturriotz, Joseba Salegi eta Mendizabal bera, esaterako. Punta zorrotzeko aldebiko lantza izan zen hura: «Bertsoarekin harreman sendoagoa zuten bertsolariak agertokira iritsi izanak saioen maila igo zuen, eta horri esker gaur egun kalitate handiko saioak eskaintzen dira. Baina, era berean, profesionalizatze horrek, bertsolarien eta publikoaren arteko distantzia handitu eta publikotik bertsolari berriak sortzea zaildu du».
Helburuei eusteko, azken urtean pauso berriak eman ditu bertso eskolak. Iaz bertso tailerrak antolatu zituzten, eta iazko udazkenetik aurtengo otsailera arte aritu dira saio horiekin. Jardun horrek «fruituak» eman dituela dio Mendizabalek: ikastarora joandako bizpahiru herritar lehen aldiz igo dira aurten oholtzara. «Horrek erakusten du ekimenak oraindik ere baduela bertsolari berriak sortzeko gaitasuna».
Baina ez hori bakarrik; bestelako bilakaerarik ere izan du. Agurren arloan, esaterako. Urtez urte gero eta agur landuagoak egiten dira: luzeagoak, atrezzo gehiagorekin eta eduki zainduagoarekin. Horrek duen arrakasta nabarmendu du Mendizabalek: «Agurrak dira taldekako txapelketaren erakargarri nagusietako bat, nagusiena ez bada».
Herritarrez gain, ingurukoak ere bai
Urteek aurrera egin ahala, Martxoan Bertsoak inguruko herrietako bertsolariak ere erakarri ditu. Ekimenaren sorreratik eduki dute bi herriez kanpoko bertsolariak gonbidatzeko ohitura, baina azken urteetan «kontrako fenomenoa» ere gertatu dela azaldu du Mendizabalek: kanpoko bertsolariek beraiek agertu dute parte hartzeko interesa.
Oreka hori zaintzea garrantzitsua iruditzen zaie antolatzaileei; txapelketaren ardatza herriko bertsolariak izatea nahi dute, eta inguruko herrietako partaideekin osatzea egitura. Hala ere, harremana «modu positiboan» baloratu dute, eta etorkizunean ere dinamika hori mantentzea espero dute, ekimenak «irisgarritasun gehiago» izan dezan luzarora ere.
Taldekako txapelketa baino gehiago
Ospe gehien duen ekitaldia taldekako txapelketa da, baina Martxoan Bertsoa «hortik harago» doan zikloa da. Hilabete osoan zehar bertsoaren bueltan bestelako ekitaldiak ere antolatzen dituzte, bertsozaletasuna beste publiko batzuetara zabaltzeko. Aurten, esate baterako, beste bi ekitaldi antolatu dituzte. Batetik, Gelatik plazara ekimena egin zuten martxoaren hasieran, Goierriko hainbat herritako bertsolari gaztetxoei kanturako aukera emanda. Eta, bestetik, hilabetearen erdira iritsita, Ekidaren Urrunetik gatoz emanaldia izan zuten; kantagintza eta arte antifaxista oinarri hartuta, atzoko eta gaurko borrokak eta atzoko eta gaurko kantak ekarri zituzten.
Beraz, taberna giroan sortzen diren bertsoetan, publikoaren barreetan eta oholtzara lehen aldiz igotzen diren herritarren urduritasunean, bizirik dirau Martxoan Bertsoak. Ia mende laurdeneko ibilbidearen ondoren, bere hasierako espirituari eusten jarraitzen du ekimenak, eta aurrerantzean ere hori «hauspotzen jarraitzeko lanean» segituko du Bertso Eskolak. ■
