«Goierrik izugarrizko harrera egiten dio Korrikari aldiro»

Artista eta AEK-ko euskara irakaslea da Nekane Munduate Urdangarin (Lazkao, 1973). Euskara irakasle hasi zenetik gertatu diren aldaketez, euskalduntzeak dituen erronkez edota biharko egunari begirako lanez aritu da hizketan.
Lazkaotarra ala ataundarra?
Lazkaon jaioa, baina ia ataundar sentitzen naiz. 14 urte arte Lazkaon bizi izan nintzen. Gurasoak ere ataundarrak, eta beti joera Ataunera joatekoa zen. Badauzkat ikastolako txikitako lagunak izan direnak, beti izaten duzu harremana, hori bai, baina bestela bizimodu guztia ia Ataunen zentratuta egin dut.
Arte Ederrak ikasi zenituen. Hori ogibide izan duzu noizbait?
Bai, Leioan. Hasiera horretan heldu nion sorkuntzari, bidea ireki nahian hortik, baina sorkuntzak bere baitan ez du jatekorik ematen. Amatasuna eta bestelakoak tarteko, ogibide berri baten bila hasi nintzen eta AEKn sartu nintzen.
Euskaraz ikasi zenuen?
Bai. Gure aurrekoek borroka dezente egin zuten horretan. Guk bagenituen hutsune batzuk eta itxialdiak-eta egin zituena gure belaunaldia izan zen; Arte Ederren Fakultatea hartu genuen, itxieran astebete egon ginen bertan lo eginez, eta hori izan zen aurretik zegoen borroka horri forma ematen hasi zitzaiona. Orduan lortu zen Arte Ederrak euskaraz izatea.
AEKn irakasle hasi zinen. Noiz eta nola sortu zen aukera hori?
2008-2009 inguruan, bi urte utzi nuen eta berriz bueltatu nintzen. 17. Korrikaren arduraren aurretik hasi nintzen bueltaka eta hemen gelditu nintzen jada. Glotodidaktika ikastaro bat egin behar izaten da AEKn irakasle lanetan aritzeko, eta orduan egin nuen ikastaro hori eta bukatzear nengoela deitu zidaten. Garai hartan hiriburuetan ematen zuten, eta nik Donostian egin nuen; Antiguoko aterpetxean zeukan AEK-k euskaltegia eta han egin nuen. Gaur egun, aukera dago bai online egiteko eta baita aurrez aurre egiteko ere.
Sormenagatik utzi zenuen tarte batez AEK. Nolakoa izan zen saiakera hori?
Gauza bat da zuk sorkuntza lanak egitea, baina gero hori bistaratu egin behar da, eta nolabait ere galeriak eta bestelakoak ukitzen joan nintzen, baina azkenean izenik ez daukazunean zaila da hanka bat sartzea. Leku publikoetan erakustea erraza da, baina horrek ere ez dizu ematen aukera askotan jarraipena egiteko. Enkarguak eta horrelakoak ateratzen dira, baina familia daukazunean ogibide baten bila hasten zara.
Sormena ez duzu inoiz utzi?
Ez, ez dut inoiz utzi, segitzen dut sormen lanarekin, baina ez naiz sormen lanetik bizi. Momentu batzuk izaten dira intentsoagoak besteak baino. Bolada bat izan nuen zentratu nintzena ahalik eta gehiena horretara, sormenera, baina iritsi zen puntu bat ez nintzela denera iristen, eta orduan erabaki nuen egin beharrekoa ondo egin behar nuela, ideiak hartu eta gero hori gorpuztu. Beste dimentsio batean sartu nintzen, beste lasaitasun bat eman zidan horrek, eta sorkuntzarako nolabait nire denborak bilatzen ikasi nuen. Gehienbat uda partea erabiltzen dut sormenerako, eta tartean-tartean, inoiz ez duzulako uzten; ideiak beti gordetzen ditut marrazki bidez, ilustrazio bidez, argazki bidez edo dena delako bidez. Horiek hartu eta hortik joaten naiz sormen lana izango litzatekeen hori gauzatzen.
