Komentuen etorkizun ziurgabea
Bokazio erlijiosoen faltak kinka larrian jarri ditu komentuak. Komunitate batera fraide edo moja berriak ez badira iristen, beste batekin fusionatzea eta ateak ixtea da askotan irtenbidea. Goierrin lau daude oraindik.
Komentuak ixten ari dira. Bokazio faltak eraginda, ez dago fraideentzako eta mojentzako erreleborik. Gizartea asko aldatu da, eta gaur egun erlijioarena ez da oso aukera erakargarria. Komunitate erlijiosoak zahartzen doaz, eta arazoak dituzte ekonomikoki sostengatzeko, eta kasu askotan balio historiko handia duten monasterioak mantentzeko.
Joera orokorra da, klausura kongregazioekin gertatzen da, baita ordena irekiagoekin ere. Espainiar estatutan azken hamarkadan, hilean komentu bat ixten da gutxi gora-behera.
Goierrin ere ixten ari dira, pixkanaka. Itxi zituzten azkenak Segurako moja kontzepzionista frantziskotarrena, eta Urretxuko Pagoetako aita pasiotarrena izan dira. Orain, lau bakarrik geratzen dira zabalik. Horietako bi Lazkaon daude, herri erdi-erdian, beneditar fraideen monasterioa da bat, eta zistertar mojen Santa Ana monasterioa bestea, biak klausurakoak. Idiazabalen, Zubialde etxean, Gapeko Probidentzia mojen komentua dago, eta Zumarragan, Karitateko Mesedetako mojen komentua.
Komentu bakoitzak bere izaera eta antolaketa propioak ditu, baina guztiek bizi dute antzeko errealitatea. Fraideen eta mojen adina gora doa, eta geroz eta gutxiago geratzen dira. Epe luzeari begiratu ordez, gertuagoko etorkizuna dute kezka iturri.
Lazkaoko komentuan, bost fraide
Lazkaoko komentuko berri Secundino Artoletak eta Juan Luis Plazaolak eman dute. Ekonomoa eta priorea dira, hurrenez hurren, nafarra eta 93 urtekoa lehena, eta azpeitiarra eta 80 urtekoa bigarrena. Biek Lazkaon abiatu zuten fraide bizitza. Artoleta bertan geratu zen, eta Plazaola Estibalitzeko komentura joan zen; 2023an itzuli zen.
Komentuan fraide gehiago daude: 84 urteko Emiliano Ozaeta, 88 urteko Rufino Mujika, eta 96 urtera doan Juan Joxe Agirre, artxiboko zuzendaria. Etxetik kanpo bizi den Dionisio Amundarain ere komunitatekoa da. Denak dira euskaldunak. Kontenplazioko fraideak dira, klausurakoak, baina «ez da lehen bezala», orain dena irekiago dago.
Beneditarren leloa ‘Ora et labora’ da, errezatu eta lan egin; «eta horixe izan da gure bizitza», diote. Etxea berritzeko lan gehienak etxekoek egin zituzten. Oilategia izan zuten, 18.000 oilorekin garai batean, eta arrautzak saltzen zituzten kanpora. Behiak eta txerriak ere bazituzten, etxerako. Inprenta bat ere bai: «Nahiko publikazio egin ditugu hemen, euskararekin zerikusia zutenak gehienak, eta liturgiari buruzko asko ere bai». Gainera, oinarrizko batxilergoko mutilen eskola izan zuten, baita barnetegia ere, 1940ko hamarkadan irekitakoa. Artoleta eta Plazaola bertan ibilitakoak dira. «Kolegio mistoa zen, baina alde batetik bokazionalak edo fraidegaiak zeuden, eta, bestetik, ikasle hutsak».
Horiek izan dira komentuko diru-iturri nagusiak, eta orain, «administrazio onari esker», ekonomia ondo dute.
Ekonomia ez da kezka, beraz, baina komentua bizirik mantentzeko behar den fraide kopurua, bai. «Eskola 1966 inguruan bukatu zen, eta fraideak geratu ginen bakarrik, 40 inguru. Gerora, kopurua jaisten joan da».
