Goierritarrak Realaren kopak altxatzen
Reala 1987ko Kopan. ‘Musti’ zutik ezkerretik 4.a, ‘Txiki’ eskuinetik 1.a.
Orain hurrena, Realak Atletico Madrilen aurka jokatu eta irabazi zuen Espainiako Kopako finalean, 1987an, ‘Txiki’ eta ‘Musti’ goierritarrak txapeldun izan ziren. Biek sartu zuten gol bana.
Apirilaren 18ari begira jarrita daude realzale goierritarrak ere. Espainiako Kopako finala jokatuko du Realak, historian bigarren aldiz Atletico Madrilen aurka. 1987ko ekainaren 27an, Zaragozako (Espainia) La Romareda zelaian, gain hartu zion Realak talde madrildarrari. Bi goierritar ari ziren garai hartan gizonezkoen Gipuzkoako lehen taldean, orain bezalaxe.
Aitor Begiristain Txiki (Olaberria, 1964) titular atera zuen John B. Toshack entrenatzaileak. Partidako zutabeetako bat izan zen Begiristain. Lopez Ufartek 10. minutuan Reala aurreratu eta Da Silvak 24an berdindu ondoren, atsedenaren aurretik (36an), gol puska sartu zuen Txiki-k. Ezker itxi-itxia izan arren, are barrutik eskuinarekin baloiari eman, eta eskuin eskuadran kokatu zuen, Abel atezain madrildarra gaindituta.
Bigarren zatian binakoa lortu zuen Atleticok. Luzapenean ez zen aldatu berdinketa, eta penaltietara iritsi ziren. Eta orduan azaldu zen Juan Mari Mujika Musti (Zumarraga, 1963-2004). 4-2 menperatu zuen Realak aurkaria penaltietan; Musti-k bigarrena bota eta sartu zuen.
2021eko finalean ere bi goierritar
Hurrena, 2020ko Kopa irabazi zuen Realak. Finala 2020ko apirilaren 18an zen jokatzekoa, baina koronabirusaren pandemiak gerarazita zeukanez guztia, urtebete geroago jokatu ahal izan zen Athletic-Reala finala, 2021eko apirilaren 3an, Sevillako Cartuja estadioan eta publikorik gabe. 0-1 irabazi zuten gipuzkoarrek.
Bi goierritar zeuden orduan ere, baina talde bakoitzean bana: Realean Aritz Elustondo (Beasain, 1994), eta Athleticen Mikel Balentziaga (Zumarraga, 1988). Elustondok bakarrik jokatu zuen finala, 92. minutuan Gorosabelen ordez zelairatu zuen Imanol Alguacilek.
Bere historian hiru Espainiako Kopa irabazi ditu Realak. Lehena 1909ko apirilaren 8an lortu zun, Club Ciclistaren izenean aurkeztuta. Madrilgo Español taldeari 3-1 irabazi zion talde gipuzkoarrak. Golak, ordea, ingelesek sartu zituzten: bi McGuinnessek eta bat Simmonsek. Goierritarrik ez zen orduko Realean.
Horiez gain, galdutako beste lau final ere baditu Kopan. Guztiak Bartzelonaren aurka galduak, gainera: 1913an, 1928an, 1951n eta 1988an.
Apirilaren 18ko finalean, bi goierritarrek, bi beasaindarrek edukiko dute laugarren kopa lortzeko ardura eta aukera: Aritz Elustondok eta Beñat Turrientesek (Beasain, 2002). ■
