«Bizitzan behingo aukera izango nuela pentsatu nuen»

Euskal Herria lurralde txikia den arren, euskaldun jendea munduko edozein bazterretan aurki daiteke. Horren adibideetako bat da Oinatz Mintegi Alvarez (Lazkao, 2001). Gaur egun Almaty hirian bizi da, Kazakhstanen, eta duela gutxi egoitza-baimena eskatu du, bertan bizitzen jarraitzeko asmoz.
Zer egiten duzu Kazakhstanen?
Karrerako hirugarren urtea ikastera etorri nintzen Kazakhstanera, eta esperientzia asko gustatu zitzaidanez, masterra egitera ere hona etortzea erabaki nuen. 2024ko abenduan masterra bukatu nuen, eta orain egoitza-baimena eskatu berri dut.
Zenbat denborarako egoteko asmoa daukazu?
Ez dakit, ez dizut esango betirako hemen geratuko naizenik edo hemendik hamar urtera bertan jarraituko dudanik, baina nire asmoa urte batzuk Kazakstanen bizitzea da.
Zer dela eta aukeratu zenuen herrialde hori?
Kasualitatea izan zen, azkeneko egunera arte ez bainuen ezer erabakita izan. Hasieran Portugalera joatea pentsatu nuen, baina behin kanpora irtetekotan, urrutiago zeuden lekuetan jarri nuen begirada. Herrialde post-sobietikoak asko gustatzen zaizkit, eta Kazakhstan aukeren artean ikusi nuenean, bizitzan behingo aukera izango nuela pentsatu nuen. Azkenean, herrialde hori eman zidaten, eta begira noraino iritsi naizen.
Zer ikasi duzu?
EHUn Politika Zientziak ikasi nituen lehenengo, eta ondoren, Nazioarteko Harremanen inguruko masterra.
Zertan dira desberdinak Kazakhstango eta Euskal Herriko bizimoduak?
Egia da desberdintasun nabarmenak daudela bien artean. Adibidez, kulturalki ez daukate zerikusirik. Erlijioari dagokionez, jende gehiena hemen musulmana edo kristau ortodoxoa da. Bestalde, bizi kalitatea ere oso desberdina da; zerbitzuei dagokienez eta administrazio kontuetan nabaritu dut desberdintasun handiena. Hala ere, etorri nintzen lehenengo alditik hona jada ohitu egin naizela esango nuke, eta, beraz, desberdintasun horiek ere lausotu egin dira.
Bertako jendea ezagutzeko aukera izan al duzu?
Nire lagun gehienak bertakoak dira, unibertsitatean ezagututakoak, baina ingelesez ikasten genuenez, errealitatea ere bestelakoa izan da. Iruditzen zait, beste leku batean eta beste baldintza batzuekin bizi izan banintz errealitate hori oso desberdina izango litzatekeela.
Zein hizkuntza hitz egiten dira?
Herrialde elebiduna da Kazakhstan, eta kazakhera eta errusiera hitz egiten dira nagusiki. Nik kalean, batez ere, errusiera entzuten dut, %60 inguru, eta kazakhera %40. Hala ere, herrialdeko beste lurralde batzuetan kazakhera gehiago entzuten da. Hori arrazoi sozial eta politikoengatik da. Gero badaude beste hizkuntza gutxitu batzuk ere, baina nagusienak esandako biak dira. Ni errusiera ikasten ari naiz pixkanaka.
Non zaude zehazki?
Ni Almatyn nago. 1990eko hamarkadara arte Kazakhstaneko hiriburua izan zen, gero Astana bihurtu zen arte. Almaty gaur egun herrialdeko hiririk handiena da.
Zein zailtasun edo erronka aurkitzen dituzu eguneroko bizitzan?
