Lozorrotik terrazara
Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Udaberriko lehen eguzki izpiak iristean, benetan aztertzekoa den fenomeno natural bat gertatzen da gure ekosisteman.
Kondairak dio, negua lozorroan pasa ondoren, polenaren usainak berpizten dituela. Egia dena da, zuhaitzak berriz loratzen hastearekin batera irteten direla euren gotorlekuetatik. Beraz, ez harritu berriz ere gure artean ikusten badituzu.
Ez. Ez dira hegazti migratzaileak, lekuz aldatzen badira ere; ez dira landare estazionarioak, eguzpiean egotea gustatzen bazaie ere. Euskaldunon furgoneta kanperizatu, karabana eta autokarabanak dira.
Garaje eta hirietako bazterretan hilabete hotzak igaro ostean, pixkanaka mugitzen hasten dira. Ateak zabaltzen dituzte parez pare, deposituak betetzera joaten dira gertuen duten biltegira, eta antzinako dei bati segika bezala irteten dira gure errepideetara. Eta haien barrenetan, gizakia. Euskaldunaren udaberriko migrazioa da.
Helmugak ez dituzte ausaz aukeratzen. Ondo definitutako ibilbideak jarraitzen dituzte lehen irteeretan. Frantziako kostaldera egiten dute batzuk; mendenaldera beste batzuk, Cantabria eta Asturias ingurura. Lurralde ezezagunetan egon arren, ohikoa da bertan euren arteko deiadarrak entzutea: ‘Epa’, ‘apa’, ‘Aupa!’, ‘Iep’, ‘Honbreee’.
Gune horien inguruko terrazetan izaten duten portaera ere harrigarria da. Hasieran, kideak mahai ezberdinetan banatzen dira, sakabanatuta. Segituan ordea hasten dira zelatan. Eta lehen seinaleak ageri dira. Kamixeta ezagun bat, euskalki konkretu bat edo airera botatako erreferentzia geografikoren bat nahikoa izaten dute elkarren arteko ferekekin hasteko.
– Beasaingoa al zea ba?
– Bai.
– Ba nik han egiten dut lan.
– Ez duzu ba ezagutuko hau?
– Honbreee
Minutu gutxiren buruan, lehen banatuta ziren mahaiak, sare interkonektatu batean bihurtzen dituzte. Zeren modu batera edo bestera, denek dute ezagun bat; edo ezagun baten ezagun bat. Espezie honek bakarrik egiten duen errituala da hauxe.
Aste Santua izaten da fenomeno honen momentu gorena. Errepideak lehertzear, itsasertzeko aparkaleku guztiak goraino beteta, eta terrazetako sozializazioa bor-borrean. Euskaldunak bere ohiturak berreskuratzen ditu: goizeko paseoa, aperitibo amaigabea, eta eguraldiaren araberako siestatxoa, arratsaldeko poteoa baino lehen.
Horrela, urtero errepikatzen den ziklo baten aurrean gaude. Eta kanpotik kaotikoa dirudien fenomenoa bada ere, tradizioaren, eguraldiaren eta sozializatzeko beharraren arteko oreka perfektu batean oinarritzen den funtzionamendua jarraitzen dute. ■