Ez da fraide berririk iritsi aspaldian, ez dago bokaziorik. «Orokorra da, baina batez ere Euskal Herrian gertatzen da, Espainiako beste toki batzuetan ez bezala. Andaluzian 120 seminarista daude, eta Gipuzkoan ez dago batere, Bizkaian ere ez, Araban bat edo beste…». Lazkaoko komentura iritsi diren azkenak Estibalitzekoak dira, Plazaola bera bezala: «Zortzi-bederatzi izaten ginen, baina hiru bakarrik geratu ginenean Lazkaora etorri ginen».
Bokaziorik ez badago, ez dator erreleborik. «Bokazio berrietarako giro oso hotza dago hemen, eta kristau bizitzarako ere bai», diote bi fraideek atsekabetuta.
Eta erreleborik ez bada iristen, zer gertatuko da Lazkaoko komentuarekin? «Gure asmoa da, ahal bada, gure bizitza hemen bukatzea». Eta gero? Eraikina ez da fraideena, Almudena de Arteaga Infanterriko dukesarena baizik. Beti izan da dukerri horren jabegokoa, eta erabilera kontratu bidez dute araututa. Fraiderik gabe geratzen denean, dukesaren eskuetara igaroko litzateke zuzenean; «nahiko problema beretzat!».
Izan ere, komentua oso eraikin handia da. Artxiboa, eliza eta fraideen etxea eta lehengo ostatua hartzen dituen eremua ditu, logela eta areto ugarirekin. Lursail zati handi bat ere badu.
Komentuaren amaiera iritsi bitartean, fraideek bertan jarraituko dute. Kanpoko laguntza daukate, une honetan sukaldaria eta garbitzailea baitituzte egunerokorako. Eta segituko dute, beti bezala, herrirako lanean. Ikastolaren alde lan asko egindakoak dira, eta gaur egun Lazkaoko parrokian, hiletak kenduta, mezarik ez dagoenez, komentuko elizan eurek ematen dute igandekoa. Mojen komentuan ere ematen dute meza, egunero.
Lazkaoko mojak, erreleborik gabe
San Bernardo ordenako zistertar mojak dira Lazkako Santa Ana monasteriokoak, klausurakoak. Fraideek eta Goierriko beste mojek ez bezala, abitua janzten dute, zuri-beltza, eta beloa buruan. Candida Saratxaga da abadesa, eta duela 32 urte Mexikotik iritsitako Soledad Palomino priorea. Bada beste mexikar bat ere, eta gainerakoak euskaldunak dira, Olaberriko moja bat tartean. 11 dira guztira; zaharrenak 98 urte ditu, eta gazteenak 57. «Gehienak adinduak dira, hori da gure errealitatea», Soledad Palominok [ahizpa Soledad komentukideentzat] dioenez.
Komentu honetako mojek lan egiten dute, adinagatik ez lehen bezainbeste. Diru sarreretako bat ostatua da. «Ostatu monastiko bat da, eta gorde nahi dugu bere esentzia. Etortzen denari errespetua eskatzen diogu. Batzuk lanera, edo barnetegira euskara ikastera etorritakoak dira, baina erretiroa egitera edo gogo jardunetara ere etortzen dira, emakumeak bereziki. Horiei aukera ematen diegu gure monasterioko ordutegira eta gure errezoetara elkartzeko, baita gurekin bazkaltzeko ere, nahi badute».
Koadernaketa zerbitzua da beste diru-iturri bat. Enpresa pribatuentzako eta udalentzako lan egiten dute, baina geroz eta gutxiago. «Lana badator, baina lanbide hori menperatzen duten mojak adinean gora doaz, eta ezin dute ia lanik egin. Ia ezinean dabiltza».
Josketa tailerra ere bazuten, baina duela urte batzuk itxi zuten. «Arropa-muestrarioak egiten genituen. Patroiak ekartzen zituzten, eta hemen josi ondoren, entregatzen genituen, moda erakusketa edo desfileetarako». Baratzea ere badute; orain Caritaseko boluntarioek daramate, eta migratzaileekin lan egin dute, batez ere, han.
Baina moja horien egiteko nagusia errezoa da. Bizitza kontenplatiboa daramate, eta egunean hainbat une dituzte errezoetarako: matutiak, laudeak, tertziak, irakurketarako ‘lectio divina’ orduak, mezak eta konpletak. Eta horien guztien artean, ostatuko eta koadernaketa lanez gain, etxeko lanak, garbiketak, eta gaixorik dauden mojen zainketa. «Lanik ez da falta!», dio Soledad ahizpak. Trukean ez dute soldatarik jasotzen; «dirua komunitatearena da, guztiona da».
