«Gehien gozatu dudana Saharako jendearen esker ona izan da»
Euskal Herriko hezetasunetik Saharako basamortuko bero sapara egin zuen jauzia Asier Etxeberriak (Ordizia, 2000) otsailean, Saharako Maratoia korritzeko asmoz. Aitor Garmendia itsasondoarrarekin batera ezagutu zuen esperientzia. 42 kilometroak osatzea bera balentria handia bada ere, biek lortu zuten podiumean tokia: Garmendiak irabazi zuen maratoia, eta Etxeberriak hirugarren egin zuen. Ordiziara itzulita, Etxeberriak emozioz gogoratudu bizi izan zuten esperientzia gogoangarria.
Noiz eta nola piztu zitzaizun lasterketa hori egiteko gogoa?
Gogoan dut Aitor [Garmendia] eta biok oporretara joan ginen batean atera zela gaia. Biok geneukan Saharako Maratoiaren berri, eta gehiegi pentsatu gabe izena ematea erabaki genuen.
Saharako basamortuan korrika egiteak ba al dauka zerikusirik hemen egitearekin?
Ez, guztiz desberdina da hemengo asfaltoan edo mendian korrika egitea eta hango harean egitea.
Nola prestatu zarete?
Egia esan, ez dugu prestakuntza berezirik egin hango baldintzetara egokitzeko. Ni, adibidez, denboraldi batean saunara joaten aritu naiz, baina uste dut nire burua apur bat lasaitzeko izan dela, beste ezer baino gehiago.
42 kilometro, erraz esaten den distantzia da, baina egitera pauso handia dago.
Bai, horrela da. Gainera, nire lehenengo maratoia izan da eta urduri xamar nengoen. Hala ere, uste baino hobeto erantzun zidan gorputzak eta azken kilometroak gogorrak egin zitzaizkidan arren, ondo amaitzea lortu nuen.
Maratoia korrika egiteaz gain, hango errealitatea ere ezagutzeko aukera izan duzue?
Bai, Tindufeko errefuxiatuen kanpaleku batean egon ginen, hango familia baten etxean. Haima batean egiten genuen lo eta bertako errealitatea ezagutzeko aukera izan genuen.
Ekintza desberdinak ere egiteko aukera izan duzue.
Bai, hori da. Saharako Maratoiko antolakuntzakoek aste horretarako ekintza desberdinak antolatu ohi dituzte. Horien artean, ospitale batera eta museo batera eraman gintuzten. Horrez gain, Saharako Ilargi Erdia erakundeak egiten duen giza-laguntza ezagutzeko aukera ere izan genuen.
Nolakoa izan da bertakoen harrera?
Izugarri ona izan da, besoak zabalik hartu gaituzte. Esperientzia honetatik gehien gozatu dudana jendearen esker ona izan da. Gure etxean bezala egon gara.
Eta gogorrena zer izan da?
Aitorrek eta biok bagenekien errefuxiatuen kanpaleku batera gindoazela eta errealitate hori ikustea gogorra izango zela, baina hara iritsi arte ez genekien zer aurkituko genuen. Han oso baldintza gogorretan bizi dira, guk hemen dauzkagun oinarrizko erosotasunak ez dauzkate, eta hori ikustea ez da erraza.
Zerbait azpimarratu nahiko zenuke?
Mundu guztia animatu nahi nuke Sahararen egoeraren inguruan kontzientzia hartzera. Momentu honetan nahiko arazo eta gatazka daude munduan, baina ezin dugu albo batera utzi Sahara duela 50 urtetik jasaten ari den zapalkuntza. Bestalde, guk egin dugun esperientzia bizitzera ere animatu nahiko nuke jendea. ■

