Gudaberria
Xegun Altolagirre • Gidoilaria eta sortzailea
Udaberriak toki gutxi hartu zuen albistegi eta egunkarietan. Gudaberriko tiro sikuek eta harrotutako lurraren usain sarkorrak ordezkatu zuten. Hala ere, krabelin gorriak lubakien artean ernaltzen hasi ziren; beldurti hasieran, bere kolore gorri argitsuaz lotsatuta bezala.
Ikerrek ikusi zituen burua parapetotik agertu zuen goiz batean. Hiruzpalau segundoz ahaztu egin zuen gerraren erdian zegoela. Haurtzaroko herriko soroak ekarri zizkion gogora, erleen burrunba, amaren ahotsa afaltzeko ordua zela gogorarazten sukaldeko leihotik.
Belarri ondotik igaro zitzaion bala baten txistu hotsak bueltatu zuen errealitatera.
–Argi ibili hadi! –esan zion Martinek irribarre nekatu batekin–. Hemen udaberriak ere akabatu zaitzake!
Baina Ikerrek ezin zion begiratzeari utzi. Goizero lore berri bat aurkitzen zuen suntsipenaren ertzean hazten. Izarrak balira bezala zenbatzen zituen. Hogeita bi, hogeita hiru, hogeita lau… numero jakin batera iristeak gerraren amaiera ekarriko balu bezala.
Arratsalde euritsu ilun batean ohikoa baino drone gehiago bistaratu zituzten. Bonba hotsak han eta hemen. Lurrak dardara egin zuen, zerua belztu, eta zaratotsa amaitu zenean, ezerk ez zuen zutik iraun. Martin ere ez zen gehiago altxatu.
Ilundu zenean, isilpean, Iker lubakitik irten zen. Inork ez zuen ikusi, edo inork ez zuen ikusi nahi izan, nork jakin. Lokatz artean eman zituen pausoak, hautsitako kaskoen artean, gorpu mugiezinen gainetik, krabelinek bizi jarraitzen zuten zabalgune batera iritsi arte, miraria lez gorri ilargiaren argipean.
Belaunikatu eta lurretik ateratzen hasi zen kontu handiz, banan bana. Ez birrintzeko, salbatzeko baizik. Erramu trakets bat osatu zuen lokatz eta odolez zikinduta.
Hurrengo goizean ofizialek ikuskatzea egin zutenean, Ikerren fusila topatu zuten zuhaitz zartatu baten ondoan tente, garbi. Metro batzuetara, baionetari lotuta eta lurrean iltzatuta, krabelin sorta zegoen.
Ikerren arrastorik ez.
Desertatu zuela zioenik izan zen. Gauean etsaiek harrapatu zutela ere entzun zen. Baina zurrumurru bat ere zabaldu zen. Frontetik haratago norbait ikusi zutela zelai eta basoetan zehar pauso motelean; uniformerik gabe, presarik gabe, etxera itzuliko balitz bezala.
Eta zioten, oina non jarri, han krabelin gorriak pizten zirela. Inork ez zuen berriro Ikerren berririk izan.
Baina gudaberri horretan norbaitek udaberriari bidea ireki zion. ■
