Elbereth: agurrerako eguna iritsi da
Elbereth taldearen azken formazioa: Sanchez, Etxeberria, Manso, Albisu eta Legorburu. / Arg.: Iñigo Peñagarikano
Legazpiko Elbereth musika taldeak azken kontzertua egingo du bihar, Oholtza Bete Bihotz jaialdian, Koma taldearekin batera. Atzean utziko dituzte 25 urte emankor, eta toki esanguratsua metal doinuen munduan.
Biharko eguna berezia izango da Elbereth musika taldeko kideentzat. 25 urtetik gorako ibilbide etengabeari amaiera emango dion kontzertua dute hitzartuta, Legazpiko Oholtza Bete Bihotz jaialdian. Hitzordua 22:00etan da, Azokan. Sorpresaz beteriko agur alaia izango dela iragarri dute, jarraitzaileekin eta legazpiar guztiekin konpartitu nahi dutena.
Azken asteetan entseguetan murgilduta egon dira Subeltzako lokaletan, baita hemeroteka eta bestelako artxibo pertsonaletan ere. 2002an lehen aldiz musika jotzeko elkartu zirenetik hona bildutako istorio, bitxikeria eta argazkien artean arakatzen ibili dira, taldearen historia osatzeko, bide luze horretan taldekideen aldetik izan diren joan-etorrien testigantza jasotzeko, eta ondoan izan dituzten lagunei aitortza egiteko.
Duela 25 urte baino gehiago Elbereth sortu zuten musikarietatik, Ruben Sanchez Rufo gitarra jotzailea bakarrik geratzen da. Aritz Legorburu baxua, Iker Manso ahotsa eta gitarra, Xabier Etxeberria bateria eta Julen Albisu gitarra beranduago iritsitakoak dira, beste taldekide batzuk ordezkatzeko. Horixe da Elbereth taldearen azken formazioa.
Jatorrizkoan, Sanchezekin batera, Eneko Maizek jotzen zuen bateria, Juanjo Garciak baxua eta Iban Miguel zen ahotsa. Otegirekin, lau izatetik bost izatera igaro ziren, eta ondoren, eta azken formazioa osatu bitartean, gitarra jotzaile gehiago izan ziren: Xabier Urkia lehenik, Iker Otegi gero, eta Xabier Castaño azkenik. Andoni Zabaleta zena ere taldekidetzat zuten, «taldeko beste bat zelako, ia kontzertu guztietara etortzen zen guztiekin».
Musikariekin batera, abestien hitzen eta bideoklipen egileak, argazkilariak, diseinatzaileak, bestelako laguntzaileak eta jarraitzaile asko eta asko daude. Horiek guztiek osatu dute Elbereth familia.
Familia hori musika jo nahi zuen lagun kuadrilla batek sortu zuen. Metal doinuak zituzten gogoko, eta J. R. Tolkien idazlearen ipuinetako argiaren eta izarren jainkosaren izena eman zioten osatu zuten taldeari. Elbereth osatuta, entseguekin hasi ziren, baten garajean lehenik, gaurko Gaztetxeko lokal txiki batean gero, eta Subeltza kolektiboaren lokal batean azkenik.
Entseguekin hasita, kontzertuak iritsi ziren. Makina bat gaztetxe, areto, jaialdi eta herrietako festa izan dira Elbereth taldearen musika gogorraren lekuko. Euskal Herrian zabaltzeaz gain, Espainiako txoko askotara ere eraman dituzte metal doinu horiek. Baita lehiaketetan aitortzak jaso ere; 2006an Irurtzungo (Nafarroa) Pikurock-en, adibidez. Europako Wacken metal jaialdi handiaren Espainiako kanporaketan finalaurrekora hiru aldiz sailkatzea, edo Villa de Bilbaorako lekua lortzea ere lorpen handiak izan ziren.
Diskoak ere atera dituzte. Bost izan dira guztira: Gaueko ilargia (2007), Arimak pizturik dirau (2009), Itzalitako izarren lurraldea (2012), Karma (2017), eta taldekidetzat zuten Andoni Zabaleta eta harekin istripuan hil zen igor Iñurritegiri eskainitako Omen (2024), liburu eta guzti.
Biharko agurrean, tokitxo bat izango du disko horietako bakoitzak, 25 urteko ibilbidean taldeak ondoan izan dituen lagun guztiekin batera.
«Atsekabe handiz»
Agurrarena ez da egun batetik bestera hartutako erabakia izan. Hala azaldu du Sanchezek: «Manso duela urte batzuk hasi zen esaten taldea utzi nahi zuela, desgasteagatik, baina lortu genuen geure artean eustea tarte baterako, batez ere gure lagun handiak ziren Andoni eta Iñurri omenezko Omen diskoa prestatzeko aitzakiarekin. Diskoa atera eta gero, osasun arazo larri bat tarteko, taldearekin aurrera jarraitzeko indarrik gabe ikusi nuen neure burua, eta Mansok taldea uzteko asmoarekin jarraitzen zuen gainera. Bera gabe, ez nuen ikusten taldeak aurrera egiteko aukerarik».
