«Urola elkarri laguntzeko toki bat bezala ikusten dut»
Lorea Narraspek (Ezkio, 2002) 200 partida jokatu ditu Urola futbol taldearekin. Emakumezkoen lehen taldearekin partida gehien jokatu dituen jokalaria da. Urolaren talde guztietan jokatu du, eta Euskal Ligako talde baten eskaintza jaso zuen arren, etxean jarraitzea erabaki zuen. Bertako giroa eta egindako lagunak azpimarratu ditu.
Zer ikasketa egin dituzu?
Duela bi urte Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua amaitu nuen eta iaz kirol kudeaketako master bat egin nuen. Athlon enpresan lan egiten dut, Eskola Kiroleko koordinatzaile bezala. Ormaiztegi aldean aritzen naiz. Etxetik gertu lan egiten dut eta gustura nabil.
Nolatan zara kirolzalea? Betidanik?
Bai, txikitatik gustatzen zait kirola. Kirol gehienak gustatzen zaizkit. Eskola kirolean kirol guztietan gustura aritzen nintzen. Gaur egun, tarteka, mendira joatea gustatzen zait.
Zure kirol kuttuna futbola da.
Hala da. Ez dakit nondik datorkidan zaletasuna. Gurasoak ez dira oso futbolzaleak izan. Aitak futbola ikusteko ohitura badu, baina sekula ez du jokatu. Ni txikitatik futbolean aritu naiz, ordea, anai-arrebekin eta lehengusuekin. Bi anai-arreba ditut: ahizpa zaharragoa eta anaia gazteagoa.
Anai-arrebekin eta lehengusuekin jokatzen zenuela esan duzu. Zein izan zen hurrengo pausoa?
Urolaren futbol eskolara jo nuen. Nire adineko neskarik ez zegoenez, mutilekin jokatzen nuen. Ohituta nengoen, eskolan jolas orduan ere futbolean jokatzen bainuen mutilekin. Gustura ibiltzen nintzen. Seguran nire adinekoen futbol taldea sortu zuten, baina Urretxu-Zumarraga Ikastolara joaten nintzen eta lagunak bertan nituen. Itxarotea erabaki nuen. Haur mailan jokatu nuen lehenengoz neska talde batean, Urolan.
Zurekin hasitako norbait gelditzen al da?
Lehenengo kapitaina: Mirene Garmendia.
Egun Ingalaterrako ligan jokatzen duen Elene Leterekin jokatu al zenuen?
Bai. Bera ere haur mailako talde hartan hasi zen. Garai hartan aurrelaria zen. Atezainak falta zirenez, atezain jarri zen. Orain profesionala da.
Zuk profesionaletan jokatzeko aukerarik ez duzu izan oraindik, baina bai Euskal Ligako talde batekin fitxatzekoa bai.
Euskal Ligako talde baten proposamena eduki nuen, baina argi eduki dut beti zein den nire tokia. Ez nuen zalantzarik izan. Argi dut hemen baino hobeto ez naizela inon egongo. Mailaz igotzea baino gehiago, beste gauza batzuk baloratzen ditut.
Euskal Ligako zein talderen eskaintza jaso zenuen?
Hernani taldearen eskaintza.
Elene Lete aurrelari bezala hasi zen eta egun atezaina da. Zuk ere postu ezberdinetan jokatu al duzu urte hauetan guztietan?
Hasieran, denok bezala, postu ezberdinetan jokatu nuen: aurrelari, hegaleko… Baina erdilari bezala jokatu dut gehien. Pibote bezala ere jokatu izan dut, baina azken urteetan erdi puntako jokatu dut.
Nolako jokalaria zara?
Lehiakorra naiz. Baloiarekin nahiko lasaia. Zelai barruan nahiko erretxina naiz. Taldearekin eta jokoarekin konpromisoa dut. Taldekideen bertsio onena ateratzen saiatzen naiz eta beti laguntzeko prest izaten naiz.
Zein da gehien gustatzen zaizun jokalaria?
Betidanik Bartzelona taldearen jarraitzailea izan naiz, eta nire jokalari kuttuna Messi izan da. Gaur egun Pedri gustatzen zait.
Eta emakumezkoen artean?
Alexia eta Aitana.
Urola uzteko eskaintza izan zenuen, baina uko egin zenion. Zer da Urola zuretzat?
Eman didan jendearekin gelditzen naiz. Oso erlazio estuak egin ditut. Gaur egun ditudan harreman onenetarikoak Urolak eman dizkit. Txikitan futbola eta Urola lehiatzeko toki bezala ikusten nituen, baina lagun kuadrilla bat sortu dugu. Orain, lagun kuadrilla horrekin lehiatzea eta gozatzea da nire helburua. Urola elkarri laguntzeko toki bat bezala ikusten dut.