Zeramika landu izan duzu batez ere. Zergatik?
Bere garaian hasi nintzen zeramikarekin nik adierazi nahi nuena materiak berak, lurrak berak, nolabait ere eramaten ninduelako erraz plasmatzera. Nire lan egiteko forma murala da, eskultura da, eta nolabait ere horrek eraikitzeko bidea ematen zidan. Beti transmititu izan dit gertutasun bat, ez zeramika ikuspuntutik, baizik eta materiak berak daukan indarragatik. Zeramikarekin kolorerik gabe lan egiten duzu baina gero kolorea suak ematen dio; orduan, badauka horrelako inprobisazio kutsu bat ere, erakartzen zaituena. Sentitu nuen nire lana ateratzeko adierazpide izan zitekeela.
Euskara eta artea. Esango zenuke antzekotasunak dituztela?
Hizkuntzak egiten gaitu, gure izaera-edo nolabait ere gorpuztu egiten du, eta klaseetara etorrita edo, beti esaten dut sortu egiten dugula guk ere euskararekin: batetik, jolastu egiten dugulako hizkuntzarekin eta horrek sormena areagotzen du; eta, bestetik, gero hizkuntzaren tripetara-edo sartzen zara hizkuntza erakusten hasten zarenean. Orduan, hor badago sormenetik puntu bat, zeren azkenean mamitu egin behar duzu, beste bati adierazi behar diozu, nolabait ere jolasten, bizitzen erakutsi behar diozu, eta badauka horrek estetikatik ere, eta arteak ere hori du. Azkenean eraikitzen den irudi horrek besteari jolasarazi egiten dio, mami horrek jantzarazi egiten gaitu, pentsarazi egiten digu, hausnarrarazi egiten digu. Orduan, badaukate horrelako lotura moduko bat.
Non ibili zara irakasle? Zein euskaltegitan?
Goierriko Goiztiri AEKn hasi nintzen irakasle lanetan. Bere garaian irakasle aurrez aurreko taldeekin hasi nintzen. Goierri guztira zabaltzen gara; fisikoki egoitzak Beasainen eta Ordizian baldin baditugu ere, Goierriko beste herrietara ere mugitu egiten gara. Eta urteen arabera egon naiteke Ordizian edo Beasainen, edo Zegaman, Ataunen, Legorretan edo dena delakoan. Horretaz aparte, online tutore izan naiz, hori jada Euskal Herri mailan. Beste aldetik, barnetegiak ere baditu AEK-k, eta ibili izan naiz barnetegi ibiltarietan. Ibiltariak mintzapraktikara lotuak dira, ez dago eskolarik, eta Euskal Herria zeharkatzen da oinez edo bizikletaz.
Oporraldi bat bezala planteatzen da?
Mintzapraktika egiteko bidea da, zeren azkenean leku ezberdinetara zoaz, herriz herri, eta herri horietan askotan afari bat edo bazkari bat bertakoekin egiten da. Orduan, aukera daukate lekuan lekuko euskalkietan jarduteko, eta eguneko 24 orduak euskaraz bizitzeko. Horrek areagotzen du bat-batekotasun horretan kontziente izatea; «hasi nintzenean justuan hitz egiten nuen eta orain 15 egun pasatu ditut eta kontziente naiz euskaraz bizi naitekeela». Barnetegiek aukera hori ematen dute.
Goiztiri AEK-ko zuzendari izan zinen. Nola gogoratzen dituzu garai haiek?
Bai, lau-bat urtez. Garai politak bezala gogoratzen ditut, eskualdea ezagutzeko bidea ematen dizulako. Irakasle modura barrutik ezagutzen duzu gehiago, beharra duen horretatik, eta zuzendaritzan zaudenean agian euskalgintza mailan, eskualdeak euskararekin duen harremana ikusteko.
Herri batetik bestera desberdintasunik nabari al da ikasleen profilean?
Behar berdinak ditu hemen Beasainen edo herri txikietan bizi den edonork. Arnasguneak ez dira berdinak, eta harremanak ez dira berdinak. Baina hurbiltzen direnen beharrak antzekoak direla uste dut.
