«Noizbait Euskal Selekzioarekin jokatzea amesten dut»
Etenik gabe dabil azkenaldian Ander Garmendia pilotari lazkaotarra (2001). Otsailean San Frantziskon (AEB) izan zen, Euskal Etxearen 44. urteurrena ospatzeko, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzarekin batera. Martxoan, berriz, bigarren postua eskuratu zuen Euskal Herriko afizionatu mailako pilota txapelketan. Hemendik aurrera, hobetzen jarraitzea du helburu nagusitzat.
San Frantziskon izan zara. Zer dela eta?
Urtero euskal festa egiten da hiri horretan, otsaileko bigarren asteburuan, eta ekitaldi desberdinak egiten dituzte: dantza emanaldiak, pilota partidak… Euskal Herritik eskuzko lau pilotari gizonezko eta zestako bi emakumezko joaten dira urtero. Mutiletako biak iazko Euskal Herriko txapeldunak izaten dira eta beste biak Euskal Federazioko rankingeko klasifikazioan postu gorenean daudenak. Ni ranking horren bidez sartu naiz.
Maila ona erakutsi duzun seinale da orduan, ezta?
Bai, hala da. Hala ere, ni Unax Landa pilotari oiartzuarraren ordez joan naiz. Profesionaletara pasa dute, eta rankingean ni nintzenez hurrengo pilotaria, eta aukera hori eskaini zidaten.
Nolakoa izan da esperientzia?
Hamar eguneko bidaia gogoangarria izan da. Zazpi egunetan San Frantziskon egon ginen, eta bi partida jokatu genituen. Beste bi egunetan, berriz, Las Vegasera joateko aprobetxatu genuen.
Euskal Herriko pilota txapelketan bigarren postua eskuratu berri duzu, martxoan.
Bai, sailkapenak herrialdeetako ligetatik datoz, hau da, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako sailkapenen araberakoa izaten da. Zortzi talde sartzen dira Euskal Herriko txapelketan, eta horietako bat izan da Lazkao.
Prestakuntza berezirik egin al duzu txapelketa horretarako?
Asteko entrenamenduak mantendu ditut, baina ez dut bestelako ezer berezirik egin. Astean bizpahiru saio frontoian egiten ditugu, eta beste bizpahiru saiotan fisikoa lantzen dugu.
Erreferenterik ba al duzu pilotaren munduan?
Bai, betidanik Beñat Rezusta izan da nire erreferente nagusienetako bat. Atzelaria eta ezkerra da, ni bezala, eta esango nuke profesionaletan dagoen horrelako profil bakarra dela. Bestalde, familian ere baditut hainbat erreferente.
Zein, esaterako?
Nire lehengusu Beñat Garmendia, adibidez, profesionaletan aritu zen. Txikitatik bere ibilbidea jarraitu dut, eta niretzako motibazio-iturri handia izan da.
Pilotarekiko zaletasuna, beraz, familiatik datorkizu?
Bai, guztiz. Kirol hau ikusiz hazi eta hezi naiz. Ni, berriz, 6 urte ingururekin hasi nintzen entrenatzen.
Ba al duzu betetzea gustatuko litzaizukeen ametsik?
Ez dut erraza ikusten, baina noizbait Euskal Selekzioarekin jokatzea amesten dut.
Zein dira zure bestelako zaletasunak?
Orokorrean, kirola egitea eta ikustea gogoko ditut. Horrez gain, familiarekin eta lagunekin egotea ikaragarri disfrutatzen dut.
Nolakoa izango litzateke zure egun ideal bat?
Bikotearekin edo lagunekin plan bat egingo nuke. Hala ere, lasai egoteko egun bat izatea ere geroz eta gehiago baloratzen dut. ■