Klausurakoak izan arren, ez dituzte lehengo arau zorrotzak jarraitzen, eta badute aukera komentutik irteteko, premia dutenean. Herriarekin ere badute harremana. Mezak, adibidez, herritar guztiei daude irekita, «nahiz eta ez den jende asko etortzen». Astotxo Egunean ere herritarrekin egoteko aukera izaten dute. Hain zuzen, komentu horretan du jatorria festak, eta egun horretan bisitari ugari sartzen da elizara Egiptoko Ihesa irudikatzen duten figurak ikustera, eta ostatuan olatak saltzen dituzte parrokiko boluntarioek. Mojek, bitartean, salda banatzen dute, komentuko atarian. «Lan askoko eguna da, baina oso polita guretzat».
Lazkaoko mojak aurrera doaz adinean, eta erreleborik ez da sartzen komentuan. Hala ere, «beti dugu itxaropen txiki bat». Bokazio faltaren ondorioz, etorkizuna ez dute oso argia. «Baina gure kongregazioan aukera daukagu monasterioak fusionatzeko, eta monasterio batean 3-4 moja bakarrik geratzen badira, fusio batean pentsatzen hasi behar da».
Soledad Palominok dioenez ez da beren kasua oraindik, «baina ez dago urruti, inor berririk sartzen ez bada». Mojek Lazkaotik alde egin beharko balute eta monasterioa hutsik geratu, eraikina saltzeko aukera izango lukete, haien jabetzakoa baita.
Zumarragakoa, obretan
Baikorragoak dirudite Zumarragako mojek, Antiorako bidegurutzean duten komentua eraberritzen ari baitira. Karitateko Mesedetako mojak dira, eta herrian ibilbide luzea egin dute, hezkuntza eta osasun arloetan bereziki. Gaur egun 14 moja dira, Mari Jose Etxaniz ahizpak jakinarazi duenez, «gazteenak 76 urte ditu, eta zaharrenak 98; badaude gehiago ere 90 urtetik gorakoak». Euskaldunak dira gehienak.
Etxea konpontzen ari dira, baina ez moja berriak iritsiko diren itxaropena dutelako, baizik eta nobiziatuaren eraikina egoera txarrean zegoelako. Obra handia egiten ari dira, eta prestatzen ari diren gelak eta aretoak egokiagoak izango dira mojen adinerako.
Zumarragakoek ere barneratuta dute bokaziorik ez dagoela. «Guk nahiko genuke moja berriak eta gazteagoak etortzea, baina ez dugu uste gertatuko denik». Horregatik, kezkatzen hasita zeuden komentuaren etorkizunarekin, baina etxea konpondu behar zutela jakitean, «itxaropena» piztu zitzaien, bertan jarraituko dutelako. Telleriak azaldu duenez, «garai batean kongregazioko etxe probintzialetako bat izan zen hau, bertan zegoen erabakigunea». Orain Madrilen hartzen dituzte erabakiak, eta dirudienez, etxearen jarraipenaren aldeko apustua egin dute. Obrak amaitutakoan, prest egongo dira kongregazioko beste mojak hartzeko.
Mesedetako mojak 1910ean iritsi ziren Zumarragara, behartsuen erietxe baten kargu egitera. Bost urtera, eraikin haren ondoan beste bat egin zuten, kongregazioaren nobiziatu izateko helburuz. 1977ra arte egon zen zabalik, eta ehunka eta ehunka nobizia edo mojagai igaro ziren bertatik.
Nobiziatua izateaz gain, behartsuen etxeko lanekin jarraitu zuten, eta gero Faustino Orbegozo Zaharren Egoitzan ere lan egin zuten, 2008an itxi zen arte. Herriko haurren hezkuntzaz ere arduratu ziren, 1966 eta 1983 artean zabalik izan zuten eskolan.
Mesedetako komentuak, bestalde, badu altxor txiki bat: eliza. 1930ean eraikia, ezkontza ugariren lekuko izan da. Obrak hasi zirenetik itxita dago.
