«Realak Erreginaren Kopa irabazi zuen eguna berezia izan zen»
Magisteritza karrerako laugarren urtean dago Ireber Arotzena Aranburu (Mutiloa, 2004). Futbola betidanik gustatu izan zaio, eta duela hiru urte arte jokatu ere egiten zuen. Momentu honetan irakaskuntzako praktikak egiten ari da ikastetxe batean, Gasteizen. Aldi berean, bi haurri klase partikularrak ere ematen dizkie. Gradu amaierako lana aurten egingo du, eta zentratua dabil horretan. Unibertsitateko ikasketak amaitzen buru-belarri badabil ere, lagunekin egoteko denbora ere aurkitzen du, haiekin denbora pasatzea gustuko baitu.
Zer zaletasun dituzu?
Betidanik nire zaletasun nagusia futbola izan da, baina badira 3 urte kirol horretan jokatzeari utzi niola. Beraz, gaur egun zaletasun handiena lagunekin kalera atera eta zerbait hartzea dela esango nuke.
Zein talde gustatzen zaizu?
Realekoa naiz. Orain futbola asko jarraitzen ez badut ere, bere garaian niretzat oso garrantzitsua izan zen [Espainiako] Erreginaren Kopa irabazi zuen taldea. Nahikari Garcia eta horien belaunaldia nire erreferenteak izan dira.
Pelikula edo telesail bat.
Castle.
Musika talde edo abesti bat.
Ganibet.
Liburu bat.
Irakurtzeko ohitura handirik ez badut ere Eztizen Artolaren Gurpilak esango nuke.
Oporretarako leku bat.
Zuriza.
Zer gosaltzen duzu?
Kafesnea.
Kolore bat.
Urdina.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Bi egun etortzen zaizkit burura. Bat, Realak kopa irabazi zuen eguna da, eta bestea, futbolean azken partida jokatu nuen eguna.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Ez dakit, egia esan.
Amets bat.
Lasai bizitzea, ez dut ezer gehiago behar.
Bizitzako plazer txiki bat.
Lagun artean txipiroi txiki batzuk jatea, kalimotxo edo marianito batekin lagunduta, egun eguzkitsu batean.
Goierriko txoko bat.
Mutiloako presa.
Mutiloan biziko ez bazina…
Lazkaon biziko nintzateke. ■

