‘Ez dut nahi’
Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Ez, ez dut nahi, ez, ez, ez, ez holako zibilizaziorik” kantatzen genuen aspaldi. Mundua, gertukoa eta urrutikoa, mundu guztia bere luze zabalean, hain nahasia dugun honetan, letra batere aldatu gabe, kanta genezake «ez, ez dut nahi» gaur ere. Ikaragarria da arlo guztietan bizi dugun tentsioa, sufrikarioa. Tristura, pena eta inpotentzia sentitzen ditugu. Beti dauzkagu hizketarako nahiz idazteko gaiak, gai potoloak, askotan tristeak: indarkeria, errespetu eza, zapalkuntza, erasoak, gerrak. Euskararen kontrako erasoetatik hasi eta III. Mundu Gerra, gerra nuklearraren arriskua…
Berri txarrez gainezka, itoko ez bagara, telebista ez piztea erremedio ona da, balio du niretzat behintzat; nahiz eta jakin, begiak itxi eta guk ikusi ez arren, arazoek hor segitzen dutela…
Kontuak kontu, arazoak arazo, penak pena eta sufrimenduak sufrimendu, jar gaitezen udaberriari begira, alai eta pozik. Hemen da udaberria! Loreak sortzen, eguraldia epeltzen, eguna luzatzen den garaia (alergiak dituzuenoi sufritzea ere tokatuko zaizue baina…). Hori guztia lagun dugula, poesiarako tartea har genezake eguneroko bizitzan: poesia irakurtzeko, poesia idazteko, poemez pentsatzeko nahiz goxo hitz egiteko.
Zer atsegina den, urrutira joan gabe, inguruko baso batean sartzea, belar sortu-berri gozoaren gainean oinutsik ibiltzea, hosto eta lore jaio berriak usaintzea, txorien txorrotxioa entzutea, arnasa sakon hartzea, gure barnea sentitzea, momentua bizitzea, buruari atseden ematea, biziberritzea… Hori dena bakarrik bizi dezakegu edota adiskide eta lagunekin partekatu, bi eratara bete ditzakegu pilak, hartu dezakegu indarra.
Ni kukua noiz entzungo zain nago, aurten ere etorriko baita!, erloju beharrik gabe.
Kanta zahar, oso zahar, batekin hasi gara eta berriago batekin bukatuko dugu: Negua joan da ta Aiora Renteria (Zea Mays). Argiaz, itxaropenaz, bizitza loratuaz ari den kanta entzun eta gozatu! ■
