Lehen Agirrezabalmendi, orain Lierni
Mutiloan, Lierniko ermitatik gertu, bada lau etxez osatutako etxe multzo bat, garai batean izena ere bazuena, gaur galdua: Agirrezabal. Ez hori bakarrik, XX. mendearen hasieran, gaur egungo Lierni auzoa Agirrezabalmendi izenez ezagutzen zen.
XVII. eta XVIII. mendeetan sortutako agiriei begiratuz, izen hauekin azaltzen zaizkigu auzune horretako etxe eta baserriak: Aguirrezabal de suso (goikoa), Aguirrezabal de yuso (behekoa), Aguirrezabal de medio, Aguirreçaval la mayor… Kontua da oso goiz bestelako izenez ere ezagutzen hasi zirela eta jatorrizko izena galdu egin zutela. Beste hauek indarra hartu zuten: Dotoretegi (1692. urtetik aurrera gutxienez), Etxenagusia (1727tik aurrera gutxienez), Maiztertegi (1775etik aurrera gutxienez) eta Berbategi (1806tik aurrera gutxienez). Hala ere, auzoaren izenak eutsi zion denbora batez Agirrezabali, baina hori ere azkenean erori eta Lierni izenaz ordezkatu zen.
Mapetatik ezkutatu bada ere, Mutiloako Agirrezabal auzunea hortxe dago eta, jakina, hori izango da Agirrezabal abizena duten herritar askoren arbasoen jatorria.
Abizenekin arazoa dugu, ordea: abizen berberak Euskal Herriko bizigune askotan izan dezake jatorria. Agirrezabal abizenarekin oso garbi ikusten da.
Agirre eta Agirrezabal, beti auzo
Goierritik aldendu gabe, lau lekutan topa ditzakegu Agirrezabal izeneko etxaldeak: Beasainen, Ezkion, Legazpin eta Mutiloan, gutxienez. Ez da hain erraza izango, hortaz, jatorria asmatzea. Agirrezabal izeneko biziguneak ugariak badira, zer esanik ez Agirre izenekoak. Goierriko herri guztietan daukagu Agirreren bat, bakarren batean desagertuta egon badaiteke ere, baina guztietan dago arrastoren bat. Hitz berezi bilakatu aurretik hitz arrunt gisa oso erabilia izan behar zuen seinale.
Bada, konturatu gara Goierrin Agirrezabal izeneko biziguneetatik gertu Agirre izenekoak daudela edo egon direla. Liernitik Ormaiztegi aldera, Andramaribaso goenean, hortxe daukagu Mutiloako Agirrezabal biziguneari tokatzen zaion Agirre baserria, oso gertu. Ezkion, berriz, Agirrezabal eta Agirreaundi izeneko baserriak elkarren ondoan daude Ekera auzoan. Beasainen ere, Loinatz auzoan, Agirre baserria eta Agirrezabal baserri desagertua dauzkagu elkarren ondoan. Legazpin, azkenik, Agirrezabal eta Agirre ez daude hain gertu, baina bai haran berean. Dena dela, gogoan eduki behar da baserrien izenek ez dutela ezinbestean lotura zuzena eduki behar kokatuta dagoen lekuarekin.
Adierari begira, amaitzeko, ez dakigu oraindik ziur zer egon litekeen ez ‘agirre’, ez eta ‘zabal’ hitzen atzean, bigarren terminoak gardena badirudi ere, baina kokaguneak (eta bestelako datuak) aztertuta, iruditzen zait egunen batean aurrera egin dezakegula ariketa zail horretan. ■