Zein da Urolan ikusi duzun jokalari onena?
Maila handiko jokalariekin jokatzeko aukera izan dut. Zortea izan dut. Talde onenetan jokatzeko aukera izan duten jokalariak. Eibarren eta Realean, adibidez. Lehen esan bezala, Elene Leterekin jokatzeko aukera ere izan nuen. Eta gaur egun gure taldean maila handiko jokalariak daude. Horiek ere beste talde batzuen eskaintzak izan dituzte eta Urolan gelditzea erabaki dute. Hori dela eta, zaila egiten zait jokalari batekin gelditzea.
Umetan hasi zinen. Entrenatzaile asko izan al dituzu?
Futbol eskolan hainbat entrenatzaile izan nituen. Nesken taldeetan hasi nintzenean, Mikel eta Sandra izan ziren nire lehen entrenatzaileak. Asko ikasi nuen beraiekin. Oso esperientzia politak bizi izan genituen eta oso oroitzapen onak ditut. Kadete mailan Markel eta Jon izan ziren gure entrenatzaileak. Garai horretako oroitzapenak ere oso onak dira. Lehen taldeari dagokionez, lehen urteetan Aitor eta Josebarekin aritu nintzen. Azken urte hauetan, berriz, Aitor eta Juanlurekin. Asko diet eskertzeko, urte asko eman baititut beraiekin. Bai jokalari eta bai pertsona bezala, hazten lagundu didate. Bereziki Aitorrek. Nesken entrenatzailea izan da beti eta asko bultzatu du nesken futbola. Ematen ari diren aurrerapausoak berari esker ere badira.
Emakumezkoen futbolak aurrerapauso asko eman ditu zu hasi zinenetik. Hasi zinenean Urolak ez zuen haurrentzako talderik, adibidez. Ordutik, talde guztietatik pasa zara eta lehen taldea inoiz baino hobeto dabil.
Urte hauetan guztietan denetik bizi izan dut. Duela urte batzuk taldea aurrera ateratzeko zailtasunak izan genituen. Aurten egoera ezberdin bat bizi izan dugu. Gehiegi ginen, eta batzuk kanpoan gelditu ziren. Emakumezkoen futbola indarra hartzen ari da, eta batzuetan gustukoak ez diren erabakiak hartu behar dira. Erabaki horiek ondo etortzen dira gora egiteko eta aurrerapausoak emateko.
Nola ikusten duzu taldea? Egunen batean Euskal Ligara igoko zaretela uste al duzu?
Hori da nire helburua edo ametsa: talde honekin Euskal Ligara igotzea. Aurten aldaketa izan da eta trantsizio urtea dela uste dut. Lehen postuetan ibili ginen, baina azken jardunaldietan ez ditugu espero genituen emaitzak lortu. Seigarren postuan gaude [elkarrizketa martxoaren 26an egina da]. Datorren urtean goiko postuetarako borrokatzeko moduan egongo garela uste dut. Hemendik urte batzuetara helburua lortzeko aukera izango dugula uste dut.
Futbolean luzaroan jarraitzeko asmoa al duzu?
Oraingoz ez dut futbola uzteko asmorik. Orain arte lesioek errespetatu egin naute. Ahal dudan bitartean eta futbolaz gozatzen jarraitzen dudan bitartean, segitzeko intentzioa dut.
Nola ikusten duzu emakumezkoen futbola? Zu hasi zinenetik aurrerapauso asko eman dira. Zer falta da?
Aurrerapauso handiak eman dira, baina gizonezkoen futbolarekin alderatzen badugu, ezberdintasun asko daude. Gizonezkoek afizio gehiago izaten dute eta neskek, adin batetik aurrera, beste gauza batzuei lehentasuna ematen diete. Ikasketei, adibidez. Hori dela eta, esan bezala, urteren batean arazoak izan ditugu taldea osatzeko. Baina aurrerapausoak ematen ari gara. Poliki-poliki bideratzen ari gara.
Urola Kirol Elkartean zainduak sentitzen al zarete?
Urolan beti gustura egon naiz, bai zuzendaritzarekin eta bai entrenatzaileekin. Gure lekua eman digute beti.
Zer esango zenieke futbolean hasi berri diren neskei?
Bideaz goza dezatela. Futbolean, kirola egiteaz gain, pertsona asko ezagutzen dira. Futbolak erlazio estuak egiteko aukera ematen du. Zalantzan dauden neska horiek futbolean jokatzera animatu nahi nituzke. Hemen denentzako tokia dago eta esperientzia polit askoak biziko dituzte. Ez dezatela zalantzarik izan eta aurrera egin dezatela. ■

