'Elkar-EKIN Lanean' programa indarberrituta dator
Martxan diren sukaldaritzako eta zaintzako formakuntzei, industria-sektoreari zuzendutako beste prestakuntza bat gehituko zaie aurten: Biltegilan. Ikasgune hizkuntza prestakuntza ere abian da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen departamentuaren (%85) eta Goierriko udalen (%15) babesa, finantzazioa eta konpromisoa duen Elkar-EKIN Lanean enplegu programa indarberrituta dator aurten. Iaztik martxan diren Sukaldatu eta Zaindu Goierri formakuntza eskaintzarekin jarraitzearekin bat, industria-sektorearekin zuzendutako Biltegilan: biltegiko jarduera osagarriak prestakuntza saio berria batuko zaie aurten. Horien guztien bateragarri, hizkuntza maila hobetzeko Ikasgune prestakuntza ere abian da.
Goierrin gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko estrategiaren barruan honakoak dira lankidetza sarea osatzen duten erakundeak: Goierriko Caritas, Gurutze Gorria, Sarea Fundazioa, Prospektiker, Ede Fundazioa, Goierri Eskola, Biok Zerbitzuak, eskualdeko gizarte langileen ordezkariak eta Goieki.
Urtarrilaren 21ean egin zuten 2026ko prestakuntzen aurkezpena Goiekin, eta bertaratze positiboa izan zen, Goierriko hainbat eragile eta erakundetako ordezkariak tartean. Topaketa hartan agerian geratu zen elkarlanaren balioa, eta nabarmendu zuten prestakuntza ez dela soilik ezagutza transmititzeko tresna bat, baizik eta pertsonen bizitzetan eraldaketa eragiteko bidea dela. 2026ko programak aukera berriak zabaldu ditu, jarraikortasuna eta berrikuntza uztartuz eta Goierriren garapen ekonomikoa eta soziala sustatzeko helburuz.
Aurkezpena apirilaren 14an
Prestakuntza-ibilbideak eduki teoriko sendoa izango du, eta praktikak Goierriko hainbat enpresatan egingo dituzte ikasleek, lan-ingurune errealarekin esperientzia zuzena eskura dezaten. «Prestakuntza ez da ikasgelan amaitzen, industriaren eguneroko errealitatean txertatzen da, partaideei ate berriak irekiz eta etorkizun profesional sendoa eraikitzen lagunduz».
Biltegilan prestakuntzaren aurkezpen ekitaldia apirilaren 14an izango da, 10:00etan, Goiekiren egoitzan. Programak eskaintzen dituen prestakuntza aukerak, ziurtagiri profesionalak eta lan-ingurune errealarekin duen lotura azalduko dituzte saio horretan. «Parte-hartzaileek, bai pertsonek, bai enpresek, programaren onurak zuzenean ezagutzeko aukera izango dute, eta zalantzak argitzeko tartea ere izango da».
Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman behar dute izena 943 16 18 31 telefono zenbakira deituta, edo WhatsApp bidez mezu bat bidalita.
Ikasgune, hizkuntza hobetzeko
Prestakuntza saio horien guztien osagarri, Ikasgune izeneko prestakuntza ere martxan da. Hizkuntzak garrantzi handia du laneratzeko eta gizarteratzeko prozesuetan, komunikazioa «funtsezko giltza» baita. «Programa honek aukera ematen die hizkuntza maila hobetu beharra daukaten ikasleei aipatutako ibilbideetan sartu aurretik beren gaitasun linguistikoak sendotzeko. Helburua argia da, ibilbideetan inor kanpoan ez geratzea eta pertsona guztiek aukera berdinak izatea».
Sukaldaritza eta zaintza
Iazko urtearen bukaeran abian jarritako beste bi prestakuntza ibilbideek jarraipena izango dute aurten ere. Sukaldaritza lantzen den Sukaldatu formakuntza saioan praktikak egiten ari dira partaideak Goierriko hainbat establezimendutan, sukalde profesionalen erritmoa eta diziplina bertatik bertara ezagututa. «Esperientzia horrek ikasitakoa benetako lan esparruan aplikatzeko aukera eman die, konfiantza eta gaitasuna sendotuta». Bukatutakoan balorazioa egingo dute, eta horren ondoren bigarren edizioaren programazioa jarriko dute martxan.
Mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa etxean emateko Zaindu Goierri ikastaroaren bigarren modulua ere martxan da, Etxez etxeko higienea eta osasun-laguntza izenekoa. Saio teorikoez gain, ikasleek irteerak egingo dituzte eta Ordiziako Udalak sustatzen duen Goazen Ordizia boluntariotza programan parte hartzeko aukera izango dute. Horren bidez, zaintzaren arloko «ezagutza teknikoa komunitatearekiko konpromiso sozialarekin» uztartzen dute partaideek. ■
Biltegietan lan egiteko prestakuntza
Aurtengo programako berrikuntza nagusia Biltegilan izeneko prestakuntza ibilbidea da. Industria sektoreak dituen beharrei aurre egiteko eta egoera zaurgarrian dauden pertsonei industrian laneratzeko aukerak zabaltzeko sortu dute. Lehen mailako ziurtagiri profesionala lortzeko prestakuntza bat izango da, eta Sutargi enpresarekin eta Goierri Valley enpresa-sarearekin batera diseinatu eta garatuko da, eskualdeak dituen benetako beharrak eta parte-hartzaileen aukerak aztertuta.
Goiekiko zuzendari Iker Galparsorok adierazi duenez, gaur egun «pertsonal gabezia nabarmena» da enpresa eta sektore askotan, eta esku artean dituzten datuen arabera «datozen urteetan okerrera» egingo du. «Langabezian dauden pertsonen profil profesionalak kasu gehienetan ez datoz bat enpresek eskatzen dutenarekin, eta horrexegatik ikusi dugu beharrezko Biltegilan bezalako prestakuntza ibilbideak abian jartzea».
Langabezian dauden pertsonei zuzendutako prestakuntza bat da, eta batez ere honako profila dutenentzat: lan-baimena (NIE) duten pertsonentzat, industria sektorean lan egiteko interesa duten pertsonentzat, ikasteko motibazioa eta konpromisoa duten pertsonentzat, eta talde lanean eta ingurune praktiko batean ikasteko prest daudenentzat.

