Urolako Trenean, geltoki bakoitzak estilo bereizia
Gauza askorengatik zen berezia Urolako Trena. Otsailean bete zen irekieraren urteurrena, eta haren izaera lotzailea, herritarren atseginekoa, antigoaleko xarma eta itxiera garratza nabarmendu ziren orduan, oroz gain. Baina 1920ko hamarkadako arkitekturaren eta estetikaren ispilu ere izan zen. Gaur egun oraindik zutik dago ondarearen zati bat. Zubi gehienak eraitsi edo desitxuratu baldin bazituzten ere, Urolaren Trenaren geltokiek denboraren bidaian aurrera jarraitzen dute.
Diseinu eta estilo propioa dauka geltoki bakoitzak. Trenbidean zehar, Zumarragatik Zumaiara bitarte guztira 16 geltoki zeuzkan Urolako Trenak. Horietako hiru Goierrin kokatuak zeuden: Zumarragakoa, Urretxukoa eta Aginagakoa. Herri nagusiei zerbitzua emateaz gain, auzoak, baserri guneak eta zerbitzu establezimendu handiak ere hornitzen zituen Trenak, bidaiarientzat erraztasuna eta erosotasuna bermatuta.
Aizpurutxo, Olotzaga, Azkoitia, San Joan bainuetxea, Loiola eta Azpeitia ziren hurrengo geltokiak. Handik kostaldera bidean, azkenik, Lasao, Zestoako bainuetxea, Zestoa, Iraeta, Arroa, Zumaiako lotunea eta Zumaia. 36,6 kilometro luzeko ibilbidean, 16 geltoki edo geraleku: 2,3 kilometroko bat da hori, batez beste. Urolaren bailarako benetako Metroa. 29 tunel zulatu eta 20 zubi altxatu behar izan zituzten, lerroa lotzeko.
Geltoki berdinik ez
Asko bakarrik ez, askotarikoak ere baziren geltokiak. Denak desberdinak ziren. Ramon Kortazar Urruzola arkitekto donostiarrak (1867-1945) diseinatu zituen guztiak. Gipuzkoako Diputazioaren arkitektoa zen, aita Antonio bezala, eta haren eraikin ugari diseinatu zituen: aurrezki kutxa probintzialak, Fraisoroko umezurztegia… eta Urolako Trenaren geltokiak, Diputazioaren jabetzakoa eta eskuduntzakoa baitzen trenbidea. Joera modernistakoa, Europan barrena ibilia, hormigoi armatua erabiltzen aitzindaria izan zen.
Gaur egun, geltoki forman geratu den ondarea egoera desberdinetan beha daiteke. Eraberrituta daude batzuk, Urretxukoa (gaztetxea), Azkoitikoa (udal liburutegia), Azpeitikoa (Trenaren Museoaren egoitza) edo Lasaokoa (museoko bapore-trenaren geltokia), esate baterako. Zumarragakoa 2026 bukaerarako berrituko dute, gizarte zerbitzuetarako erabiltzeko.
Kultura arloan, otsailean Juan Carlos Sanz urretxuarrak Urretxuko Udalari dohaintzan eman zion Urolako Trenaren 12 geltokiren lamina-bilduma bat –argazkian–. Zuri-beltzean eta erliebean margotuak, Urretxuko Irratizale Elkarteak editatu zituen, bere garaian. ■

