«Behin bertsotan hasita, saio bakoitza asko disfrutatu dut»
Goierri betidanik izan da bertsoaren lurralde oparoa, eta gaur egun ere haria ez da eten. Belaunaldi berrikoen artean dago Duna Urteaga beasaindarra (2009). Aurten, Gipuzkoako Herriarteko Bertsolaritza Txapelketako Goierriko finalera iritsi da, Oriako Tramanak taldearekin.
Beti aritu al zara bertsotan?
Lehenengo aldiz 9-10 urte ingururekin hasi nintzen bertsotan, nire lagun batekin batera. Pare bat urte egin nituen, eta ondoren utzi egin nuen, duela bi urte berreskuratu dudan arte.
Lehenengoz Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan parte hartu duzu. Nolakoa izan da esperientzia?
Oso esperientzia polita izan da eta guztiz eroso sentitu naiz taldean. Taldekideek nik baino esperientzia gehiago zeukaten, eta, alde horretatik, babes handia sentitu dut uneoro.
Zeintzuek osatu duzue taldea?
Nirekin batera June eta Maddi Aiestaran bertsotan aritu dira, Klara Schmidt epaile lanetan, eta Uxue Perez gai jartzaile.
Oriako Tramanak izena jarri diozue taldeari. Nondik dator izena?
Tramana arrain mota bitxi bat da, eta Oria ibaian halakorik sekula egongo ez dela jakinda, ideia horrekin jolastu nahi genuen. Izan ere, Beasainen bost neska bertsolari elkartzea ere ez da ohikoa.
Zein eragin izan du zugan txapelketa horretan parte hartzeak?
Hasieran zalantza izan nuen ea gai izango nintzen maila horretan aritzeko ala ez. Baina esperientzia honek erakutsi dit gai naizela, eta konfiantza irabazi dut nire buruarengan. Eskolarteko txapelketatik harago, beste espazio batzuetan abesteko eta beste bertsolari batzuekin egoteko aukera izan dut.
Zer moduz eraman duzu publiko aurrean abestea?
Saioen aurretik urduri egon naiz, baina behin bertsotan hasita, saio bakoitza asko disfrutatu dut.
Prestaketa berezirik egin duzu txapelketarako?
Astero bertso eskolara joaten naiz, eta hori izan da nire entrenamendua. Horrez gain, errima zerrendak egitea ere gustuko dut.
Etorkizunean bertsotan jarraitu nahiko zenuke?
Bai, izugarri disfrutatzen dut bertsotan, eta ahal dudan bitartean horretan jarraitzea gustatuko litzaidake.
Erreferenterik ba al duzu bertsolaritza munduan?
Ez nuke esango; bertsolaritza jarraitzea baino gehiago gustatzen zait bertsotan aritzea. Hala ere, June eta Maddi [Aiestaran] beti jarraitu izan ditut, eta haiekin batera aritzea sekulakoa izan da.
Bertsolaritzaz gain, zein dira zure beste zaletasunak?
Futbolean ibiltzen naiz, Goierri Gorri taldean. Horrez gain, lagunekin ateratzea eta musika entzutea ere asko gustatzen zaizkit.
Badaukazu talde gustukorik?
Ganibet taldea asko gustatzen zait. Azkenaldian, autotune erabiltzen duten talde alternatiboak entzuten ari naiz.
Ikasketei dagokienez, zer ari zara ikasten?
Osasun arloarekin lotutako Batxilergoa ikasten ari naiz, baina oraindik ez dakit etorkizunean zer ikasi nahi dudan. Aukerak irekita izateko aukeratu nuen bide hori, baina Euskal Filologia eta antzeko graduak ere gustatzen zaizkit. ■

