«Zegama-Aizkorri izan da egin dudan lasterketarik bereziena»

Duela hiru urte hasi zen mendian korrika Azeddine Elhamidi zegamarra (Maroko, 2008), eta ordutik kirol hau bere pasio eta eguneroko errutinaren parte bihurtu da. Gaur egun, Ironwillpro taldeko kide gisa lehiatzen da, eta pixkanaka emaitza nabarmenak lortzen ari da: otsailean Ordiziako Mendi lasterketako distantzia laburrean lehenengo postuan helmugaratu zen.
Noiz hasi zinen mendian korrika?
2023ko Zegama-Aizkorri junior mailako lasterketa izan zen nire mendiko lehen lasterketa. Horren aurretik futbolean aritzen nintzen, baina duela urtebete korrikan zentratzea erabaki nuen, eta ordutik nire kirol ibilbidea mendiko lasterketetara bideratu dut.
Ordiziako Mendi Lasterketa irabazi berri duzu, distantzia laburrean. Esperotako garaipena izan al da?
Egia esan, buruan neukan zerbait zen, garaipen hau ez baita kasualitatez iritsi; eguneroko dedikazioaren eta esfortzuaren fruitua izan da.
Zenbat ordu eskaintzen dizkiezu entrenamenduei astean?
Astean zehar ia egunero entrenatzen dut. Normalean sei entrenamendu egiten ditut, baina batzuetan zazpi ere bai. Bakoitza desberdina eta espezifikoa izaten da.
Zerk motibatzen zaitu egunero entrenatzen jarraitzeko?
Egunero pixka bat gehiago hobetzeko aukera ikusteak motibatzen nau gehien. Gainera, kontziente naiz pertsona askok nik egiten dudana egiteko dena emango luketela; beraz, horrek, aurrera jarraitzeko indarra ematen dit.
Nolakoa da zure egun bat?
Goizeko seietan esnatzen naiz, errezatu egiten dut, ondoren gosaldu, eta eskolako lanak errepasatzen ditut. Zortzietan eskolan sartzen naiz eta ordu bietan ateratzen naiz. Bazkalostean lan batzuk egin, eta entrenatzera joaten naiz. Ondoren, sauna saioa egin, dutxatu eta afalostean, eskolako lanak egiten ditut. Azkenik, luzaketa ariketak egin eta hamaikak alderako ohera joaten naiz.
Korrika egiteak nola eragin du zure izaeran eta bizimoduan?
Korrika egiteak bizitza beste modu batera ikusten erakutsi dit. Esango nuke, kirol honek eman didan baliorik handiena konstantea eta diziplinatua izatea dela.
Zein izan da zure lasterketarik gogoangarriena?
Bereziena Zegama-Aizkorri izan da, dudarik gabe. Izan ere, bizi naizen herrian eta entrenatzen dudan inguruetan da.
Zein dira zure helburuak hemendik aurrera?
Helburu asko ditut, baina horien artean nagusiena aurtengo Zegama-Aizkorri junior lasterketan lehenengo bostetan helmugaratzea da.
Erreferenterik baduzu kirol munduan?
Bai, betidanik Elhousine Elazzaoui izan da nire erreferentea. Gaur egun trail munduan dagoen lasterkari onenetarikoena da, baita nire laguna ere.
Zein dira zure bestelako zaletasunak?
Egun libreetan futbolean jokatzea gustatzen zait.
Etorkizunean zer ikasi nahi duzu?
Orain DBH-4 bukatzen ari naiz, eta etorkizunean kirol munduarekin lotutako zerbait ikasi nahiko nuke. ■
