«Realeko denboraldi guztiak bereziak izaten ari dira»
Alazne Estensorok (Lazkao, 2006) eta Realak akordioa lortu dute kontratua 2028ra arte luzatzeko. 2021ean iritsi zen Zubietara, hirugarren futbol taldean jokatzeko. Harrezkero, atezain lazkaotarrak etengabe egin du aurrera harrobiko maila guztietan: bigarren taldetik igaro, haren igoeran protagonista izan, eta lehen taldera iritsi arte. Denboraldi honetan egin du debuta F Ligan. Lazkaoko kirol elkartean egin zituen aurreneko urratsak, baina nesken taldea egonkortzeko aukera ikusi zenean, Goierri Gorrin hasi zen. Futbolari estuki lotuta igaro izan du bizitza osoa Alazne Estensorok, baina txiki-txikitatik izandako ametsa betetzea lortu zuen orain bospasei urte, Realera iritsi zenean. Esperientzia baliotsua pilatu du dagoeneko atezainak, baina aurrera begira ere ikasten jarraitzeko gogoz dago, eta etorkizun oparoa du aurretik.
Zer sentitu duzu Realarekin beste bi urterako konpromisoa sinatuta?
Ilusioa, ikaragarria. Bizitzako taldea izan da niretzat Reala. Oso gertu sentitu izan dut beti, eta bi urte gehiagorako bertan jarraitzeko aukera bermatuta izatea oso berezia da niretzat eta nire familia guztiarentzat. Etxean jarraituko dut beste bi urtez.
2021ean iritsi zinen Zubietara.
Bai, hirugarren taldea sortu berritan. Sekulako aukera izan zen. Hirugarren taldea sortu zuten gu ere Realaren parte izateko, eta sekulako poza jaso nuen aurrenekoz deitu nindutenean. Aurretik ere jokatu nituen zenbait txapelketa maila ezberdinetan, baina 2021ean jaso nuen aurreneko dei ofiziala. Oparia izan zen niretzat; ilusio handiarekin hartu nuen aukera hura, eta, ordutik, Realean daramatzadan denboraldi guztiak oso bereziak izaten ari dira.
Denbora gutxian hirugarren taldetik lehenengora igarotzea lortu duzu. Espero al zenuen?
Ez gara etorkizunarekin tematzen. Eguneroko lanean oinarritzen gara, horrek eramaten baitzaitu haztera. Prozesu azkarra izan da nirea, baina etapa ezberdinak bizitzeko aukera ere izan dudala kontsideratzen dut. Pausoz pauso joan naiz mailaz igotzen, eta gutxika-gutxika pilatutako esperientzia horrek eragin du gaur-gaurkoz lehenengo mailan eroso sentitzea.
Bigarren taldearen igoeran ere parte hartu zenuen.
Polita izan zen, taldea ere berezia zelako. Helburu bakarra genuen hasieratik: ligan lider geratzea eta mailaz salto egitea. Denboraldi polita izan zen, toki ezberdinetan jokatzeko eta lehiatzeko aukera izan baikenuen. Pare bat urtetan lortu ezindako helburua lortu genuen, eta gerora ere jarraikortasuna eman genion bideari, 2. RFEF txapelketara igarota. Espainia guztian bidaiatzeko aukera izan genuen. Berezia izan zen.
Baina Realaren aurretik, Goierri Gorrin ibili zinen. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Goierri Gorri sortu aurretik ere ibili nintzen futbolean; mutilekin aritzen nintzen, Lazkao Kirol Elkartean. Urtebetez aritu nintzen, nesken taldea sortu zuten arte. Goierriko herri eta adin askotako neska ugarirekin sortu zuten aurrenekoz emakumeen taldea, eta horren ondotik etorri zen Goierri Gorri ere. Infantil mailan hasi nintzen bertan, eta kadete mailatik zein Euskal Ligatik igarota iritsi nintzen Realera.
Goierri Gorriren garaiko oroitzapen mordo bat ditut. Herriko lagunekin eta ondoko herrietako ezagunekin jokatzeko aukera izan nuen. Etxeko gertutasun horrek ere erosotasuna dakar, eta horrek esperientzia politak pilatzea ahalbidetzen du. Belaunaldi gazteagoen erreferente izatea ere ahalbidetu zigun Goierri Gorrik. Bidea zabaldu genien, eta aurreneko momentutik izan dute neskekin batera jokatzeko aukera eskura. Lan handia egin du Goierri Gorrik.
Zer ikasi duzu Realean zaudenetik?
Realean gauza asko erakusten dituzte, futbolaz aparte. Metodologia argia da, eta txiki-txikitatik transmititzen digute. Futbolari eta pertsona gisa izan behar ditugun balioen garrantzia azpimarratzen da, eguneroko lana, elkartasuna eta talde lana. Oso esanguratsua da, eta horren guztiaren isla da lehenengo taldean Realaren harrobitik atera diren hainbeste jokalari egotea.
Denetik bizi izan duzu azken urteotan; lesio bat ere gainditu behar izan duzu bidean.
Momentu gogorrean harrapatu ninduen. Denboraldi amaiera zen, 2024ko apirilaren 28a, eta hasiera batean lur jota geratu nintzen. Oso gaizki pasatu nuen, baina behin operazioa pasatuta, animatzen joan nintzen. Prozesua luzea izango dela dakizun arren, garrantzitsua da etapa guztiak lasaitasun batekin bizitzea. Belauneko lesioak zailak izaten dira, eta prozesua bera luzea eta gogorra da, baina futbolak ematen dituen beste alderdi hautetatik ere sendoago ateratzeko aukera ematen du.
Sendoago, futbolari zein pertsona gisa?
Bai, noski. Orain perspektibarekin begiratuta, esperientzia baliogarria izan da niretzat. Taldea bere erritmoan doa aurrera, eta zu, berriz, zure erritmoan. Fisikoki gogorra da, baina zailena mentalki sendo egotea izaten da. Egia da prozesuak heldutasuna ematen dizula; gauza txikiak baloratzen dira, eguneroko hobekuntza txikiak.
Postu berezia da atezainarena. Sentitzen al duzu aparteko presiorik?
Zuk esan duzun bezala, oso posizio berezia da, bai. Denetan bereziena, agian. Azkenak gara beti, gola salbatu behar dugunak. Baina guk ere, gainontzeko postu guztietakoek bezala, gure ardura dugu taldearen barruan. Kontziente gara eta badakigu gure akats batek zer ekar dezakeen, baina lasaitasunetik jokatzen ahalegintzen gara, konfiantza horrek eramaten baikaitu atezainok futbolean ondo jokatzera.
Talde-giro atsegina izatea beharrezkoa izango da bide horretan. Nola deskribatuko zenuke lehenengo taldean dagoen giroa?
Giro zoragarria dago aurten. Denboraldi hasieran ikusi zen urte polita egingo genuela, eta horrela izaten ari da. Eguneroko lan ona daukagu eta lehiakortasuna altu mantentzea ahalbidetzen du horrek. Harremanak ere oso onak izaten ari dira. Azkenean, futbolariak baino lehenago pertsonak gara, eta ezinbestekoa da hori.
Futbolaren esparrutan, ezer berezirik espero al duzu aurrerantzean?
Gaztea naiz, eta ikasten jarraitzea da nire asmoa, ahal dela Realean. Taldean badaude esperientzia handiko jokalariak, eta beraiengandik ikasten jarraitu nahi dut, bai futbolaz eta baita kanpoko esperientziez ere. Oraindik asko daukat ikasteko, eta nire ingurua baliatu nahi dut bide horretan aurrera pausoak emateko. ■
