Langilerik gabeko kutxan
Igor Susaeta • Kazetaria
Larritu egin nintzen GoiBerri irakur dezakeen ezagun batek ikusi ninduenean. Ekintza hura egiten ari nintzenean buruan neukan jada zutabe honetan larrutzea Eroskin langilerik gabeko kutxetan ordaintzen dutenak, eta han ari nintzen ni, horietako batean produktu bat, bat eta bakar bat, txartelarekin ordaintzen, irekita zegoen langiledun kutxa bakarreko ilaran hamaika produkturekin zain zegoen morroi bakarrak ez zidalako entzun —edo ez zidalako entzun nahi izan—, galdetu nionean ea, mesedez eta arren, utziko zidan pasatzen eta aldean neraman dena delako hori kutxako langileari eskura ematen kobra ziezadan, neure buruarekin bakean geratze aldera.
Oraindik ere arnasa hartzeko gai bazarete, zutabea irakurtzen jarrai dezakezue.
Neure ni zazpikienaren eta ultra-kapitalistenaren larruan jarri, eta kalkulu azkar bat eginda pentsatu nuen gutxienez hamar minutu pasatuko zirela Eroskiko langileak produktu guztiak kobratu eta kasurik egin ez zidan bihozgabeak denak bildu eta alde egin arte. Zuk ni ez, baina nik badakit zu nor zaren… Orduan, eraginkorra izan nahian, neure kabuz ordaintzea erabaki nuen; gainera, etxean sutan utzi nituen babarrun batzuk, eta ahalik eta azkarren itzuli behar nuen… Ez, gezurra.
Johan Cruyffek zera esaten zuen: «Esan zein erdilari dituzun, eta nola jokatzen duzun esango dizut». Ez nuke manikeismoan erori nahi, eta ez dut uste langilerik gabekoan ordaintzen duena kontzientziarik gabeko subjektu bat denik; erlatibismoaren xenda hartzea ere ez zait bada egokiena iruditzen…
Hori bai, gaia mahaira ekarrita bazkari batean bi lagunek esan zidatena bi ardo trago jo gabe irenstea ia ezinezkoa egin zitzaidan. Ez arduratzeko; ez dela lanposturik galtzen, eta motz samarra izanez gero langilerik gabeko kutxan kateatzen bazara, beti etorriko zaizula langile bat laguntzera. Hori batetik. Eta bestetik, baietz, agian lanpostu horiek desagertu egin daitezkeela, baina horien ordez «balio erantsia [sic]» eman dezaketen beste batzuk sor daitezkeela. Norentzat? Noren kaltetan? ■
