Ikastola, pregoia egitetik afariak zerbitzatzera
Urte berezia du aurtengoa Lazkaoko Ikastolak. Kilometroak antolatzen eta garatzen ari da, 2026. urtean zehar. Urriaren 4ko azken festaren aurretik, ordea, hilabetero ari dira ekitaldiak egiten. Horien artean berezienetakoa Lazkaoko jaietako pregoilari izatearena du. Apirilaren 24an, festak hasteko txupina Lazkaoko Ikastolak botako du, herritarrek bozketan hala erabakita. Udaletxeko balkoian jasoko dute jaien hasierako oihala, baita herritarren aitortza ere.
Lazkaoko ikastetxe bakarra da, aspalditik. «Lazkaoko haur belaunaldien hezkuntzarekin eta euskararen sustapen eta transmisioarekin 60 urte baino gehiagoko konpromisoaren aitortza» egingo dio Lazkaoko herriak, txupinazoa botatzeko ohorea emanda. «Ikastola udalerriko pertsona askoren historiaren parte da», aitortu du udalak.
Datorren ostiralean, 18:30ean da txupinazoa. Zazpi eguneko festa-egitaraua etorriko da ondoren, ohiko egun-banaketa eta egiturak mantenduta: mozorrotzeko eguna apirilaren 25a larunbata; San Prudentzio zaindari eguna 28 asteartea, eta kuadrillen eguna 30 osteguna. Maiatzaren 1ean bukatuko dira jaiak. Ohi bezala, Lazkaomendiko festek jarraituko diete, maiatzaren 2an lehenik, eta maiatzaren 8tik 10era mardulena hurrena.
Afariak ere bai
Txupinazoa botatzekoa bakarrik ez, ehunka lazkaotarri eta bisitariri afariak emateko lana ere hartuko du Lazkaoko Ikastolak, beste urte batez. San Prudentzio eskola-eraikineko jolastoki estalian jarriko dute, ohi bezala, festetako jantokia. Apirilaren 24an, 25ean, 28an, 29an eta 30ean afariak emango dituzte han. Ikastolaren jardueretarako diru iturria izatea da jantokiaren helburua, eta gurasoek eta irakasleek lan eginez aterako dute aurrera.
Gainerakoan, Lazkaoko elkarte, talde, erakunde eta norbanako askoren emaitza izango dira aurtengo festak ere. Egitarauaren antolaketan –eta urtean zeharreko beste ekitaldienetan– herriko 46 taldek parte hartu dute. Programaren azaleko eta kartel nagusiko irudia lehiaketa bidez aukeratu du udalak, aurten ere. Lexuri Vazquez da egilea. Lazkaoko «kultura eta tradizioa» irudikatu ditu kartelean, bi antzara elkarri begira margotuta, txapela eta zapia buruan, txaleko eta korpinoa soinean, eta herriko zapi horia lepoan dituztela. Aurten, lehenbiziko aldiz, balkoietan zintzilikatzeko festa-bandera bereziak atera ditu udalak. ■

