‘Ko-rri-ka!’
Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Ikastetxe bateko patiora ematen du gure etxeko balkoiak. Leihoa zabalik dagoenetan, jolasean dabiltzan umeen hotsak, kantuak eta garrasiak iristen dira gure sukaldeko paretetara. Batzuetan, balkoira atera eta begira-begira egoteko gogoa ematen du; beste batzuetan, leihoa itxita edukitzekoa.
Udaberria iristen denean, polenarekin batera iristen dira sukaldera ume alteratuen ahots alteratuak; baita leihoa itxita edukita ere. Garrasiak saltoka joaten dira gora eta gora. Zerura jaurtitako baloiak bezala hegaldatzen dira kantu ikasi berriak. Ze jolasetan ari diren igar daiteke, ozendutako komentarioen arabera. Momentu dibertigarriak sortzen dira gosaltzen ari garenon artean: «entzun duzu?» galdetzen diogu elkarri, eta irribarre txiki bat egiten dugu ohartu gabe, gailetak kafetan birrintzen doazen bitartean.
Lehengo batean, ordubete inguru pasatu nuen egitekoetan kontzentratu ezinda. Gaztetxoenen iskanbila pixka bat isiltzen zen batzuetan, eta bat-batean, ahots agudo-agudo batek botatzen zuen: «Ko-rri-ka!». Eta lagunek atzetik: «Arranoaren hegaldia, lumadi berriaz…». Eder-ederra iruditu zitzaidan nola difuminatzen ziren ahotsak pixkanaka, letrak nola jarraitzen zuen ez zekitenean; nola abiatzen ziren berriro beti puntu berberetik, norbaitek hiru silabak fuerte ahoskatzen zituen bakoitzean. Eder-ederra bezain nekagarri-nekagarria iruditu zitzaidan. Grazia egin zidan; eta ilusioa, Korrikak tripetan hor nonbait sortzen duen ilusio zera hori.
Iritsi zen Korrika Bilbora eta itzali ziren zuzeneko emisioak. Orain, urratsak ezkutuxeagoan egitea dagokigu; leihoak zabaltzea eta ahotsa ozentzea kantuak isiltzen hasten direnean, hor nonbait baten batek aditu ditzan gure ahots beti-alteratuak, euskaraz eta euskararen alde garrasika. ■
