Rosa Parks: arrazakeriaren kontrako borroka
Maitane Legarreta • Irakurzalea
Rosa Parks estatubatuarra 2005ean hil zen, 92 urterekin, baina aurrez bere bizitzari buruzko istorioa biltzen duen liburua idatzi zuen, Jim Haskinsekin batera. 1992an argitaratu zuten Rosa Parks: My Story (Rosa Parks: nire istorioa) liburua, eta Katakrakek iazko irailean plazaratu zuen, Amaia Astobizak euskaratuta.
1955ean, arrazagatiko segregazioa nabarmena zen Estatu Batuetako hegoaldean, baita autobusetan ere. Zuriak aurreko eserlekuetan esertzen ziren eta beltzak, berriz, atzealdean. Sarritan, aurrealdean ordaindu, jaitsi eta atzeko atetik sartu behar izaten zuten, zuriekin ez gurutzatzeko. Gainera, autobusa betez gero, beltzek haien lekua utzi behar izaten zieten zuriei.
Abenduko egun batez, bigarren mailako hiritar izateaz eta makurtzeaz nazkatuta, Rosa Parksek uko egin zion bere aulkia gizon zuri bati uzteari, eta autobus gidariak poliziari deitu zion. Hala, Parks atxilotu, epaitu eta zigortu egin zuten. Gertaera hark Alabamako Montgomery hiriko beltzek autobusei boikota egitea eragin zuen, eta bide asko urratu zituen borroka baketsu eta nekaezinaren ondoren, epaitegiek segregazioa legez kanpo uztea lortu zuten.
Liburuan umetatik bizitako bidegabekeriak, ezberdintasunak eta bazterkeria islatu ditu, baita zurien aurrean babestu beharra ere. Baina, aldi berean, aitonaren eta inguruko beste batzuen jarrera ikustean, abusua isilik ez jasatearen kemena ere errotu zen bere baitan, geroago arrazakeriaren kontra altxa eta eskubide zibilen aldeko jardunera bideratuko zuena.
Parks emakume arrunta zen bere ustetan, baina aparteko gauzak egin zituen. Izan ere, akaso ez da besterik behar munduan aldaketak lortzeko: jende arrunta batu, eta elkarrekin ezohiko gauzak egitea. ■