Idiazabalen, momentuz 26
Idiazabalgo Zubialde etxeko komentuan 26 Gapeko Probidentzia moja daude. Kongregazioaren Espainiako egoitza da, eta Blanca Garcia estatu osoko probintziala edo arduradun nagusia bertan bizi da.
Lehen ia estatu osoan zituzten komentuak, baina gaur egun Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Idiazabalen bakarrik daude. Izan ere, duela urte batzuk «bokazio faltagatik eta gazterik ez zelako etortzen», asko murriztu ziren. «Gure batez besteko adina altua da, eta gure adinduek behar dituzten zaintzak errazteko, elkartzen joan gara».
Frantziako Gap herrian sortu zen kongregazioa duela 240 urte, eta Idiazabalera 1904an iritsi ziren. Zubialde erosi, eta bertan sortu zuten mojek Espainiako etxe nagusia. «Beti izan da kongregazioaren erreferentzia, eta nobiziatua. Hemen formatu ginen denak moja izateko. Nobiziotza gure formazioaren lehen etapa da, bi urtekoa. Gero behin-behineko botoak egiten dira, eta urte batzuetara, betierekoak». 150 moja izatera iritsi ziren, «baina urte asko dira ez dela inor etorri», ezta atzerritarrik ere, beste kongregazio batzuetan bezala. «Jendeak ez daki zer galtzen duen! Gure bizitzeko moduak pertsona gisa osorik errealizatzeko aukera ematen du, eta on asko egiteko ere bai».
Idiazabalgo 26 mojetatik, adineko batzuk etxean bertan duten erizaindegian daude, eta kanpoan kontratatuta duten zaintza jasotzen dute. Aktibo 13-14 moja daude, eta gazteenak 70 urtetik gora ditu. Goierrikoak dira batzuk, euskaldun gehiago badira, eta Espainiako hainbat tokitakoak ere badaude. Aspalditik ez dute abiturik jantzi ohi, «baina kaleko arroparekin ere nabaritzen da erlijiosoak garela», diote.
Osasun arlora eta hezkuntzara dedikatu izan dira beti, eta irakasle edo erizain izateko unibertsitate-ikasketak egin zituzten. Idiazabalen «Parbularioa» izan zuten, eta gaurko udaletxearen eraikinean zegoen herriko eskolan ere lan egin zuten, neskekin eta mutilekin. Osasun arloan era jardun zuten, «baserrietako jendearekin batez ere». Josten eta brodatzen ere lan egindakoak dira, eta tailer bat izan zuten, «neskei josten erakusteko». Baratzea ere bazuten etxe atzealdean, orain lorategi bihurtuta duten arren.
Izan ere, adinagatik, mojek ez dute lanik egiten orain, etxeko lan txikiak kenduta. «Lehen guk egiten genuen guztia, baina orain erizain laguntzaileak ditugu, sukaldari bat, garbitzaile bat… Etxea oso handia da».
Jabetzan dute etxe hori, eta kongregazioa amaitzen denean zer gertatuko den ez dakite. Herriarentzako zerbitzu bat ematea nahiko lukete, bereziki premia dutenen aldeko zerbitzua.
Bitartean, elizan mezekin jarraituko dute, ostegunetan 19:00etan eta igandeetan 10:00etan. ■
Seguran eta Urretxun duela gutxi itxi dituzte komentuak
Segurako komentua 2022ko martxoan hustu zen, azkeneko hiru mojak ordena bereko Azpeitiko komentura joan zirenean. Ordutik, hutsik dago, erabilera erabakitzeko zain, baina elizan mezak ematen dituzte oraindik. Klausurako mojak ziren, kontzepzionista frantziskotarrak.
Urretxuko azken hiru pasiotar fraideak 2021eko ekainean joan ziren Pagoetako komentutik. Komunitatea 1935ean sortu zuten, Gabiriako komentua txiki geratutakoan. 1951n Teologia eskola ireki zuten, eta 50 ikasle eta 20 fraide izatera iritsi zen. Lourdesko Amari eskainitako eliza ere eraiki zuten, 1953an. Teologia eskola 1968an itxi zuten, eta hutsik geratutako lokalak ikastolari eman zizkioten. Komentua eta eliza izandakoak udalari saldu zizkioten, eta babestutako etxebizitzak, Aspaceren Eguneko Zentroa eta kultura erabilerarako areto izango dira.




