Intxaur saltsa
Osagaiak
Lau lagunentzat
- 500 ml esne
- 500 ml esne gain
- 150 gr azukre
- Kanela adar bat
- Gatza
- 150 gr zuritutako intxaur
Prestaketa
Kazola batean esnea, esne-gaina, kanela eta gatz pittin bat nahastu. Su eztian 10 minutuz eduki emultsionatu arte, eta kanela kendu. Intxaurren likore pixka bat ere gehitu daiteke.
Beste alde batetik, intxaurrak azukrearekin xehatu, esne eta esne-gainari gehitu eta sutan eduki ordu erdiz, erantsi ez dadin, eragiteari utzi gabe.
Ondoren pausatzen utzi, eta beroan nahiz hotzean jan daiteke.
Aurkezpena
Behin epeldu denean, katilu batzuetan banatu. Gainetik intxaur puska batzuekin eta kanela hautsarekin apain daiteke. ■
Arantxa Agirrezabala • Kattalin erretegia
Arantxa Agirrezabala eta Juan Manuel Garmendia senar-emazteek 1990. urtean ireki zuten Kattalin jatetxe-erretegia Beasaingo Katea auzoan. Gaur egun, bertan jarraitzen du Agirrezabalek, senarrarekin hasi zuen bide beretik.
Hasieratik betiko sukaldaritzaren aldeko apustua egin zuten. Kattalin jatetxearen oinarrian kalitatezko produktua egon da beti, garaikoa eta gertukoa. Agirrezabalak oinarri horri eusten dio.
Bera bihurtu da parrillako espezialista, txuletaz gain haragi zein arrain preziatuenak bere puntuan prestatzeko.
Kattalin jatetxean menu desberdinak daude dastagai: babarrunarena, sagardotegikoa, txangurroarena, nahiz taldeentzat prestatutako hainbat menu berezi.