Zein da AEK-ko ikasleen profila, gaur egun?
Asko titulazioaren atzetik dabiltzanak dira, lana dela-eta edo. Baina badira migratuentzako harrera ikastaroak direnak, gehienbat lanketa egiten delako, garrantzia eman zaiolako harrera horri nolabait esateko, eta nik uste herri txikietan gehienbat migratuek dutela aurpegi hori. Eta gero gurasoak. Horiek azpimarratuko nituzke.
Asko aldatu da profil hori lanean hasi zinenetik?
Gaur egun alfabetatzea apenas ematen da, garai hartan bai. Ni sartu nintzenean alfabetatzearen bukaerako arrastoak ziren. Egun, euskalduntzea ematen da. Nik euskaraz hitz egiten dut, baina ez dakit euskaraz idazten,edo irakurtzen dudanean zailtasunak ditut euskarazkoa ulertzen; hori da alfabetatzea, eta lehen gehiago ematen zen. Euskalduntzea jada euskara bera hizkuntza bezala ikastea da.
Bestalde, gurasoen beharrak lehen baziren, orain ere badira, jubilatuak izaten ziren eta horiek ere badira, eta aldaketa agian migratuena izan da. Bere garaian migratu espainolak izango ziren, eta orain migratu espainolaz gain globalizazioak ekarri dituen guztiak. Hor kulturartekotasuna sartuko litzateke.
Metodologia aldatu da?
Metodologia bera da. AEK-k hasieratik argi zuen erabili behar zen metodologia zela praktikoa, hau da, ikasten duguna erabiltzeko da. Ezagutzetik erabiltzera, eta normalizatu. Metodologia hori AEK-k berea du hasieratik, eta horrekin jarraitzen du.
Eta euskararekiko atxikimendua, aldatu da?
Bai. Garai haietan kakotx artean ‘militantzia’ izango litzateke, eta gaur egun beharrak dira lanerako. Maitasun kontuetarako beti izan da, edo zaintza edo dena delakorako. Baina behar horiek aldatu dira, bai.
UEMAk eta AEK-k ‘Ongi etorri euskarara’ ikastaroak jarri dituzte martxan, gurasoentzat. Ataungo taldearen irakasle zara.
Behar horiek ikusten ziren, eta horregatik eskolan ematearena. Umeak eskolan daudenean guraso horiek bertan euskara ikasteko aukera daukate. Horrek ziurtatzen du transmisio hori. Ikustea gurasoek egiten duten ahalegina eta seme-alabek ikustea beren gurasoak nola ari diren, nik uste hori oso eraikitzailea eta garrantzitsua dela.
Zein da AEKren erronka?
AEKren erronka da Euskal Herrian euskaraz eroso bizitzearen helburua. Hori da AEKren helburua.
Eta zein erronka ikusten dituzu helduen alfabetatze eta euskalduntzean gaur egun?
AEK-k aspalditik aldarrikatu izan du euskaraz eroso bizitzeko bideak jarri behar direla. Horretarako ikasleek beren denborak, ekonomia eta guztia jartzen dute. Hori dela-eta, AEK-k aspalditik aldarrikatu du doakotasuna. Euskara ikastearen doakotasuna. Hori negoziatu egin behar da, eta bultzatu egin behar da. Bideak jarri behar dira hori gauzatzeko. Eta ari da ematen, baina oraindik ere nik uste dut erronka handitu beharko litzatekeela.
Horrek erraztuko luke bidea?
Bai. Ez da ikasturte bateko kontua euskara ikastearena, ikas prozesua luzea da, denbora asko da, eta horrez gain ekonomikoki ukitzen baldin bada… Gaur egun gizartean dauden egoerak denetarikoak dira, eta denek eskubide berdina beharko lukete Euskal Herrian euskaraz eroso bizitzeko. Hori presente izanda, emango litzateke bidea bai ala bai. Doakotasuna behar da. Eroso bizitzeko aukera sortzen baldin bada, berak ekarriko luke euskalduntzea, normalizazio baten bidean. Behar dena da erronka hori.