Eta Manso eta Rufo gabe, «zentzu gutxiago» zuen Elberethen jarraipenak, Legorburuk dioenez: «Rufo da hasierako kide bakarra, berak muntatu zuen taldea… Nik beti esan izan dut beste taldekideak joan eta etor daitezkeela, baina Rufo ez, bera da taldeko arima». Horregatik, taldea desegitea erabaki zuten.
«Atsekabe handiz» hartutako erabakia izan da, baina «dolua» igarota dutela esan dute bost musikariek, eta biharko agurrean jarri dituzte indarrak. Izen handiko Koma taldearekin banatuko dute karteldegia, eta legazpiarrak teloneroak izango dira, «baina izarrak ere bai!».
Mimo handiz prestatutako emanaldia eta kontzertua izango direla aurreratu dute, eta «sorpresa asko» egongo direla ere bai. Egun osoko festa izango da, eta bazkarian elkartuko dira hainbat lagunekin. Denak elkartuko dira gauean Azokan.
Behin betiko agurra
Behin betiko agurra izango da, baina Elbereth betirako geratuko da Legazpiko eta Euskal Herriko musikaren historian jasota, bereziki metalaren jarraitzaileen artean. Sanchezek dioenez, «duela 25 urtetik gora sortutako taldea noraino eraman dugun eta non utzi dugun ikusita, harro gaude egin dugun ibilbideaz, eta momentu onean utziko dugu».
Ibilbide luzea eta intentsua izan du Elberethek, entseguak, kontzertuak eta diskoak kontuan hartuta. «Eta etengabea!», taldekideek nabarmendu duten bezala. «Egin ditugun eten bakarrak diskoak prestatzeko izan dira, ez gara gelditu urte hauetan guztietan». Legorburuk zehaztu duenez, «egin dugun bidea, guk egin dugun bezala, ez da erraza izan: bost disko auto-ekoitzi ditugu, oso txukunak, beti gure ideiekin koherente izan gara hasieratik bukaeraraino, eta horretaz harro gaude. Nik uste dut utzi dugun legatua harro egoteko modukoa dela».
Adiskidetasuna eta lagun artekotasuna ere ez dituzte saltzeko. «Geure artean urte asko egin ditugu, bizipen ugari izan ditugu, furgonetan ordu asko pasa ditugu, kontzertu pila bat, jende asko ezagutu dugu…». Eta publikoaren aitortza, hori ez baita ahaztu behar: «Behin esan ziguten kultuzko taldea ginela!».
Eta hori guztia, Etxeberriak dioen bezala, «metala modan ez dagoen garai honetan». Bateria jotzaileak 17 urte egin ditu taldean, eta denbora honetan «lagun artean egindako barre guztiak» eramango ditu agurrarekin, «eta herriko bost lagun, tontakeria gutxi izanda, noraino iritsi garen».
Albisu iritsi da azkena, pandemia garaian. Gaztetatik jarraitu zuen taldearekin jotzen hasi zen, horrela. «Nire logelan gitarra jotzetik hauekin jotzera pasa nintzen, eta nire gustuko taldeekin konpartitu dut oholtza. Niretzat poz handi bat da taldean jo izana. Bukaerari dagokionez, hasierako pena pasatuta dago; ez da sorpresa izan, bazetorren. Iraun duen bitartean gozatu dut, eta kito. Entseguetan ere disfrutatu dut, hori izan da helburua, eta kontzertuetan jotzea sari gisa hartu dut».
Ibilbidean zehar une txarrak eta gozoak bizi izan dituzte, baina txarrak ahaztuta dituztela esan dute. Onetan, gogoratzekoen artean, sariak daude, batez ere Pikurock txapelketak emandakoa. «Lan gogorra egin genuen, eta irabaztea eztanda bat izan zen, emozioen aldetik batez ere, saria Su Ta Gar, Banda Bassoti, Kerobia eta Etsaiak taldeekin jotzea izan zelako. Zeinen pozik geunden, zer ilusio egin zigun!», gogoratu du Mansok.
Sari horrek, eta atzetik egindako lan guztiak, izen bat eman zioten bandari, eta Euskal Herritik kanpo jotzeko aukera izan zuten. Valentzian, Katalunian eta Madrilen jo zuten, besteak beste.
Elbereth bukatuko da bost lagun horientzat, baina musika ez. Etxeberria eta Albisu Oxida taldean daude, eta besteek Subeltzako lokala mantentzeko asmoa dute, «konpromisorik gabe» jarraitzeko jotzen, «arnas pixka bat hartu ondoren». ■

