Goi(h)erriartekoa
Antton Fernandez Lasa • Bertsozalea
Uztailean hasi ziren Gipuzkoako herriarteko bertso txapelketa antolatzen, lurraldea zortzi zatitan banatuta; lehen faseko eskualdeetako bat, Goierri. Emakume eta genero disidenteentzako trebatze saioak antolatzeko saiakera egin da, eta osasun arreta bila Zumarragaratzen zaretenek eta euskara bila Goierriratu izan garenok topo egin dugu Gipuzkoako herriartekoko Goierriko fasean.
Hiru kantari, eta gaijartzaile eta epaile banako zortzi taldek parte hartu dugu gurean: Legorretako taldea (Ordizia eta Beasaingo kantariek ere osatua), Legazpikoa (Asier Iriondo Goiberri-ko superzutabegilea showman), Oriako tramanak (Aiestaran ahizpak gehi aurten 17 urteko beteko dituen Duna emankorra kantuan), Gabiriako Osinalde elkartearen bueltako bi talde (olaberritarra eta segurarra ere bai horietako batean), Zumarragaren izenean Xelebrek eta Urretxu-Zumarragako bertso eskolaren baitan zozketak erabakitako beste bi multzo aritu gara.
Kanporako zein barrurako helburuak bete ditu Goierriko faseak: lehen aldiz gai ematen aritutakoak, hasierako agur eroak, udazkenean Euskal Herriko txapelketan arituko diren goierritarrak bertsozale xumeokin umil… Kanporaketetako parekotasunari Lazkaoko Biziolan jokatutako finalekoak jarraitu zion. Sukaldariek bazkaritarako paella ederra prestatu zuten, eta ostean Alaitz Sarasola altzagarraren 1646 sorta kantatzeko parada izan genuen, Zaldibian pekatuan bizi zirelako kartzelan sartu zituzten 10 emakumeri buruzkoa.
Youtubeko Aranburu bideoak kanalean zein Goierri Telebistan dituzue finalekoak ikusgai. Gipuzkoako herriartekoa ez da guztiz bukatu, baina, eta apirilaren 17an Zaldibian jokatuko da final-laurdenetako bat, Goierriko eta Tolosaldeko ordezkariak tartean. ■