Garai honetan lan askorekin ibiliko zara, Korrikarekin. Urduritasuna nabari duzu ala lan guztia egina dago?
Urduritasuna hasi naiz sentitzen, baina oraindik ez da iritsi gailurrera. Iritsiko da baina oraindik ez [elkarrizketa otsailaren 26an egin zen]. Batzordeak eratuta daude, lan piloa egiten ari dira. Momentu honetan, eskualdeko Korrika Kulturala nahiko itxuratua dago, eta oso oparoa da, aukera asko daudelako, kontzertu, antzerki… eta denetik dago. Alde horretatik lan handia egin da batzordeetan. Momentu honetan ibilbidearekin ari gara, lekuko hartze horiekin, hortxe kokatzen.
Larunbatean eta goiz partean pasatuko da Goierritik. Ordutegi ona.
Bai, oso-oso ona da, nik uste dut alde horretatik ederra dela. Egia da niri goiz edo gau izan, berdin didala, baina larunbata izatea ederra dela aitortu behar da.
Matrikulazioan eta finantzaketan nabaritzen da eragina Korrika urteetan?
Matrikulazioan ez dakit erantzuten; behar luke, baina ez dakit. Finantzaketari dagokionez, azkeneko urteetan negoziazio mahaiak bueltaka dabiltza, eta egia da azken negoziaketetan lortu zela finantzaketan areagotze bat, aitortza moduko bat. Diru-laguntza jasotzen du AEK-k administrazio publikotik, baina egia da AEK ez dela EAE bakarrik, AEK Euskal Herria da, eta horrek eragiten digu gure egunerokoan. Muga administratiboak nabaritzen dira, eta horrek eragiten du. Nafarroan bideak ematen ari dira, Iparraldean apenas, eta nik uste kontuan hartu beharko litzatekeen afera bat dela.
Martxoaren 28an pasatuko da Korrika Goierritik. Zer espero duzu? Lanean ariko zara edo gozatzeko aukera ere izango duzu?
Goierrik eskualde modura izugarrizko harrera egiten dio Korrikari aldiro, eta nahiko genuke aurtengo edizioa ere horrela izatea. Batzordeak lan egiten ari dira horretarako, eta ekarpena behintzat hortxe dago. Nik uste dut eguraldiak laguntzen badu ederragoa izango dela. Lanean arituko gara, Ezkion kotxean sartu eta Goierri osoa zeharkatuta Legorretan aterako gara. Egun hori lanerako izango da. ■
Nafarroako Erriberan familiarekin
Itzalak ageri dira, baina kuttuna du goiko argazkia Munduatek. Korrikari lotutako argazkia aukeratu du: «Nafarroako Erriberan da, familian Korrikaren zain egon ginenekoa». Kilometro zenbakia ageri da bidean markatua. Korrikaren oroitzapen ugari ditu, «txikitakoak, gurasoekin parte hartutakoak». Eta argazkirik ez badago ere, Ataundik Baionara joan zirenekoa oroitu eta kontatu du: «Akordatzen naiz seigarren edizioa Baionan bukatzen zela, eta Ataundik autobusa antolatu zen. Euria eta euria. Iparraldean ere ez dago aterpe handirik horrelakoetan, eta gogoan dut autobuseko txoferrak maletategietako ateak zabaldu zizkigula eta han sartuta bazkaritan egon ginela». Euskaltegian «oso gertutik» bizi izaten dute Korrika. Lanean aritu behar izanda ere, «emozioz» bizi du: «Lana ematen du, baina emozionalki badakigu denontzat Korrika zer den, eta horrek ere bere pisua du. Nolabait, egiten duzun lanaren aitortza moduko bat izango litzateke». Korrikan jendearen jarrera ikusteak «arnas indartze emozionala» eragiten dio: «Emozioa da hainbeste jende ikustea Korrikaren zain, irribarrea aurpegietan, saltoka, pozik, ilusionatuta. Hori guztia jaso eta sentitu egiten duzu».