Oro har, hemengo bizitzara moldatu naizela esango nuke. Etorri nintzenean hizkuntza arazoa zen, baina orain, nire errusiera beste munduko ezer ez bada ere, ez daukat komunikatzeko arazorik. Erronka nabarmenen artean, klimari lotutakoak aipatuko nituzke, hemengo eguraldia nahiko muturrekoa baita. Neguan, tenperaturak erraz jaisten dira zero azpira. Bestalde, hiriaren erronka nagusiak lurrikarak eta kutsadura dira. Duela bi urte lurrikara oso bortitzak jasan genituen, bat otsailean eta bestea martxoan. Niretzako ezusteko handia izan zen, Lazkaon ez baita lurrikararik gertatzen, eta horrelako zerbait bizitzen nuen nire lehenengo aldia izan zen. Horrez gain, kutsadura ere hemengo ezaugarri nabarmenetako bat da; askotan airea ia arnastezina da, batez ere neguan. Leihotik begiratuz gero, zeru guztia beltz ikusten da.
Beste euskaldunik ezagutu al duzu Kazkhstanen?
Ni etorri nintzenean EHUtik Durangoko beste ikasle bat ere etorri zen, eta orain beste bi gehiago ezagutzen ditut. Eusko Jaurlaritzak BEINT izeneko programa bat eskaintzen du, nazioarteko merkataritzara bideratutako bi urteko egitasmoa. Programaren barruan, parte-hartzaileak atzerrira bidaltzen dituzte, enbaxada eta antzeko erakundeetara, eta programa horrekin etorritako jendea ere ezagutzen dut. Leioako mutil bat ezagutu nuen duela gutxi, adibidez, eta aurreko urtean hemen egondako Usurbilgo beste bat ere bai. Azkenean, mundua musuzapi bat dela esaten da, eta egia da: iaz hona etorri behar zuen beste pertsona baten kontaktua ere eman zidaten, eta antzeko egoerak behin baino gehiagotan gertatu zaizkit. Jende askok idatzi dit, Kazakhstanera datorren norbait ezagutzen dutela esanez eta nire kontaktua partekatzeko eskatuz.
Lazkaotik zeren falta sumatzen duzu?
Batez ere familia, lagunak eta janaria. Hemengo jana gustatzen zaidan arren, supermerkatuak ez zaizkit batere gustatzen. Gaizki pasatzen dut, batez ere haragia erosterako orduan, hemengoa oso desberdina baita.
Zein dira zure zaletasunak Kazakhstanen?
Hemen mendi asko dago, 3.000 eta 4.000 metro ingurukoak. Gainera, hiritik oso gertu daude eta asko gustatzen zait mendira joatea. Bestalde, bidaiatzea ere bada nire zaletasunetako bat. Kazakhstanen bidaiatzeaz gain, inguruko herrialdeak bisitatzeko aukera ere izan dut, toki politak ezagutzeko, janari berriak probatzeko eta kultura desberdinak gertutik ezagutzeko.
Zer asmo dauzkazu orain, Almatyn garatu nahiko zenukeena?
Orain egoitza-baimenaren zain nago. Hori gabe, oraingoz, ezin dut legez lanik egin hemen, eta lortutakoan lanen bat aurkitu nahiko nuke. Etorkizunean, berriz, doktoretza egitea gustatuko litzaidake Politika zientzien edo nazioarteko harremanen inguruan, eta ondoren, unibertsitateko irakasle izan nahiko nuke.
Epe motzean Lazkaora itzultzeko asmorik badaukazu?
Udan, agian. Udan ez bada, Gabonetan beti itzultzen naiz. Kazakhstanen nire lekua aurkitu dudan arren, nire erroetara itzultzea beti gustatzen zait.
Zer aholku emango zenioke beste herrialde batera bizitzera joan nahi duen bati?
Lehenengo asteak eta hilabeteak nahiko zailak izan daitezke, bai sozializatzeko eta baita hemengo bizimodura egokitzeko ere. Hala ere, nik ezagutzen ditudan pertsona guztiak denborarekin ondo egokitu dira. Egia da herrialde guztiak ez direla pertsona guztientzat egokiak, eta baliteke hemengo errealitatera ez ohitzea. Hala ere, gomendatuko nioke gauzak lasai eta pazientziaz hartzeko, eta batez ere disfrutatzeko. Esperientzia aberasgarria bizitzeko aukera bikaina da. ■
